Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Agin Laburu Rezola

«Nik gaien aurrean hanka bat aurrerago jartzen dut, gehiago arriskatzen dut»

1985, Astigarraga. Hirugarren finala du gaurkoa eta txapelketako saioetan puntu zakukada bilduta iritsi da. Konfiantza puntu onean iritsi da finalera.

Sekulako txapelketa egin duzu.

Ez dakit horrela definituko ote nukeen. Irunen sekulako kezkarekin sartu nintzen txapelketara. Euskal Herrikotik kolpea hartuta nentorren, txapelketara bueltatzen nintzen lehen eguna zen, jokoan asko zegoen... Konfiantza dezenterekin sartu nintzen ustez, baina, nire buruari lehen hanka sartzea ikusi nionean, mamu guztiak bueltan etorri ziren. Uste dut meritu handia izan zela egoera horri buelta ematea. Arrasateko saioan, ondo hasi nintzenez, askoz lasaiago kantatu nuen. Mamu horiek hor daude beti, baina behin finalera iritsita, lasaiago nago.

Finalera begira, zure bertsokera besteen desberdina dela esan duzu. Zertan?

Nik uste dut abiapuntutik, bertsoa ulertzeko modutik, desberdina naizela. Horrek bertsoa egiteko moduan, hizkuntzaren erabileran eta gaien aurrean kokatzeko eran desberdin jartzen nau. Estilo desberdina daukat eta beste zazpiek elkarren artean nirekin baino antz gehiago daukatela esango nuke. Nik gaien aurrean hanka bat aurrerago jartzen dut, gehiago arriskatzen dut eta defentsa, atzeguardia, ez dut hainbeste zaintzen. Erasora joaten naiz gehiago.

Arriskatu egiten duzula diozu. Politikoki zuzenaren marra oso presente dago gaur egun eta zu beti muga-mugan ibiltzen zara. Egurtu zaituzte horregatik.

Bai eta oso gaizki pasa izan dut. Lehen ez bezala, orain frankotiratzaileak ikusten ditut. Marra gorri horiek oso presente daude eta pasatzeko permisibitate askoz gutxiago dago. Lehen, pasatzen bazinen, pasa egin zinen eta hor geratzen zen. Jendeak ulertzen zuen pasatu egin zinela eta kito. Orain, horrek guztiak bolumen askoz handiagoa hartzen du.

Txapelketa hau prestatzen hasi nintzenetik hori landu dut; konfiantza izan nire buruan eta berriz ausartu marrara hurbiltzen. Lehenago, marra ikusten nuenean marrara hurbiltzen saiatzen nintzen, ahalik eta gertuen, horrek daukan arriskuarekin. Gero, beldurra hartu nuen eta marra ikusiz gero, ez nintzen ausartu ere egiten gerturatzera. Orain berriz ausartzen naiz marrara hurbiltzen.

Ariketa kontziente bat egin duzu, beraz.

Zuk zure buruan konfiantza eduki behar duzu; nik hau kantatu dut eta berretsi egiten dut. Hanka sartu dut? Ados, hanka sartu dut eta onartzen dut. Baina, egiten duzun guztia, sinatuta. Ariketa hori egin dut. Egurra jaso behar badut, jasoko dut, baina ni nahiko kontziente naiz marra gorri horiek non dauden. Egia da bat-batean ari zarela, segundo erdi batean neurtu behar duzula, errima batek esan nahi ez duzuna esatera eraman zaitzakeela... baina nik uste dut bertso jolasa hor dagoela, arriskatu egin behar dela. Nik ere egin dezaket bertsotan marra gorritik urrunduta, baina horretarako mezetara ere joan naiteke.

Arriskuak hartzeko konfiantza nahikoarekin zaude orain.

Bai. Ni blokeatuta egon naiz eta frankotiratzaile horiek asko eragin didate. Zuloan egon naiz, gaizki pasatu dut eta dezenteko lanketa egin behar izan dut nire buruarekin berriz konfiantza izateko eta igerilekura salto egiteko. Gero ura egon daiteke edo ez. Baina lehen nik beti salto egiten nuen, ura zegoen edo ez begiratu gabe. Orain berriz ausartzen naiz salto egitera, baina zehar begiratu bat egiten dut ura dagoen edo ez ikusteko.

Illunben salto egingo duzu?

Asmoa hori da. Nik ez daukat ezer gordetzeko. Nire bertsokerarekin joango naiz, nire estiloarekin. Eta nire estilo horrek, ondo eginez gero, badakit emaitza oso onak ematen dituela, baita txapelketan ere. Eta orain arte emaitza onak eman dizkit.