Xabier Izaga Gonzalez
ZANTZU UZKURRAK

Euskal preso, erbesteratu eta deportatuen eskubideak asetzeko nahikoak ez diren mugimenduak izan dira

Amaitzear den urtean ez da euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoeran aldaketa nabarmenik izan. Aurrerapauso batzuk izan dira, esate baterako sailkapen graduen politikan, baina ia eragin praktikorik gabe eta, edonola ere, euskal jendartearen aldarrikapenak inondik inora asetzen ez dituztenak.

Baionan eta Bilbon Sarek deitutako bi manifestazio erraldoiek eman zioten hasiera euskal preso, erbesteratu eta deportatuen eskubideen aldeko mobilizazioei, indartsu eman ere. GARAren kontaketaren arabera, gutxienez 85.000 lagunek parte hartu zuten, bi hirietan iazko mobilizazioen kopurua nabarmen gaindituta. Zalantzarik gabe, jendetza horrek eta mobilizazioek nola Ipar hala Hego Euskal Herrian jasotako sostenguak gehiengo sozial eta politiko zabala islatzen dute. Euskal preso eta iheslari politikoen auzia behin betiko konponbidean jartzea euskal jendartearen aldarrikapen nagusietakoa dela esan daiteke.

Foro Sozialak “Aurrerapausoak, trabak eta atzerapausoak espetxe politikan” izeneko txostena argitaratu berri du, eta zenbait aurrerapauso uzkurrekin batera «iraganeko estrategiei dagozkien politikei» eutsi izana nabarmendu du. Halatsu erakusten dute Etxerat elkartearen urteko balantzearen datuek ere.

Istripuak, kartzelatzeak...

Aurten zortzi istripu jasan dituzte hamazazpi lagunek Estatu espainol zein Estatu frantseseko kartzeletan dauden euskal presoak bisitatzeagatik. Aspaldiko kontua eman balezake ere, euskal herritarren aurkako epaiketa politikoak ere ez dira amaitu. Irailean, 47 herritar epaitu zituzten presoei eta haien senideei laguntza mediko, juridiko eta humanitarioa emateagatik.

Atxiloketak ere izan dira. Otsailean, Galder Barbado eta Aitor Zelaia atxilotu eta kartzelatu zituzten, eta, maiatzean, Josu Urrutikoetxea, Estatu frantsesean, ospitalera zihoala. Jon Enparantza eta Arantza Zulueta ere kartzelatu zituzten, iraileko epaiketan jarritako zigorra betetzeko.

Preso eriak

Jaiki Hadi elkarteak urtarrilean aurkeztu zuen kartzela eta osasunaren gaineko txostenaren arabera, gaixotasun larriak dituzten 21 presok aske egon behar lukete beren gaixotasunak direla-eta behar duten tratamendu zorrotza bermatzeko. Horiez gain, gaixotasun organikoak dituzten beste 54k eta gaixotasun psikikoak dituzten 14k kontrol eta jarraipen mediko zorrotza behar dute eta espetxeko bizi baldintzek ez dute horrelakorik bermatzen.

Gertakariek arrazoia eman diote Jaiki Hadiri. Hiru preso eri hil dira aurten: Juan Mari Maiezkurrena, bere gaixotasun terminala zela-eta 2017ko abuztutik etxean zegoena; Oier Gomez, 2017ko apiriletik kartzelatik kanpo, eta Jose Angel Ochoa de Eribe, kartzelan 19 urte eman ondoren hirugarren graduan sailkatu eta baldintzapeko askatasuna eskuratu eta hiru hilabete eskasera azken hatsa eman zuena.

Estatu frantsesean larri gaixorik dagoen Ibon Fernandez Iradi kartzelatik ateratzea ebatzi zuen estatu horretako Ezarpen Auzitegiak, baina bertan behera geratu zen ebazpen hori Fiskaltzak jarri zuen helegitea tarteko.

Asier Aginakori, ordea, zigorra eten zioten urtarrilaren 31n bere gaixotasun larria dela eta. Arrazoi beragatik, presoaldi arindua eman zioten apirilean Aitzol Gogorzari.

Entregatzeak

Estatu frantsesak presoak entregatzen jarraitu du. Aurten, Mikel Albisu, David Pla, Joseba Segurola eta Marina Bernado entregatu ditu. Epaile espainolek aske utzi dituzte. Alberto Ilundain, maiatzean entregatu eta kartzelatua, azaroan aske irten zen behin-behineko askatasunean. Beste lau lagun, berriz, kartzelan daude Estatu espainolera entregatu ondoren: Asier Bengoa, Asier Borrero, Jon Rubenach eta Marixol Iparragirre.

Kalera, Euskal Herrira

Urtean zehar 12 presok utzi dute atzean espetxeko atetzarra, zigor luzeak osorik bete ondoren: Julen Ibarrola, German Urizar de Paz, Kepa Etxeberria, Andoni Zengotitabengoa, Mikel Orbegozo, Xabier Sagardoi, Ekaitz Ezkerra, Iñaki Beaumont, Jose Javier Zabaleta, Xabier Ugarte, Zigor Merodio eta Jon Lopezek.

Beste lauk behin-behineko askatasuna lortu dute: Maite Aranalde, Aitor Zelaia, Galder Barbado eta Alberto Ilundainek. Zigor Garrok, berriz, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Estatu frantsesean, 13 kartzela urte bete ondoren.

Bi erbesteratu eta hiru deportatu ere itzuli dira aurten Euskal Herrira: Inaxio Olaskoaga, Iñaki Orueta, Iñaki Etxarte, Koldo Zurimendi eta Alfonso Etxegarai.

Dinamika zaharrari eutsita

“Hurbiltze” politika hasi zenetik, preso bakar bat ekarri dute Euskal Herrira, Iruñera, hain zuzen ere, kartzela zigor osoa betetzear zegoela gainera. Estatu espainolean hurbildu dituzten gainerako euskal presoetatik, sei bakarrik eraman dituzte presoa bisitatzeko 500 kilometro baino gutxiago egin behar den kartzeletara.

Estatu frantsesean, berriz, 36 presotik 25 Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetan daude; beraz, hurbiltze prozesua aurreratuago dago. Hala ere, Estatu horren jarrerak ere zalantzarako tartea utzi du. Uztailean Estatu frantseseko Ezarpen Auzitegiak Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunerako eskaera onartu zuen arren, Fiskaltzak helegitea jarri eta urrian Auzitegiko apelazio aretoak atzera bota zuen aurreko erabakia; Haranburuk datorren apirilean 30 urte beteko ditu kartzelan, egoera berean dauden Jakes Esnal eta Jon Parotek bezala. Bestetik, nabarmendu beharra dago Euskal Herritik hurbilen dauden kartzelek emakumeak bertan egoteko baldintza egokirik ez dutenez, horiek oso urruneko kartzeletan daudela. Eta nabarmentzekoa da, halaber, euskal presoen kolektiboko hiru emakumetik bat beste euskal presorik ez dagoen kartzeletan daudela.

Bigarren graduan dauden presoen erdiak baino gehiago aurten aldatu dituzte graduz, baina 205etik 43 baino ez dira. Baldintzapeko askatasunari dagokionez, hain zuzen ere gradu politikak galarazten die Estatu espainolean zigorraren hiru laurdenak bete dituzten 58 euskal presori askatasuna berreskuratzea.

Esan bezala, errepaso arin honetan aurrerapausoren bat suma daiteke. Norabide zuzeneko zantzu batzuk eta borondate oneko hitzak ez dira falta izan, baina oraindik nagusi da beste garai bateko dinamika zaharra, atzean utzi beharrekoa. Badaude baldintza aproposak auziari behingoz heltzeko, inoiz justifikaziorik izan ez duten eta gaur egun aitzakiarik ere ez duten salbuespen neurriak amaitzeko eta herri honek nahi duen, behar duen behin betiko konponbideari eusteko.