2020/01/11

Berastegin eskiatzen, 1909an

Mustad enpresa norvegiarra Tolosan finkatu zenean, eskizaletasuna iritsi zen Gipuzkoako udalerri horretara, enpresa hartako langileen bidez. Kirol horren aitzindariak izan ziren Euskal Herrian. 1908an, Policarpo Elosegui, Isaac Lopez-Mendizabal, Jose Izaguirre, Ramon Irazusta eta Jenaro Ruiz de Arcautek beren lehen saioak egin zituzten Lekunberri inguruan eskiatzen. Orduan sortu zen Ski Club Tolosano. Aralar mendilerroaren ondoko Berastegi herria tolosarrak eskiatzera joaten ziren ohiko lekuetakoa bihurtu zen. Irudian Ruiz De Arcaute sendiko eskiatzaile talde bat ageri da Berastegin, baita haien lagun batzuk ere, 1909an. Ruiz de Arcaute sendia Tolosako La Esperanza paper-fabrika dagoeneko desagertuaren jabea izan zen. Sendi horren argazki funtsa Aranzadi Zientzia Elkartean dago.