Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Ama lurra

Urte aldaketari koaderno bat bukatu eta beste berri bat estreinatzearen pareko sentsazioa hartzen diot. Ordezkatze-ekintzan bada itxiera eta atzera begirako berrikuspen bat, hasierek sorrarazitako paper zuriaren aurreko kili-kiliak tripan, eta biek, bata bestearen atzetik, jarraipen bat osatzen dute. Eta 2020. urtearen idazketan, jarraipen hari bat azpimarratu beharko banu, ama lurraren egoerarekiko afera mahai gaineratuko nuke. Iaz inoiz ez bezalako kezka piztu da jendartean, gure bizimoduak ingurune naturalean sorrarazten dituen ondorioen gainean. Eta aurten ikusaraziko da ardura horrek norainoko eraldaketa-indarra duen. Aurten, beraz, gure pribilegioak berrikusten jarraituko dugu, izan ere, ama lurraren aurrean, denok gaude boteretsu eta azpiratzaile paperean. Eta ezer ez denez kasualitatea, ama lurra sustrai femeninoekin ahoratzen da.

Pentsatu nahi dut ama lurraren zaintzagatik arduratzen garen unetik, nor bere lekutik zer egin dezakeen hausnarketan hasten dela, bakoitzaren bizi eredua kutsatzaile gisa birpasatzen eta kontsumoa birplanteatzeko denbora hartzen (hasi elikadurarekin, jarraitu energiarekin eta garraioarekin bukatu). Baina, hausnarketak, indibiduala ez ezik, kolektiboa ere behar du izan. Eta lurraldea eta hiria antolatzeko lanbidea dugunok erantzukizun handia dugu gatazka honetan, hirigintzaren egitekoan baliabide natural askoren kudeaketa ereduak erabakitzen direlako. Bizi eredu aldaketak abian jartzeko politikak txertatzeaz gain, etortzear den egoerarako prest izan behar gara.

Lurraldegintzan ama lurraren zaintza lehen lerrora ekartzea iraultza itzela dela ohartzen gara. Izan ere, ama lurraren zaintzak hankaz gora jartzen ditu orain arteko pentsatzeko eta egiteko dinamikak. Batik bat, etorkizuna ziurgabetasun handiko paraje bat dela baieztatzera garamatza, eta, bide batez, kontrol gutxiko egoerak diseinatzeko zein prestakuntza eskasa dugun jabetzera. Lurraldea antolatzeko arauak eta pentsamoldeak zurrunegiak dira aurki etorriko diren ur igoera, lehorte eta euri jasa handiei aurre egiteko. Berandu ari gara eta sormen ariketa handiak egitera behartuko gaituzte egunerokotasuna puskatuko duten egoera eta ondorioek. Behin-behinekotasuneko gertakizunak kudeatzen ikasi beharko dugu egunerokoaren parte bailitzan. Salbuespenak estu lotzen dituen arautegia malgutu egin beharko da ezinbestean. Noski, erresistentzia handiak daude etor daitekeenaren mapa onartzeko, sinismen ekologista ateoak direla argudiatzera iristeraino.

Gogoan ditut Bilboko uholdeen biharamuna kudeatu behar izan zutenen kontakizunak; hiriak, herritarrek eta administrazioak, prestakuntzarik gabe, larrialdi egoerari aurre egin ziotenekoak. Errepideak kale zireneko egunak, lantokiak etxebizitza, plazak trasteleku, elizak ospitale. Larrialdiko hirigintza egiten ikasiko dugu, espero, aurrez salbuespen egoerak erraztasunez kudeatzeko baliabide urbanistikoak eskainiz. Lan handia aurretik, lagunok. •