2020/01/04

Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea
Gure bihotzetik zuenera…

Amaitu zen 2019a ere, eta hemen dugu jada 2020a. Txikia nintzenean uste nuen 2020an espazio ontziak ibiliko zirela zerutik barrena, ezin bainuen imajinatu ere egin 2020an zer gertatuko ote zen.

Eta hemen nago ordenagailu aurrean pentsatzen zer, nola eta zeini idatziko niokeen urte berriko lehen ekarpen txiki hau. Dudarik gabe gure zentroko adin txikiko ausartentzat doaz urte berri honetako gure asmo eder guztiak, gure ikasketa, lan esperientzia eta esfortzu guztiak zuentzat baitira, zuentzako eta zuen familientzako. Egunero-egunero zuek gu hobetzera eramaten gaituzuelako, zuen zailtasunen aurrean gure kontaktuak, irakasleak, liburuak astindu behar ditugulako ondoren arazoak denon artean gainditzeko.

Askotan zuen inguruan profesional asko izaten dira lanean: neuropediatrak, Berritzeguneko arduradunak, aholkulariak, Laukako kasuen arduradunak, Foru Aldundiko teknikariak, irakasleak, psikiatrak, osteopatak, kardiologoak, otorrinoak, Gautenako arduradunak… Zuen hobekuntza hobea izan dadin sarean lan egiten dugu eta horrek profesional trebeagoak egiten gaitu, denon artean askoz hobe pentsatzen dugulako!

Lehendabiziko guraso saioak gogorrak izaten dira, familiak tentuz etortzen dira. Izan ere, beste behin, familiako txapeldun txikiaren biografia korapilatsua kontatzea tokatzen zaie, zauriak irekiz eta malkoak isuriz. Gure lana da zuek gure artean goxo sentitzea, lagunduta, zuen galderen erantzun batzuk erantzuten jakitea eta ez dakizkigunak topatzen saiatzea.

Guztiak zarete txapeldun, erditze goiztiarrez jaiotakoak, autismoa diagnostikatu dieten haur txikiak, haurdunaldi korapilatsuen ondorioz arazo ebolutiboak eta fisikoak dituzten haurrak, inkubagailu-haurrak, hizkuntza-atzerapena dutenak… Baita hilabete gutxirekin ebakuntzak jasaten dituzten eta bizitzaren alde gogor borrokatu behar izaten duten txikiak ere. Aipamen berezia zor diogu Donostiako Ospitalean Gabon hauetan zainketa intentsiboetako unitatean ingresatuta egon den gure txapeldunari.

Herrialde ezberdinetakoak elkartzen gara: afrikarrak, euskaldunak, argentinarrak, kolonbiarrak… Guztiok dugu amankomunean zerbait: gure txikien diagnostikoari eta bidean aurkitutako zailtasunei aurre egiteko indarra eta gogoa. Gurasoekin dolua lantzen dugu, bere etapa guztietan; hasieran, amorrua (munduarekin haserre, zergatik guri?). San Tomas eguna etorri eta ezin ibili beste guztiak bezala pintxoak jaten… eta horrelako beste mila egoera egunero gainditu behar.

Tristura hemen dago gurekin. Negar egiten dugu idealizatu genuenaren eta benetan gertatu denaren arteko aldea erabatekoa delako. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka, egun batean bai eta hurrengoan ez, egoera barneratzen hasten gara, zein laguntza ditugun, zer ari garen ikasten...

Harremanak Elkarteko lantaldea osatzen dugunok Arreta Goiztiarreko kide guztiei urte berri on eta zoriontsua opa dizuegu! Urte berriko indar eta kemen guztia zuentzako izan dadila! •