Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Kaligrafiak

Tutoreak galdera luzatu dio ja unibertsitatera begira ari den ikasleari: «Zer lan egitea gustatuko litzaizuke etorkizunean?». Trantze horretan bere burua aurkitu duenak badaki garai horretan zeinen sakona bihurtzen den zalantzen mundua.

Gaztea buruan bueltaka darabilkiena esaten hasi zaio tutoreari, duda-mudan, bere soslaia ongi ezagutu eta noraezetik aterako duen itxaropenaz: «Zure idazkera ulertuko duen norbait aurkitzen baduzu, biak espioitzan jardun zaitezkete!».

Gazteari kolpean etorri zaizkio eskolan ibili den urtetan bere idazteko eraz esan dizkioten guztiak: txikiegiak direla bere hizkiak; ezin dela ulertu idatzi duena; indar gutxiz markatzen duela paperean; eta abar. Izan da letra polita eta originala duela esan dionik, ondoren “baina” batez osatua betiere, ordea.

Gazte hura egun helduarora iritsia da, dagoeneko. Espioitzarekin zerikusirik ez duten arloetan aritu da lanean. Haatik, nola diren gauzak, kilometroak eta kilometroak osatuko lituzketen paperetan izkiriatzea suertatu zaio.

Lehengo batean, idazketa eta irakurketa prozesuen irakaskuntzan aditua den bati entzun zion esaten haiek letragatik jakiten zutela non ikasitakoak ziren lagunak: La Sallekoak, Marianistetakoak, Jesuitetakoak edo dena delako eskolakoak. Hau da, eskola bakoitzak bere idazkera zuela, eta, handik pasatako ikasleek, denek, grafia bera egiten zutela.

Adituak bi pentsamendu ekarrarazi zizkion gogora, tupustean: alde batetik, idazketa eta irakurketa prozesuarekin zerikusi duenak nola erakartzen duen –bere eskolaldian idazkerarengatik esan zizkiotenak, espioia izateko gonbidapena barne, utzi dioten arrastoa, segur aski–; eta, beste pentsamendua, eskola uniformizatzailea dela esaten dutenentzako adibide aparta dela entzundakoa.

Hezkuntza arloan askotan adibide gisa jartzen diguten Finlandia «eredugarrian», 2016an utzi zioten eskuzko idazkera (kaligrafia) irakasteari, letra etzanak egiten irakasteari, hain zuzen. Eztabaida sutsua piztu zuen neurriak: han, eta hara begira gauden herrialde guztietan, noski. Hautsak harrotu ziren, testu prozesadoreen aroan eskolan kaligrafiak zentzurik ez duela defendatu zutenak izan ziren; eta eskuz idazteari espezifikoki loturik dagoen neurona-prozesu bat aktibatzen dela egiaztatu zutenak ere bai; batzuen eta besteen artean, beste hamaika iritzi azaldu ziren.

Suposatzekoa da eskuzko idazkera/ testu prozesatzaile bidezko idazkera eztabaida aldera genezakeela bere garaian eragiketa matematikoen kalkulua eskuz egin/kalkulagailuz egin ika-mikarekin. Gauza guztietan bezala, orekan egongo da gakoa: zer, zertarako, hizkien birek eta norabideak nola, “hizki lotua” noiz eta gisakoak ekarri beharko ditugu eztabaidaren erdira, horretarako.

Kallos (“eder”) + graphe (“idazkera”). Horixe esan nahi du kaligrafiak. Gaur eguneko begietara, eskola umeekin baino zerikusi handiagoa behar luke artearekin, idazkera ederraren artearekin, akaso. Eskolak izan zituen beste garai batzuk, “letra dena zen garaia”. Horregatik ere esango dute, beharbada, XXI. mendeko ikasleak XIX. mendeko moduekin hezten ari garela.

Espioi izateko aholkua jaso zuen gazte izandakoak lasai idatziko dio eskuz Olentzerori... Olentzerok letra guztiak irakurtzeko ahalmena duela jakin zuenetik konplexurik gabe idazten dio eta bere idazkera hobetu dela esango nuke. Nik, badaezpada, ordenagailuz idatzitako hizkiak utziko dizkizuet hemen, denentzat ulergarriak izango zaizkizuelakoan: URTE BERRI ON! •