Gorka Elejabarrieta

Erresuma Batuaz bi hitz

Aspaldi irakurri nuen “Long Walk to Freedom”, Nelson Mandelak idatziriko autobiografia. Liburuak eragin handia izan zuen niregan, zenbait gauza ikusteko eta begiratzeko modua aldarazi didaten liburu horietako bat izan da. Oroitzen dut liburu horretan Nelson Mandelak Erresuma Batuko demokrazia goraipatzen duela zenbait unetan. Garaian harritu egin nintzen, britainiarren curriculum koloniala ez baita nolanahikoa, gauzatu dituzten sarraskien tamainakoa. Jakin banekien, gainera, Nelson Mandela irlandar errepublikaren zalea eta laguntzaile amorratua izan zela. Egia esateko, ez nituen ulertzen eta apur bat haserrarazi ninduten horrelako aipamenek. Ez dut esango egun hobeto ulertzen ditudanik, ez baita egia. Nire iritzia berdintsua da, baina aitortu beharra daukat hobeto eta gehiago ezagutzen ditudala britainiarren pragmatismoa eta bereziki daukaten aurreikuspen gaitasuna; eta beti lortzen dituzten emaitza onek (haien buruarentzat noski) harrituta naukatela.

Erresuma Batua Eskoziak, Irlandaren zati batek, Galesek eta Ingalaterrak osatzen dute. Ez dute inolako konplexurik ezta beldurrik ere nazio ezberdinak direla aitortzeko. Urteak aurrera doaz, baina Britainiar Inperioari lotuta izandako herrialdeak biltzen dituen Commonwealth nazioarteko erakundea mantentzea lortu dute eta Europar Batasuna bezalako klub bat uzteko balentria erakutsi dute. Globalizazioaren aitzindari eta bultzatzaile nagusietako bat izatetik, subiranotasun nazionala eta protekzionismoa babestera pasa dira.

Boris Johnson lehen ministroak Eskoziako bigarren erreferenduma ez duela baimenduko esan du, baina, egia al da? Kataluniari buruz hitz egiterakoan zenbatetan aipatu ditugu eskoziarrek egindako erreferendum adostua edota Erresuma Batuaren jarrera eta praktika demokratikoak eredu bezala. Erresuma Batuaren “espainiartzearen” aurrean ote gaude? Ez dut uste.

1997an, Irlandako bake prozesuaren erdi-erdian, Eskozian eta Galesen gobernu eta parlamentu propioak eskuratzearen aldeko erreferendumak egin ziren. Gehiengoa baietzaren azaldu zen, parte hartzea apartekoa izan ez bazen ere. Galesen herritarren %50,22 joan ziren bozkatzera, eta, Eskozian, %60,18 (2014ko independentzia erreferendumean eskoziarren %84,59ek parte hartu zuten). Irlandako bake akordioa 1998ko apirilaren 10ean sinatu zen, Galeseko Autonomia (Wales Act) 1998ko uztailaren 31n onartu zen eta Eskoziako Autonomia (Scotland Act) 1998ko azaroaren 19an. Zazpi hilabete eskasetan estatuaren erreforma oso bat aurrera eramateko gai izan ziren, Erresuma Batua zetozkion erronken aurrean bere burua prestatzeko gai izan zen. 2014ko irailaren 18an eskoziar independentzia erreferenduma egin zen eta ezetzak irabazi zuen.

David Cameronek emaitzak aztertzeko diskurtsoan esandakoak dauzkat gogoan, eta orduan ere antzeko sentsazioa izan nuen. Cameronek Eskozia, Ipar Irlanda eta Galeseko autonomiak aldatu eta eskumen gehiago aitortuko zizkiela esan zuen; estatuaren beste erreforma bat etorriko den egoerari baldintza hoberenetan erantzun ahal izateko. Horretxegatik guztiagatik, nire ustez, egun Boris Johnsonek Eskozian bigarren erreferendumari emandako ezetza baietza bilakatuko da datozen hilabeteetan edo urte gutxiko epean, baldin eta eskoziar independentistak erreferenduma ikur hartuta bertako hauteskundeak irabazteko gai diren. Ziur naiz datozen urteetan Eskozian bigarren erreferemduma ikusiko dugula, baita Irlandan erreferenduma edo erreferendumak ere bai. Erresuma Batuak etorkizunerako bere burua prestatzen jarraitzen du, Eskozia eta Irlanda gabeko etorkizun baterako, Europar Batasunetik kanpo eta Ameriketako Estatu Batuek zein Commonwealth nazioarteko erakundeak ematen dioten segurtasuna profitatuz. Ez dakit Nelson Mandelak arrazoia zuen edo ez, baina aitortu beharra dago gaur egun hobea litzatekeela guretzat Erresuma Batuaren menpe egotea Espainiako Erreinuaren menpe baino. •