Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Oihana Iguaran Barandiaran

«Jendaurrekoak gure burua ezagutzeko ematen digun aitzakia luxu bat da»

Amasa-Villabona, 1991. Bigarrenez kantatuko du Illunbeko finalean eta berria izatetik beteranoa izatera bidea zein motza den bere azalean probatu du.

Tolosako finalaurrekoan, saioa bukatu, oholtzatik jaitsi eta aulkiak jasotzen ikusi zintudan.

Tira, bertso eskolako lagun guztiak hor neuzkan eta normalena hori zen, ni ere desmuntatzen aritzea.

Sortzaile berezia da bertsolaria alderdi horretatik.

Tira, guk oso natural jaso dugu hori. Hori da inguruan ikusi duguna. Hala ere, bertso eskolakoen ondora bueltatzea bada erosoago sentitzeko modua, berriro taldeko kide sentitzekoa, oholtzatik epelera jaisteko modua.

Bigarren finala, erabat desberdina. Eskatzen zaizuna ere, desberdina.

Egia da ni ere beste puntu batean nagoela eta emateko gogoz nagoela edo, behintzat, ematen saiatzeko. Duela lau urte helburuak beteta bezala iritsi nintzen finalera eta kasik ospakizun kutsua zeukan. Final honek ere badu, zalantzarik gabe, ez baita erraza izan finalean sartzea. Baina uste dut lau urte hauetan asko ikasi dudala.

 

Nola heldu zara, hazi zara, oholtza gainean?

Nire burua deskubritzen joan naiz bertsolari bezala, plazandre bezala. Hasieran zoratzen, txapelketan oro har asko gozatu nuen eta gero plazaz plaza zer esanik ez. Umetan nire idoloak izandako haiekin kotxea partekatzea, beren eskutik ikastea, aholkuak entzutea, saioa ondoren nola aletzen duten ikustea... Ilusio eta gogo handiarekin bizi dudan prozesua izan da eta oraindik ere horrela bizi dut.

Horrez gain, zure burua jendaurrean kokatzen ikasten duzu, egoera irakurtzen eta kokatzen eta jendeak zugan zer irakurtzen duen ulertzen. Gero, horrek guztiak sor dezakeen segurtasun falta edo txikitasuna kudeatzen ikasi behar duzu. Zentzu horretan, Euskal Herriko txapelketan gaizki pasatu nuen eta oraindik digestio fasean nago. Konfiantza berreskuratzeko prozesu bat behar nuen eta egin dut. Izan dira esateko ezer interesgarririk ez neukala sentitzen nuen momentuak eta nik ez dut sormena horrela bizi nahi. Distantzia hartu eta nire burua birkokatzen aritu naiz. Prozesua luzea eta mantsoa da, baina uste dut jendaurrekoak gure burua ezagutzeko eta gure buruaren lanketa egiteko ematen digun aitzakia luxu bat dela. Zenbait momentutan, gai batzuei esker, inoiz pentsatuko ez genituzkeen gauzak pentsatzera iristen gara. Hori sekulakoa iruditzen zait.

Zure agurrak gozamena dira.

Batzuetan, momentuari erantzuteko, gorputzak eskatzen dit. Ihes egiten laguntzen dit eta lasaitu egiten nau bi baino handiagoa den motibo bat edukitzeak, sentsazio kolektibo bati kantatzeak.

Eta kantatzea maite duzu. Bertsoa dotore saltzen duzu.

Kantatzea gustatzen zait, nahiz eta txapelketan, tentsioagatik, beti izaten dudan marranta sentsazioa. Eta jende askok esaten dit kantatzearena. Behin Unai Muñoari entzun nion eta geroztik askotan izaten dut buruan. «Nire kantakera nabarmentzen dutenean, kuadrillan bat guapoa dela, besteak sekulako gorputza duela eta ni oso jatorra naizela esaten dutenean bezala sentitzen naiz». Nik ere sentsazio hori izaten dut. Ondo kantatu omen dut, baina zerbait esateko ere baneukan e? [barreak]

Final parekidea, zenbakitan. Nabarmendu behar da edo ez?

Garrantzitsua da atzetik dagoen lana nabarmentzea, iraileko fasean zein gutxi ginen esatea [42tik hamar], egiteko zenbat geratzen den esatea... Egia da bertso eskoletako neskatoak publiko artean ikusten ditudanean sentitzen dudala haientzat garrantzitsua dela finalean lau emakume aritzea. Normalizatzea gustatuko litzaidake, besterik gabe bistan geratzea. Hortik aurrera, bertsolari bezala zein desberdinak garen nabarmentzea gustatuko litzaidake. Ez gara bloke bat.