Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Beñat Lizaso Alberdi

«Pisu handia kendu dut gainetik finalera iritsita; abizenarena eta beti atean geratu izanarena»

Azpeitia, 1982. Lehenengoz iritsi da Gipuzkoako finalera eta beti ateetan geratu izanaren mikatza gozatzeko modua izan du. Bertsolari handien leinu bateko kide, Lizaso abizena karga bihurtu izan zaiola aitortzen du. Bere bertsokerarekin finalera iritsi izana pozgarri eta gozagarri zaio.

Ze ondo Lizaso bat Illunben. Zuk abesten duzunean lizasotarren soka igartzen da atzetik. Jakitun zara?

Aspaldi asimilatu nuen, egiten nuena egiten nuela, beti Lizaso izango nintzela. «Ondo, baina aita hobia duk». «Ondo, baino aitona zuan ona». Askotan entzun ditudan gauzak dira.

Zer da, karga edo akuilua?

Karga gehiago. Beti konparaketan aritzea karga izan da niretzako. Baina aspaldi konturatu nintzen nire bidea egin behar nuela, betiko marmar hori hor egonda ere. Uste dut Illunbeko final honek ere balioko didala betiko marmar hori isilarazteko eta Beñat erakusteko. Ez naiz Lizaso bakarrik. Sebastianen semeak bertsotan ere egiten du eta bera iritsi da Illunbera. Nire ahots propioa erakusteko beharra daukat.

Nola irudikatzen duzu Illunbeko plaza?

Sekula ez naiz horrelako plaza batean aritu. Aurreko Tolosako finalaurrekoa izango da bertsotan aritu naizen toki handiena. Egia da jende gehiagoren aurrean hobeto moldatzen naizela; ehun lagun egon edo mila eta bostehun, ni hobeto mila eta bostehun dauden tokian. Itxaropen eta ilusio horrekin noa, baina, era berean, beldur pixka bat ematen dit oholtzara igo eta zer pasatuko den. Ez dut espero atzera botako nauenik, baina beldur pixka bat badut.

Tolosako finalaurrekoan, finalean zinela jakitean, txapeldunaren pare ospatu zenuen. Une ederra.

Ez nuen espero. Nik ez nuen txapelketan parte hartzeko asmorik, sentitzen nuen langa jota nengoela, egin nuela egin beharrekoa eta beste pausoak handiegiak zirela. Ezinezkotzat bezala jotzen nuen finalean egotea. Nire helburua, gainera, ez zen finalera iristea. Borroka egin nahi nuen eta itxura ona eman txapelketan, hori bai.

Korapilo bat askatu izanaren sentipena igarri genizun.

Egia esan, pisu handi bat kendu dut gainetik finalera iritsita. Batetik, abizenaren pisu hori, eta, bestetik, atean geratzearen pisua. Hor nagoela demostratzeko beharra neukan, egia esan.

Bi pisu zamatsu kendu dituzu eta plaza handietan hazi egiten zara. Zureak toki ona dirudi finala jokatzeko.

Nik ere horrela ikusten dut. Hasieran ikara pixka bat ematen zidan nire burua Illunben irudikatzeak. Baina egunak aurrera joan ahala, asimilatzen ari naiz eta ilusioa piztu zait. Toki ona da nirea, ez daukat ezer galtzeko eta irabazteko dena. Txapela janztea ezinezkoa da, baina plazan erakutsi nahi dut badakidala bertsotan egiten. Horixe nahi dut. Bertsotan egin nahi dut, ez bertsotan jardun.

Aitak zer esan dizu?

Hitz gutxi, baina uste dut bera dagoela ni baino kontentuago. Bera ere kontziente da gainean daukadan pisuaz. Berak ere izan du bere aitaren pisua. Uste dut kontziente zela behar nuela final hau, erakusteko abizena ez dela dena, bertsotan ere badakidala. Azkenean lortu dut, gutxien espero zen garaian.

Finalari kolore propioa emateko moduan zara, zuretik. Plazak eskertzen du zure bertsokera.

Akordatzen naiz duela lau urteko txapelketan askok esaten zidatela nire estiloarekin oso zaila zela finalera iristea. Eta nik erantzuten nien, «ikusi Unai Agirre noraino ailegatu den!». Duela lau urteko txapelketan asko prestatu nintzen, gauza asko aldatzen saiatu nintzen eta ez nuen asmatu. Aurten out egon naiz, niretik kantatu dut, nik nahi nuen bezala. Akats batzuk egin ditut, baina jakinaren gainean akatsa egiten ari nintzela.

Hori ere beste zama bat izan da beraz, zure estiloarekin iritsiko ez zinela pentsatzea.

Bai, egia da. Nik bertso baten barruan ez ditut gauza asko esaten, bukaera da nire indargunea. Horrek arriskua ere badauka, behin bukaera ailegatuta ez baduzu oso indartsu bukatzen kolokan geratzen zarelako. Baina hori da niri gustatzen zaidana, hori da nik aditu nahi dudan bertsokera eta baita erakutsi nahi dudana ere. Nire buruari eta jendeari hori erakutsi nahi diet.