Miren Azkarate Badiola

Hurrengoan izango da

Urte berriarekin batera pasatakoaren balantzea egiten dugu eta datorrenarentzako desioak, nahiak, helburuak eta horrelakoak finkatzen ditugu. Egia aitortu behar dut: aurrekoaren balantzea oraindik ez dut egin eta datorren honetarako tipikoak direnak, erretzeari utzi edo kiroldegira joan, ez ditut jarri utzi niolako erretzeari eta kiroldegira joateari ez diodalako inoiz (edo momentuz) utzi. Baina bada zerbait ni ohartzen ez nintzena eta GAUR8ko kolaborazio honekin zer ikusia duena; nik idatzitako artikuluen balantzea eginda, badirudi lerro hauetan, gehienetan, haserre tonua edo kexua nabarmentzen zaidala, eta, akaso, umore pixka batekin edo beste ikuspegi batetatik idaztea ere ariketa interesgarria izan liteke… Horiek gertuko lagun baten aholkuak.

Egia aitortu behar badizuet zaila egiten zait zeharo dudan idazteko modu hori alde batera uztea. Izan ere, ingurura begiratzean, ikusten ditudan albiste, gertaera eta bizipenekin poza eta umorea baitira sentitu eta ateratzen zaizkidan azkenak. Baina tira, saiatuko naiz. Hori bai, hurrengoan izango da, bihar gertatuko den zerbaitek ez baitit uzten artikulu hau alaitasunetik amaitzen; Xua gurasoengandik bereiziko dute eta haiek ikusteko milaka kilometro egin beharko ditu hemendik aurrera. Hiru urte beteko ditu eta inoiz izango duen urtebetetzerik gazi-gozoena izango da, gurasoekin ospatuko duelako eguna baina gero egunero 24 ordu amarekin igarotzetik hilabetean 2 ordu edo asko jota 4 ordu igarotzera pasako delako bat-batean. Nola ez naiz ba haserre edo kexu izango? •