Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Alaia Martin Etxebeste

«Lehen beldurra nion irabazteari eta beldurra galtzeari. Orain beldur gutxiago diet bi gauzei»

Oiartzun, 1987. Denerako prest omen dago, galtzeko eta irabazteko. Eta ez omen dauka bere burua zentsuratzeko asmorik. Gipuzkoako 2011. urteko finalean hirugarren izan zen; 2015eko finalean, bigarren. Gorantz dator eta bere pausoa ondo markatuz.

Denerako prest omen zaude. Zer esan nahi du horrek?

Beldurra galdu dudala uste dut. Beldurra badaukat, baina neukanaren erdia daukadala uste dut. Balio eskalan, presio eskalan eta beldur eskalan birkokatu ditut nire bizitzan gauza asko eta zentzu horretan prest nagoela uste dut. Lehen beldurra nion irabazteari eta beldurra nion galtzeari. Orain beldur gutxiago diet bi gauzei eta zentzu horretan libreago sentitzen naiz.

Duela lau urteko finalak zein arrasto dauka zure buruan? Gerturatu ahala aurreko finala berpiztu egiten al da buruan?

Bai, oso oroitzapen polita daukat 2015eko finalarena. Egia esan, 2011koa ere oso polita gogoratzen dut, biak oso desberdinak izan ziren arren. 2015ekoa gustura begiratzen dut, ez dit arantzarik sortzen eta baita 2011koa ere, nahiz eta garbi ikusten ditudan hobetu daitezkeen gauzak. Baina gustuz begiratzen diet eta balio didate konturatzeko orain beste momentu batean nagoela eta beste begirada bat daukadala zenbait gairen aurrean. Orain lasaitasun askoz handiagoa daukat gai batzuen aurrean kokatzeko garaian; zalantza handiagoa beste batzuen aurrean, baina zalantza horiek interesgarri egiten zaizkit eta ez diot hainbeste beldur zalantza horiek sor dezaketen bertsokerari. Ez diot hainbeste beldur zenbaitetan eskatzen den borobiltasun hori ez emateari; niri zalantzak interesatzen zaizkit bizitzan eta baita bertsotan ere. Beste posizio honetatik, ilusioz eta jakin-min handiz begiratzen diot finalari.

Ez omen duzu zure burua zentsuratzeko asmorik.

Plazan asko gozatzen dut. Plazako bertsokera arriskatuxeagoa da txapelketakoa baino, karratuagoa eta kontrolatuagoa baita. Horren baitan zalantza batzuk sor daitezke, zenbaitetan ertzekoagoa den umore bat, ertzekoagoa den arrazoiketa bat edo hain borobila ez den bukaera bat zenbateraino kantatu edo ez, hori gero igarri egiten baita puntuazioan eta sentsazioetan. Zentzu horretan, nik intuizioei egingo diet jaramon, ahal baldin badut behintzat. Hori da helburua. Ez dut zentsuratu nahi eta plazan sentitzen dudan askatasuna sentitu nahi dut, zirikatzeko, galderak proposatzeko... Nire buruari freskotasun hori baimendu nahi diot.

Ez zara gauza errazen zalea.

Gauza errazak, azken batean, erabakitako gauzak dira. Guk normaltzat hartzen duguna eraikitako zerbait da. Bertso ontzat hartzen duguna urteetan eraikitako kanon baten ondorio da. Niri errazagoa egiten zait kantatzen dudan moduan kantatzea, inertzia batzuk ezabatzeko lan bat egin dudalako. Niri interesatzen zaizkidan gauzak askotan ez dira dimentsio bakarrekoak. Ertzak, puntak, formak, ikustea, begiratzea eta entzutea gustatzen zait. Nik egin nahi dudana horrelakoa da; zentzumenei, emozioei, arrazoiari eta zalantzari lotuta dago. Gauza zailak gustatzen zaizkidala baino gehiago esango nuke ez diedala beldurrik itzalak dauzkaten gauzei, argi-itzalak nahi ditudala.

Hor asmatzean gailurra ukitzen da eta asmatzen ez denean, lurrera.

Bai, baina lurrera erortzea oso erlatiboa da. Bere asmo eta intentzio onenarekin borrokan ari den norbait erori ez da erortzen, agian ez da hainbeste igotzen, baina ez da erortzen. Begirada izan behar dugu daukagunean eta garenean baino, izan nahi dugunean, proiektatu nahi dugun horretan. Iparra gogoa dagoen toki horretan jarri behar dugu eta iristen saiatu. Eta bidean gertatu behar duena gertatuko da. Gailurra, azken finean, bidea da eta aukeratu dezakezun bakarra bide horretan edukiko duzun jarrera da.

Entzulea zirikatzea da helburua, aulkian deseroso sentitzea?

Nik ez dut inor deseroso sentiarazi nahi, baina ez dut inor deseroso ez sentitzeko pentsatzen dudanari uko egiteko beharrik izan nahi. Deserosotasuna, gatazka edo kontraesana bere horretan ez dira arazo, arazoa da horiek ukatzea, mina egiten digunari ez begiratzea, bizkarra ematea... Entzuleen artean jendea deseroso egotea aberasgarria da, nahiz eta ez dudan hori bilatzen zuzenean. Nik nire buruarekin eta ideiekin eroso sentitu nahi dut.