Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa

ILlunbe bueltaka jartzera

Gaur jokatuko da Donostia Arenan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Illunbekoa tontorra izango da, baina badira hiru hilabete txapelketa abiatu zela. Final-zortzirenetan 42 bertsolari abiatu ziren eta saioz saio joan da inbutua estutzen. Zortzi aulkirentzat bakarrik dago tokia Illunbeko oholtzan eta azkenerako zortzikote interesgarria; beteranoak, berriak, galtzeko gutxi dutenak, irabazteko asko... zortzi sinadura propio.

Gipuzkoako finala. Batzuentzat helburu, besteentzat ezusteko gozo. Denentzat, plaza izugarria, sei mila lagunetik gorako magal borobila. Zortzi bertsolari arituko dira oholtza gainekoa josten, lau gizon eta lau emakume; bost aurretik finalista izandakoak, hiru finalista berriak. Bi zati izango ditu finalak. Lehenengoan, bertsolari bakoitzak 15 bertso puntuagarri abestu beharko ditu: binaka zortziko handian; binaka zortziko txikian; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian; binaka hamarreko txikian, eta, bakarka, gaia emanda, nahi den doinuan eta neurrian.

Lehen fase horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariek pausoa aurrera eman eta buruz burukoa jokatuko dute. Beste hamar bertso puntuagarri bakoitzak: binaka seiko motzean, binaka zortziko txikian puntutan eta kartzelako lana.

Saio guztiko puntuazioak batuta, lehen atalekoak eta bigarrengoak, erabakiko da txapelduna. Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela txapeldunari, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean urte askoan isileko lana egin duen añorgarra bera. Dena prest dago. Bertsozalea aulkian eseriko da eta baimena emango die bertsolariei Illunbe bueltaka jarri eta nahi duten tokira eraman dezaten.