Miren Azkarate Badiola

Gabonen zirimola

Badatoz Gabonak, batzuk poz-pozik eta beste batzuk pasatzea desiratzen. Ni bigarren talde horretakoa naiz, ez ditut inoiz gustuko izan; ez, umetan ere ez! Urteak aurrera joan ahala, gainera, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkidala esango nuke, seguruenik kontzienteago naizelako egun horietan gertatzen denaz: kontsumismo basatiaz. Erosi, erosi, erosi… izan opariak, izan jatekoak eta edatekoak, izan gutiziak... erosteagatik bada edozer, izugarria!

Hipokrisia da egun hauetan barra-barra dagoen beste zerbait. Urte osoan zehar ikusi nahi ez dituzun senide horiekin bazkaldu eta afaldu beharra, zergatik eta Gabonak direlako. Edo kalean jendearen artean dagoen poztasun faltsu hori, denak lagunak eta zoriontsu izango bagina bezala. Ez al tristea?

Beno, eta Gabonetako Top 10! Olentzero! Hiru Errege Magoak oso espainol geratzen zirenez eta Aita Noel oso yankia, pertsonaia euskaldun bat sortzen dugu eta orain, berdintasunaren izenean, ondoan emakume bat jarri, baina beste guztiak ordezkatzen duen guztia berregiten dugu. Hau guztia, nola ez, kristautasuna barruraino sartuta; Belenen jaio den haurraren antzerki edo errepresentazioak nonahi, abestiak etengabe…

Pentsatzen nuen ni ama izaterako hau guztia aldatuta izango genuela, baina urruti geratu zait ametsa, gure belaunaldiak zeozer aldatu badu ere, barru-barruraino sartuak baikaude Gabonen zirimolan. •