Ainara Lertxundi
Elkarrizketa
Ane Irazabal
kazetaria

«Hau jada ez da larrialdi egoera bat, kronikoa bihurtu den drama da errefuxiatuena»

Palestinan hasi zuen bere ibilbidea Ane Irazabal kazetariak. Ekialde Hurbilean lan egin ostean, egun errefuxiatuen drama eta migrazio fenomenok jarraitzen ditu.

Awlad, Hesiak gainditu” dokumentala estreinatu berri du Ane Irazabal kazetariak Cosimo Caridirekin batera. Protagonistak lau ume dira eta istorio bakoitza herrialde batean kokatuta dago, errefuxiatuen ihesaldiaren etapa desberdinak islatu nahian: Berlin, Samos uhartea (Grezia), Jordaniako Zaatari kanpalekua eta Oñati. Haur errefuxiatuen eskolaratzearen inguruko hausnarketa egiten du dokumentalak. GAUR8 Irazabalekin mintzatu da errefuxiatuen dramaren inguruan. Dokumentalak izandako harrerarekin pozik da Arrasateko kazetaria eta lotsagarritzat jotzen du bai Europak errefuxiatuekin duen jarrera bai aferari heldutasunez heltzeko agertzen duen borondate politiko eza.

Nola sortu zen dokumentala?

Iazko urrian, Lesbosen geundela, bururatu zitzaigun. Moirako kanpalekuan konturatu ginen herrialde desberdinetako haurrek beraien artean turkieraz hitz egiten zutela. Turkian egon ziren denboran, eskolatuak zeuden, baina, behin Greziara iritsita, hilabeteak pasa zituzten eskolara joan gabe. Eskolara ez joateak zer-nolako ondorioak dituen aztertzen hasi ginen. Politena dokumental bat egitea izan zitekeela pentsatu genuen. Lau epetan garatzen diren lau istorio aukeratu genituen.

Nola lortu zenuten umeokin lan egiteko aukera?

Familiei oso ondo azaldu genien nortzuk ginen, zertara gindoazen, zein zen proiektuaren funtsa. Denbora guztian galdetzen ziguten ea Netflix edo Youtubekoak ginen; ez zekiten zer zen dokumental bat ere. Oso zintzoak izan ginen haiekin. Ez genuen malko errazik nahi. Egun batzuetan beraien bizitzan oso presente egongo ginela azaldu genien, gauza ez zela pare bat galdera egin eta joatea. Hasierako unetik informazio guztia mahai gainean jartzen denean, ondo ulertzen dute. Egia da da hasieran zaila egin zitzaiela bideo kameretara ohitzea eta naturaltasunez jokatzea. Baina, hirugarren egunetik aurrera, ohitu egin ziren eta gu dekoratu hutsa ginen. Berlinen dagoen Siriako familiak albiste txar bat jaso zuen gu bertan geundela. Misil batek izebaren etxea jo eta izeba hil egin zela esan zioten amari. Azken bi egunetan ez zegoen ezertarako eta hala esan zigun. Jordanian, kanpalekuan grabatu genuen denbora guztian bi polizia eta polizia sekretu bat zeuden gurekin. Kazetariak zertara doazen eta zer grabatu nahi duten kontrolatu nahi dute. Hasieran ez zen oso erosoa grabaketak haiekin egitea. Gainera, egunero aldatzen zituzten. Gure lana ikusita, pixkanaka tarte gehiago ematen hasi ziren. Etxera grabatzera joaten ginenean, kanpoan gelditzen ziren. Hori hartu-eman zail baten emaitza izan zen.

Zer-nolako ondorioak ditu eskolara ez joateak?

Lotsagarria da Europaren bihotzean milaka umek eskolara joateko aukerarik ez izatea iheslariak direlako. Oso herrialde gutxi egiten ari dira ahalegin hori. Errefuxiatuen dramari larrialdi egoera bati emango liokeen tratamendu berbera eman dio Europak. Zer behar da? Arropa, berokiak, jatekoa… baina ez dago benetako inbertsiorik. Hau da, ez da kontuan hartzen errefuxiatu horietako asko Europan geldituko direla eta gure etorkizuneko bizilagunak izango direla. Ez badakite ez idazten ez irakurtzen, ez badituzte ezagutzen bizi diren gizarteko ohiturak eta kode sozialak, hemendik 30 urtera kanpalekuetan dauden ume asko belaunaldi galdua izango dira. Europaren aldetik ez dago borondaterik gai honi heldutasunez eusteko. Hau jada ez da larrialdi egoera bat, kronikoa bihurtu den drama bat da, baina Europak ez du hala aitortu nahi. Lotsagarria da Grezia eta Turkiako mugan duela gutxi sei pertsona hotzez hil izana.

Zein izan da egin duzun lanik gogorrena?

Gazaren kontrako 2014ko erasoaldia benetan gogorra izan zen. Kontraesan izugarriak sortzen dizkizu sarraski hori hurbiletik bizitzeak jakinda atzerriko kazetaria izateagatik nolabaiteko babesa duzula. Oso gogoan dut ere Idomenin gertatutakoa. Hilabete eta erdiz egon ginen Grezia eta Mazedonia arteko mugan. Haien etsipena edo Mediterraneoan hiltzen ari diren izen gabeko etorkinei buruz berri ematea ere gogorra da. Errealitate horiek zure barruko kutxan gelditzen dira.

Idomeni aipatu duzu. Muga legez kanpo gurutzatzea leporatuta, atxilotu egin zintuzten. Nola bizi izan zenuen?

Gazan bezala, barne kontraesanak eragin zizkidan. Jakin bagenekien kazetari eta nazioarteko ekintzaileak atxilotzea disuasio metodo bat zela arreta guztia gugan egoteko, eta, egia esan, ondo atera zitzaien.

Badirudi hildakoen kopurua altua ez bada, komunikabideen arreta lortzea ezinezkoa dela. Hiltzen diren etorkinak zifra huts bihurtu dira.

Bai, hala da. Italian, adibidez, izugarrizko ahalegina egiten ari dira identifikatu gabeko iheslariei izena jartzeko. Argi dago ontzi batean 70 turista hondoratzen badira, horien gorpuak erreskatatzeko izugarrizko ahaleginak egingo direla. Ez da gauza bera gertatzen migratzaileekin. Gobernu eta erakundeen aldetik ez da ahaleginik egiten itsasoak irentsitako pertsonok aurkitu eta identifikatzeko. Gizartean, ordea, pertsonok identifikatzeko saiakera handia egiten ari dira ekintzaileak, tartean kazetariak eta Cristina Cattaneo bezalako auzitegi medikua.

Zer espero daiteke 2020an?

2019an bezala jarraituko dugu, ezikusiarena egiten. Ikusi beharko dugu zer egiten duen Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrak, behin eta berriz egiten baitu mehatxu hondartzak eta mugak zabaltzearekin.

Iheslariena tresna geopolitiko bihurtu da, ezta?

Eskuin muturrak oso ondo jakin du drama hau kapitalizatzen eta migratzaileei Europaren arazo guztiak leporatzen. Talde politiko tradizionalak, sozialdemokrazia eta eskuin tradizionala, ez dira gai izan diskurtso horri aurre egiteko. Ultraeskuinaren gorakada gelditzeko bere egin dute diskurtso hori, baina, originalaren eta kopiaren artean, jendeak beti du nahiago originala. Italian oso argi ikusi da. Etxeko lanak egiteko prest dagoen kazetaririk ez dagoenez, edo ultraeskuinaren diskurtsoari heldutasunez aurre egiteko politikaririk ez dagoenez, ikusten ari gara hedabideak publizitatea egiteko erabiltzen ari direla.