2020/01/04

> Urte zaharrari agur, ohe hutsak gogoan
0104_kodigoa4

Gabon gauean Euskal Herriko leku ugaritan egin zuten bezala, urte zaharrari agur esatearekin batera ere makina bat herrik kantatu zuten Hertzainak taldearen “564” abestia, #245ohehuts ekimenarekin bat eginda. Hona, beraz, espetxeetara elkartasuna helarazteko eta presoen askatasuna kantuz aldarrikatzeko elkarretaratze batzuen eta sareetan ugaritu ziren mezu bakan batzuen berri.

Bilbon Plaza Barria bete egin zen astelehen gauean Garirekin, Zea Mayseko Aiora Renteria eta Pitirekin, Zazkel taldeko Etxahunekin eta Mikel Martinez aktorearekin Hertzainak taldearen “564” abesteko.

Zaldibarren eta Berrizen eguerdian egin zuten kantu saioa. Ondarroan ere eguerdian abestu zuten kantu ezaguna, @TurruneOndarroa erabiltzaileak Twitterren kontatu zuenez: «@ohe_hutsak‬ ekimenan barrun, 564 abestu dou pilobat Ondarrutarrek! Etxin falta gaskuzenak ETXIN NAHI DOUZELAKO!».‬

Soraluzen ere plaza bete zuten eta Pasai Donibanen ere jende ugari elkarretaratu zen Hertzainak taldearen abestia kantatzera. Arrasaten musikari ugarik parte hartu zuten, eta ekimenaren berri eman zuen @arratibelmai erabiltzaileak: «Arrasaten ere etxerako argiak piztu ditugu». @IrunEHBILDU-k Irungo kantu saioaren iruzkina egin zuen: «Ohe hutsekin amaitu nahi dugulako, konponbide garaia delako. Etxerako ordua delako».

> Hackerrek Puigdemont Canal 24ra eraman zutenekoa

Duela hiru astetik gora gertatu zen, eta zortzi egun geroago jakinarazi zuen Russia Todayko editore buru Margarita Simonyanek. Hackerrek TVE Espainiako telebista publikoaren ekipo informatikoetara sartu eta Russia Todayk Carles Puigdemonti egindako elkarrizketa Canal 24 katearen bidez zabaltzea lortu zuten. Elkarrizketatzailea ez zen kazetari bat, Ekuadorko presidente ohi Rafael Correa baizik, “Conversaciones con Correa” saioan. Russia Todayko editore buruak esan zuenez, emanaldia gau osoan luzatu zen. «Ez dakigu nork egin duen, baina oso polita izan da», erantsi zuen. Canal 24n, berriz, ez dute ezertxo ere esan.

> «Txoria txori», Ugandako gazteen eskutik

Iganga hiria, Kampala eta Nairobi arteko bidearen erdian, lehorteetatik, gatazka armatuetatik eta era guztietako krisietatik ihes egindako etnien migrazioen bidez hazitako hiria da. Bere ezaugarri handienetako bat pobrezia da. Beste bat: alkoholismoa. Orokorrena: etorkizuneko aurreikuspenik eza.

Iganga Community Brass Band tokiko proiektua da, eta haurrei eskolak doan ematen dizkie ikastetxetik ateratzean. Gainera, banda, aldi berean, aterpe etxea da, abandonatutako haurrak babesten dituena.

Haurtzaro osoa musika eskolan bizitzen, lanbide bat eskuratzen dute: musikariena. Horietako askok, helduarora iristean, lana aurkitzen dute. Xedea proiektu horri eustea eta prestakuntza-aukerak handitzea da. Orain ‘Txoria txori’ abestiarekin ausartu dira..

> Hamdi, kastako kazetari sahararra

“Eppur si muove” blogean, Andoni Lubakik beste kronika bat ekarri digu Saharatik.

«‘Kanpoko medioek ez digute jaramonik egiten. Beti ez dela ezer gertatzen hemen diote. Ez da egia. Soilik kultura, herri eta arazo hau ondo ezagutu behar dira gatazkaz hitz egiteko’, dio Hamdik bere Rabouniko etxe eta lantegi den gelaxkatik. (...) Isildu nahi duten gatazka honetan zer gertatzen ari den jakiteko ezinbestekoa da Hamdiri galdetzea. Askotan ‘Wikipedia sahararra’ deitzen diot (...).

Hamdik berak bakarrik aldizkari saharar bat editatzen du. Bera da kazetari, argazkilari, editore, maketatzaile, kopista eta banatzaile. Bera da aldizkaria. (...) Kastako kazetaria da Hamdi. Bera gabe ez legoke nazioartean Saharaz ateratzen diren albisteen laurdenik ere. Kazetariok Hamdi dugu suziri ilunpetan. Ni bere maisu izan nintzen, baina nik gehiago ikasi dut berarengandik».

> «Mi nombre se borrará», Ingravitö taldearen lan berria

Ikusgai dago NAIZ+ atarian Ingravitö talde nafarraren “Mi nombre se borrará” azken lanaren bideoa. Migratzaileen Nazioarteko Egunean estreinatu zuen taldeak lana.

Iruñeko bi lagun errefuxiatu eta migratzaileren laguntzarekin egin dute. Iraketik etorritako Hasanek 15 urte ditu. Elisabeth, berriz, Kenyatik heldu da Iruñera, beretzat eta familiarentzat etorkizun duinago baten bila. Nafarroako Munduko Medikuek “Mugitzen diren lagunak” kanpainarako soinu banda egitea proposatu zion Ingravitö musika taldeari. Lan hau Ingravitök laster argitaratuko duen eta migrazioak gai izango dituen dokumental-disko baten parte izango da.