Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Beñat Gaztelumendi Arandia

«Uste dut nire bertso ibilbidea orain dagoela nire izateko moduan uztartuta»

Añorga, 1987. Gipuzkoako txapelduna 2015ean eta txapeldunordea aurreko bietan. Txapelketa zalea da.

Txapelketan eroso sumatu zaitugu.

Nire lekuan egon naizela sentitu dut eta ez dut uste nire lekuari zegokiona baino gehiago nabarmendu naizenik. Egoerak nik nahi nituen bezala eraman ditut eta pozik nago alderdi horretatik.

Euskal Herrikorako egindako prestaketa orain ari omen zara igartzen.

Intuizio batzuei segika hasten zara lanketa bat egiten. Gero, batzuetan gertatzen da zure momentuak ez duela bat egiten intuizio horrekin eta ez zaudela gorputzaldi horretan. Aurreko txapelketa nagusiko finalean gertatu zitzaidan; hara iritsi eta egin nuen lanketak han egin behar nuena egiteko ez zidala balio sentitu nuen. Orain, alderantziz. Sentitzen dut lehen egin nuen lanketa horrek balio didala gaiei nahi diedan bezala heltzeko eta nire buruarekin erosoago sentitzeko.

Hala ere, oraingo txapelketa ere asko prestatu duzula nabari da.

Bai. Asko gustatzen zait txapelketako lanketa eta txapelketa bera, genero bezala, oso berezia iruditzen zait. Aurten ere oso eroso sentitu naiz lanketa horretan.

Lana norberak bere buruarekin egiten du etxean. Eta oinez ere dezente egiten dut. Oinez nabilela ideia dezente mugitzen zaizkit eta asko laguntzen dit. Baina, gero, lanketa pertsonal horrek partekatzeko espazio batzuk behar ditu, txapelketako tentsiotik apartekoak. Eta aurten espazio horiek topatu ditut; Alaiarekin [Martin] dezente aritu naiz, Ane Labakarekin, Ainhoa Agirreazaldegirekin, Uxue Alberdirekin...

Denak emakumeak aipatu dituzu.

Bai, eta anaiarekin ere dezente ibili naiz. Baina uste dut nire bertso ibilbideak horra eraman nauela eta espazio horietan eroso sentitzen naiz.

Zure bertso ibilbideak eta zure izaerak eraman zaituzte espazio horietara?

Uste dut nire bertso ibilbidea orain dagoela nire izateko moduan uztartuta. Hasieran oso desberdina zen Beñat oholtzatik behera eta Beñat oholtza gainean, eta orain pozik nago bien arteko distantzia gero eta motzagoa delako. Horretan laguntzen nau ondoan dudan jendeak, nik eramatea nahi dudan lekuetara eramaten nau. Alde horretatik oso pozik nago.

Genero ikuspuntua asko landu duzu.

Askotan esaten da genero lanketa norberak egiten duela bere buruarekin eta gero eramaten dela praktikara. Nire kasuan alderantziz gertatu zait, plazan arituz hartu dut nire generoaren kontzientzia eta ez da beti erosoa izan. Nik uste dut aurreko txapelketa nagusian horrek ere eragin zidala.

Bertsolaritzan une honetan aldaketa hiru lekutatik datorrela uste dut: lehena, belaunaldi berrietatik –gu ja ez gara–; bigarrena, bertsolaritzak hainbeste dentsitate ez duen espazioetatik –Añorga ez dago hor–, eta, hirugarrena, emakumeen lanketatik. Justu hiru puntu horietako batean ere ez nago eta ez dut uste egon beharko nukeenik. Eta dezente kostatu zait hor kokatzea, sentitzea nire ahotik berrikuntzarik ez dela etorriko. Orduan, askotan egiten dudan galdera da ea zein den nire funtzioa momentu honetan oholtza baten gainean. Nire intuizioa da nagoen lekutik zilegitasun bat irabazi dudala urteotako ibilbidean eta zilegitasun horrek laguntzen duela oholtzan gauza batzuk aldatu daitezen. Eta, bestetik, bertsolaritza bera aldatzen ari da. Dialektikarako joera izan dugu eta horrek traba egiten du aldaketa batzuk oholtzan gertatu daitezen. Posizio pribilegiatu eta ez pribilegiatu baten arteko dialektikan beti batek irabazten du. Baina, bakoitzak bere lekuaren kontzientziatik, logika hori puskatu eta kolaboratibo jartzen bagara, gaiak beste era batera lantzen dira eta askoz ibilbide luzeagoak egin daitezke gaien bueltan.

Aurreko txapelketa nagusian horretan saiatu nintzen eta ez zitzaidan ondo atera. Gainera, jende guztiak galdetzen zidan ea triste ote nengoen. Kontua ez zen hori, profil baxuago bat markatu nahi nuen eta ez nuen lortu. Aurten topatu dut nire espazioa eta gustura ari naiz hortik.