Ainara Lertxundi
SEXU ERASOAK INDIAN

Ustezko lau bortxatzaile hil izana txalotu egin dute askok, beste batzuek ordea salatu

Indiako poliziak tiroz hil zituen ustez albaitari gazte bat bortxatu eta hil zuten lau gizonak, ihes egiten saiatu zirela argudiatuta. Bortxaketa honek eta poliziaren jarrerak eztabaida piztu du; askok ustezko bortxatzaileak hil izana txalotu dute. Tiro egin zuten poliziak besarkatu eta loreak oparitu zizkieten. Beste batzuek hori ez dela justizia egiteko bidea ohartarazi dute.

Pasa den azaroaren 27an 26 urteko neska bat bortxatu egin zuten lau gizonek. Motorraren gurpilak zulatu zizkioten eta, neska gerturatzean, konpontzen lagunduko ziotela esan zioten. Gezurretan, urrutiko paraje batera eraman zuten, eta bertan bortxatu eta ito egin zuten. Ondoren, erre egin zuten. Gorpua hurrengo egunean aurkitu zuten Hyderabad hirian, eremu apartatu bateko zubi baten azpian.

Gertaera horrek haserre bizia piztu zuen Indian, non egunean ehun bat emakume bortxatzen dituzten. Delituak erregistratzen dituen nazio agentziaren arabera, 2017. urtean 33.658 emakume bortxatu zituzten Indian, horietatik 10.221 adin txikikoak ziren.

2012. urtean New Delhin bere bikotearekin zihoan unibertsitateko ikasle bat autobus baten barrualdean bortxatu eta torturatu egin zuten. Handik egun batzuetara hil egin zen Jyoti Singh gaztea. Albisteak oihartzun handia izan zuen bai Indian eta bai nazioarteko komunikabideetan. Orduan bortxaketak zigortzeko legedia gogortu bazuten ere, inpunitate handia dago oraindik ere eta emakumeen kontrako sexu erasoak errealitate gordina dira Indian.

Azaroaren 27an gertatutakoak errealitate hori berriro mahaigaineratu du bere gordintasunean. Eta sexu erasoei aurre egiteko muturreko neurriak eskatzen dituzten ahotsak ugaritu egin dira.

«Biktima hiltzea emakumeen eta neskatoen kontra dagoen biolentzia epidemiaren beste adibide bat da», plazaratu zuen Niki Kandirikirirak, Equality Now erakundekoak.

«Sexu biolentzia pairatzen duten emakume zein neskatoek oztopo ugari gainditu behar dituzte, bortxaketa salatzeko eta kasua auzitegira irits dadin zailtasunak handiak dira. Bidea luzea eta zaila da. Emakumeak isilarazteko, mehatxuak eta erasoak pairatzen dituzte salaketarik egin ez dezaten eta salatzera ausartzen direnean, salaketa kentzeko. Zigor tasa benetan baxua da, tamalgarria da poliziaren pasibotasuna eta sexu biolentziaren biktima diren emakumeen bazterketa», gaineratu zuen Kandirikirirak.

Pasa den igandean, poliziak albaitari gaztearen ustezko lau bortxatzaileak hil egin zituen. Astebete zeramaten atxilotuta. Neskaren gorpua erre omen zuten lekura eraman zituzten goizaldean, Hyderabadeko eremu apartatu hartako zubi azpira. Poliziak esandakoaren arabera, atxilotuak ihes egiten saiatu ziren eta poliziei eraso egin zieten. Orduan tiroz hil egin zituzten laurak.

Berria ziztu bizian zabaldu zen eta jendetza gerturatu zen poliziak txalotu eta zoriontzeko. Eskerrak emanez besarkatu zituzten. Handik igarotzen ziren gidariek autoa gelditu eta lekuaren argazkiak ateratzen zituzten. Bortxatutako neskaren aitak poliziakideei bere eskerrik beroenak eman zizkien, bere alaba «zerutik lasai egongo» zela gaineratuz. Sare sozialetan polizien jarrera goraipatu zuten, horiek heroitzat hartuz.

Gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, Amnesty Internationalek adibidez, lau gizonen heriotza legez kanpoko exekuzioa izan zitekeela ohartarazi eta kezka adierazi zuten. Tiroketa horren nondik norakoak ikertzea eta argitzea exijitu zuten. Auzitegi Goreneko abokatu batek bere haserrea azaldu eta «odol hotzean egindako hilketa» zela salatu zuen.

Giza Eskubideen Batzorde Nazionaleko ordezkaritza bat gertakarien lekura joan zen. Heriotza horiek gizarteari «mezu negatiboa» igortzen diotela nabarmendu zuen. «Atxilotuta zeuden lau pertsonak errudunak baziren ere, epaimahai batek zigortu behar zituen legediaren arabera», helarazi zuen. Hyderabad hiriburu duen Telengana estatutuko Auzitegi Gorenak lau gorpuak bere horretan uztea eta autopsia bideoz grabatzea agindu zuen. Betiere Poliziaren bertsioaren arabera, atxilotuta zeuden bitartean neska bortxatu eta gorputza erre izana aitortu zuten.

“Express” egunkari indiarraren arabera, gertakariak berritzearen ardura zuen polizia ofiziala 2008. urtean antzeko bi gertakaritan inplikatuta egon zen.

Hildakoen aita batek «semea odol hotzean hil izana» salatu zuen. «Zergatik zigortu dituzte prozesua bukatu baino lehen?», galdetu zuen.

Ia aldi berean, epaitegira deklaratzera zihoan 23 urteko emakume bati su eman zion gizon talde batek. Iazko abenduaren 12an bortxatu egin zuten eta, pasa den astean, epaitegira zihoala, Unnao-ko tren geltokian, Uttar Pradesh estatuan, India iparraldean, gizonezko talde batek, tartean ustezko bortxatzailea zela, su eman zion. Ospitalera eraman zuten oso larriki zaurituta, erredurak baitzituen gorputzeko %95ean. Handik egun batzuetara hil egin zen bihotzekoak emanda.

Hil aurretik ospitalean egin zuen deklarazioaren arabera, kolpekatu eta sastakatu egin zuten eta, ondoren, su eman zioten. Hala ere, oinez kilometro bat egitea lortu zuen poliziari deitzea lortu zuen arte. Erasotzaileen artean duela urtebete bortxatu zuen gizona identifikatu zuen.

Uttar Pradesh emakumeentzat estaturik arriskutsuenetarikoa da Indian. 2017an, 4.200 bortxaketa salatu ziren.

Egunotan, mobilizazio eta protesta ugari egin dira Indian. “Galdetu, entzun eta errespetatu”, “Ezezkotik zer ez duzu ulertu?” edo “Ez dago sexurik baiezkorik gabe” lelopean manifestazioa egin zuten, esaterako, New Delhin. Ikerketa «azkarrak eta zientifikoak» aldarrikatu zituzten, baita epaiketa «azkarrak eta bidezkoak» ere akusatuentzat. Kalkutan eta Hyderabaden ere mobilizazioak egin zituzten emakumeek.

Baina, muturreko neurriak eskatu dituzten ahotsak ere entzun dira egunotan. Revanth Reddy legebiltzarkideak –Indiako Kongresu Nazionala alderdiaren talde politikoaren ordezkaria Telenganako estatuan– bortxatzaileak «ahalik eta azkarren urkatzea» eskatu zuen Twitter sare sozialean.

«Horrelako pertsonak publikoki seinalatu behar ditugu eta lintxatuak izatea besterik ez dute merezi», adierazi zuen Samajwadi partiduko legebiltzarkide eta aktorea den Jaya Bachchanek. Bollywoodeko Amitabh Bachchan aktore ospetsuaren emaztea da.

Ildo berean mintzatu zen Vijila Sathyanath legebiltzarkidea (AIADMK alderdikoa). Ustezko bortxatzaileak hil aurretik egindako adierazpenetan, «abenduaren 31 baino lehen krimen hori egin zutenak urkatzea» eskatu zuen.

Heriotza zigorra azkenekoz 2015. urtean aplikatu zuten, Mumbayn 1993an egon ziren atentatuekin lotuta.