Amaia Nausia Pimoulier

Heriotza

Hainbat terapeutaren eta gaian adituak direnen arabera, bi urte irauten du izaki maitatu baten galeraren doluak. Bi urte horietan fase ezberdinetatik pasa behar omen da, edo pasatzen da nahitaez: ukazioa, negoziazioa, amorrua eta, azkenik, onarpena. Ez dakit hori egia den eta bakoitzak horrelako egoera batean sentitzen duen mina neurtu daitekeen, baina egia da gure aita galdu genuenetik, 2017ko urri hartan okerrena gertatuko zenaren berri izan genuenetik, fase askotarikoak bizi izan ditugula nire familiako kide bakoitzak. Onarpenera baino, etsipena sentitzera iritsi naizela uste dut, edo, beste modu batean esanda, nire ondoan ez egotera ohitu naizela uste dut. Zorabioa eta sufrimendua joan dira, baina mina geratzen da. Sufrimendua, mina askatzeko ezina, gaizki sentitzearen betebeharra, erruarekin lotu izan dut askotan. Hobekixeago sentitzen nintzen egunetan nire aitari huts egiten niola sentitzen nuen eta berriro itzultzen nintzen zulora. Orain ohartu naiz sufrimendu hori ez zela batere sakona, dagoena onartu eta aurrera jarraitzeko ezintasuna baino ez da sufrimendua. Mina, aldiz, askoz sakonagoa da, eta bere gogortasunean hazteko eta aurrera jarraitzeko aukera ematen du.

Asteazkenean bi urte bete ziren aitak azken hasperena bota zuenetik. Minak batzuetan nostalgiari uzten dio lekua, irribarreari ere bai aitaren istorioren bat burura datorkidanean. Eta, gauza guztien gainetik berari eta bere izateko moduari esker ona. Inguruan ere mina oso gertutik ezagutzen duten lagunak ditut noski, eta, besteen min istorioak ezagutzen ditudalako, eskertzen diot ere behar bezala agurtzeko eman zidan aukera. Gure aitak alde egin aurretik izan nuen behar nuen tartea eskerrak emateko eta esan behar nizkion gauzak esateko. Ez hori bakarrik, gaixotasunaren aurretik ere berarekin aspalditik nituen kontu pendienteak, itxita. Eskertuta sentitzen naiz ere bere azken hilabeteetan jaso zuen arreta eta zaintzarengatik, bai ama, neba eta hiruron aldetik, baita hainbeste maite zuten senide eta lagunen aldetik ere. Horien artean, eskertzekoa ere Nafarroako Ospitalean lehenengo, eta Iruñeko San Juan de Diosen, langileen aldetik jaso zuen tratua. Askotan, Osasun zerbitzuan lan egiten duten lagunak ere baditudalako, borondatez betetzen dituztelako baliabide faltak uzten dituen hutsuneak.

Ez da kontu txikia azken hau. Heriotza duinaren aldeko borroka funtsezkoa da giza eskubideen ikuspuntutik, baina baita ikuspuntu politiko batetik ere. Are gehiago gaixotasuna eta heriotza hainbeste desnaturalizatu duen gizarte honetan. Heriotza kontu pribatu bat baino ez balitz, aberatsek baino ezinen lukete izan heriotza duina. Gu, noski, ez gara aberatsak, eta sistema publiko ahulago batean nire aitaren sufrimendua hirukoitza zatekeela ere argi daukat. Berriro datorkit burura zaintzak erdigunean jartzearen beharra, bizitza guztiaren zikloan, baita amaieran ere. Zaintza Estatuak bere gain hartu behar duen kontu zentrala da, momentu honetan lehentasuna izan beharko litzateke, baliabide gehiago bideratuz eta langileen borondate onaz eta profesionaltasunaz baliatu gabe. •