Beñat ZALDUA
MAREA BIZIAK BASAMORTUAN

Buruzagi katalanen aurkako epaiak erakundeak gaindituta, gizarteak hartu du, mugekin, erantzuteko lana

Urte judiziala izan da erabat Kataluniakoa. Espainiako Auzitegi Gorenean hasi zen urtea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian bukatu da. Europako Parlamentuko ateak irekitzen dituen azken garaipen partzialak ez ditu ezkutatzen, ordea, 2017ko dinamiketan katramilatuta dagoen mugimendu baten ajeak.

Henry Kissingerrek galdetu omen zuen, 70eko hamarkadan, nor deitu behar zuen Europarekin hitz egin nahi izanez gero. Galdera bera egin dezakegu 2019ko Katalunian. Duela bi urteko urriaren 1era arte aho batez hitz egiten zuen independentismoak sakabanatuta jarraitzen du, deskodifikatzea gero eta zailago den kakofonia batean murgilduta. Historiak, edonola, ez du etenik Katalunian.

Hemendik hamar urtera 2019. urtean zer gertatu zen galdetzen badiete katalanei, pentsa dezakegu erantzun bat izanen dela: sententziaren urtea. Historiarako geratuko baita, 1934an Companysen kontrako zigorra geratu zen bezala, hamabi buruzagi independentisten kontrako sententzia. Auzitegi Gorenak 13 urte arteko espetxealdia ezarri zien urrian, zergatik eta hautetsontzi batzuk jartzeagatik.

Hala ere, formalismoak bete behar ziren, eta sententzia baino lehenago, epaiketa etorri zen. Auzitegi Gorenaren Osoko Bilkuren aretoa atondu eta gero, lau hilabetez zuzenean eman zuten telebista bidez antzezlan judiziala. Defentsa ildo desberdinen arteko elkarbizitzak ez zuen erraztu berez ezinezkoa zirudien lana, eta Gorenean jaun eta jabe ezarri zen Manuel Marchena epailea. Nahi bezala eraman zuen prozesua, aurretiazko arazoetatik urriko sententziara arte, bidean epaitutako pertsonen eskubide politikoak urratuz, urte bukaeran Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenaren arabera.

Alderdiak lehia etengabean

Errepresioak, baina, ez du balio izan alderdi politikoak batzeko, ezta 2019 honetan ere. Gobernua partekatu arren, JxCat eta ERC alderdiek lehia bizian dihardute, eta zaila da pentsatzea hauteskundeak deitu gabe igaro ahalko dutenik 2020a. Quim Torraren balizko inhabilitazioa, desobedientzia medio, izan daiteke deialdirako aitzakia.

Hauteskunde osteko panorama asmatzea, ordea, beste kontu bat da. Inkestek beti ERC saritzen dute, baina hautetsontzien erantzuna konplexuagoa izaten da. 2019an lau aldiz bozkatu dute katalanek, hego euskal herritarrek bezala. Udal hauteskundeetan eta bi norgehiagoka estataletan ERCk irabazi zuen, nahiz eta azaroko hitzorduan botoak galdu zituen apirilarekin alderatuta, JxCat-ek gora egiten zuen bitartean. Europako hauteskundeetan, aldiz, Puigdemont zerrendaburu, JxCat-ek irabazi zuen bozaldia. CUP, bere aldetik, lehenengo aldiz aurkeztu eta sartu zen azaroan Madrilgo Parlamentuan, Ciudadanosen gainbehera ekarri zuten hauteskundeetan. Bere boto emaileen bila abiatu da jada gosetutako PSC.

Alderdien arteko lehia argitu gabe –eta ez du zertan azkar argitu–, zaila izanen da subiranistek bide orri amankomuna adostea. Estrategia garbirik gabe, JxCat-ek epikan bilatzen ditu bere argumentu politikoak, Puigdemonten erbestea erabiliz. ERCk badu estrategia, gogoz saiatzen ari baita Comuns-ekin elkarlana sustatzen, gehiengo berrien bila, behin onartuta independentismoak ez duela %50ko langa gainditu Katalunian. Erabat garbi ez dagoena da, ordea, estrategia horrek indar nagusi bezala gobernatzeko aukera emanen dion ala ez.

Autonomismoaren hilobia

Alderdikeriak alde batera utzita, bide orri falta nabarmena izan zen urrian, Auzitegi Gorenak aipatu sententzia kaleratu zuenean. Sententziak bi urtez geldiarazitako samina eta indarra askatu zuen, baina energia horrek ez zuen topatu aldez aurretik prestatutako biderik. Hala eta guztiz ere, 2017ko udazkenetik ikusten ez ziren mobilizazioak ikusi dira udazken honetan. Are eta gehiago, prozesu subiranistaren markoan urteotan ikusi ez dugun dimentsioa hartu zuten protestek. Bartzelonako zentroak sua hartu zuen astebetez, eta, hiriburuarekin, Gironak, Lleidak, Manresak eta beste hainbat hirik. Paraleloki, hamarnaka mila lagunek hartu zuten parte ANCk antolatutako Askatasunaren Martxetan.

Eta bitartean... instituzio autonomikoak kolapsatu egin ziren. 155 berri baten beldurrak geldiarazirik, hitzez –eta gogoz– mobilizazioak babesten zituen Generalitateak mossoak bidali zituen Polizia espainiarrekin batera protestak itotzera. Kontraesanak gaindiezinak izan ziren egun haietan, autonomismoaren muga guztiak agerian utziz, preso prebentiboen zenbakia gora zihoan bitartean. Gazteak izan ziren, batik bat, istiluetan protagonista; 2012ko lehen Diada handian 10-15 urte zituztenen belaunaldia. Arrazoibidea erraz topatu zuten: bide baketsuak 13 urteko zigorra badakar, zer dauka txarretik barrikada batek? Mugimendu artikulatu sendo bat gabe, ordea, autonomismoaren heriotzak ez du zertan ezer hoberik ekarri behar.

Erreferenteen bila, Tsunami Democratic ekimena bilakatu da azken hilabeteotan independentismoa modu antolatuan batzeko gaitasun handiena erakutsi duena. Waterloo, Geneva eta Bartzelonako triangeluan sortutako plataformak kreditua irabazi zuen sententziaren egunean Prateko aireportuan deitutako mobilizazioan, eta teknologia berrien erabilera neurtuak plus garrantzitsua ematen dio. Camp Nou futbol zelaiko ekintza erdi-frustratuak, ordea, mobilizazio mota honen mugak gogorarazi zituen. Tsunamia deitzea gehiegikeria izan liteke, baina itxaropena artikulatzen laguntzen duten marea biziak sortzeko potentziala gordetzen duela aise erakutsi du azken hilabeteotan.