Antton Izagirre

Ezkertiarrak omen

Gipuzkoako Foru Aldundiak, egin berri duen inkestaren emaitzetan oinarrituta, herrialdeko biztanleen erdiek pasatxok beren burua ezkertiartzat dutela eman du aditzera. Uste hori bat dator hauteskundeetan hautatzen ditugun alderdien emaitzekin alderatzen baldin badugu, baina kontzeptualki ezkertiar izate hori ez da objetiboki baloratu den zerbait, besterik gabe, galdekatutakoen iritzi subjektiboari eginiko argazki hutsa baino.

Badira, erabileraren poderioz oinarrizko zentzua galdu eta etiketa huts bilakatu ditugun kontzeptuak. Demokrazia kontzeptuarekin gertatzen den bezala, ezkertiarra izatea praktika formaletara mugatzen dugu kasurik gehienetan, eta galdeketak ere formalismo horri erantzuten diolakoan nago.

Ezkerrekoa izateak, ohiko posizio politikoetatik harago, harreman estuak ditu edo izan beharko lituzke eguneroko hartu-emanetan sortzen zaizkigun galderei ematen diegun erantzunekin. Zein adierazle erabiltzen ditugu gure ezkertiar izaerari neurria jartzen diogunean? Fidagarriak ote gara bertso librean erantzuten dugunean?

Ikustekoa litzateke, ezkertiar-eskuindar eskalaren baitan, zer gertatuko litzatekeen neurtuko bagenitu lan banaketaz, generoaz, ekologiaz, klima larrialdiaz, berdintasunaz, feminismoaz, soldata arrakalaz, migrazioaz, prostituzioaz, sexu askatasunaz, maitasunaz... ditugun usteak, jarrerak eta praktikak.

Esperientziak esaten dit sarri ez datozela bat, galdeketari ematen dizkiogun “politikoki zuzenak” diren erantzunak eta distantzia motzean, pribatuan, desinhibituta, eremu informaletan ditugun ikuspegiak. Gizarte aldaketarako garrantzitsuak dira egiten ditugun hautu politikoak, baina balio erantsia dutenak gertuko eremuetan hartzen ditugunak dira, eta horiek ez dira galdeketen bidez neurtzen. •