Pello Otxandiano

Pintzel fina ateratzeko garaia

Urtea hastearekin hamarraldia estreinatu dugu. Prospekzio askoren arabera XXI. mendeko hamarraldi hau krisi-hari ezberdinen eztanda garaia izan daiteke. Zibilizazio krisia aipatzen da, eta ez dut uste terminoa debaldekoa denik. Ezinezkoa dirudi modernitatearen eta ilustrazioaren zimenduen gainean eraiki den garapen eredu hau erradikalki inpugnatu gabe ordena iraunkor eta egonkor bat imajinatzerik. Kolapso planetarioa aukera guztiz erreala da epe ertainean. Hamarraldi honek norabidea zuzentzen hasteko garaia behar du halabeharrez.

Eta, hara non, mugarria izan daitekeen hamarraldi honen atarian, Espainia bihurtu den Europako ezkerraren esperantza. Azken hilabeteetako bilakaera ikusita behintzat ez dirudi Pedro Sanchez printzipio sendoko pertsona denik. Hautu bat egin du azkenerako, zerk motibatua eta zer konbentzimendurekin galdetzea zilegi bazaigu ere, gutxi axola du. Kontua da II. Errepublikaz geroztik ikusi ez den gobernu konfigurazio baten aurrean gaudela. Egoera berria da. Lehen aldiz Espainiaren historian “sistemaz kanpoko” indar politikoek eusten diote Estatuaren gobernagarritasunari eta bere demokratizazio aukerari –ondorioz bere egonkortasunari–. Paradoxa da, neurri batean. Eta galdera segituan datorkigu burura: gobernu hau sostengatzeak 78ko erregimenari oxigenoa ematen dio ala erregimenaren krisiaren sakontzea ekar dezake independentismoa indartzearen bidetik?

Ezegonkortasunean bizitzera kondenatuak gaude. Gobernu honen ahulguneek indargune izaten bukatuko duten ala bide laburra egingo duen, denborak esango du. Edonola ere, gaur-gaurkoz, PSOE-Podemos gobernuak hautu berdinzalea ordezkatzen du, baita Euskal Herrian ere. Izan ere, gustuko ez dugun arren, ireki den aukera honek marko kognitibo espainiarra indarrez ezartzen du gurean, eta Katalunian. Egoera berriaren aurrean, independentismoak bere hautua egin du, dituen indarguneen jakitun: giltzarria da gobernagarritasuna bermatzeko eta aukera du esperantza aurrerazalearen aliatu ezinbesteko izateko, eta, ondorioz, partida ondo jokatuz gero, baita hautu aurrerazalearen abangoardia gisa proiektatzeko ere Espainiako sektore aurrerazaleen zein Kataluniako eta Euskal Herriko gizarteen aitzinean.

Horretarako, baina, egoera berri honek bere posizio taktikoa fintzea galdegiten dio. Nola jokatu partida hau? Nola baliatu zenbat luzatuko den ez dakigun garai ezegonkor hau agenda demokratikoa indartu eta herri-prozesua sendotzeko? Ariketa eszeptizismoan instalatu eta aukera hau frustratu dadin zain gelditzea baino zertxobait konplexuagoa da, bistan denez.

Zalantzarik gabe, agertoki honen arrisku handietako bat herri ikuspegi beregaina lausotzea da. Aro historiko honetako erronka kolosalei aurre egiteko baldintza eta gaitasun propioak izan ditzakegu herri gisa. Funtsezkoa da euskal subjektibotasun beregaina erreproduzitzea. Epe ertainean datorkigun gizarte-moldea nolatsukoa den aurreikustea ariketa batere ziurra eta erraza ez den arren, independentismoak badu heldulekurik hamarraldi honetan indarrez posizionatzeko, uste dituenak baino sendoagoak seguru aski.

Bi hanken gainean jokatu beharko du partida hau: gobernua baino pausu bat aurretik ibiltzen saiatuz eta marko estatalak irekitzen dizkion aukerak baliatuz hautu aurrerazalearen lidergoa bereganatzeko. Eta, aldi berean, eraldaketarako Euskal Egitasmoa edukiz betez, aldaketarako marko eraginkorrena Euskal Herria dela frogatuz bertako sektore aurrerazaleei.

Eta, horretarako, pintzel fina ateratzera behartua dagoelakoan nago. Etorriko diren olatuak estatu propioaren aldeko errelatora biltzeko errazkeriatik urrun behar du. Diskurtsoa eta proposamenak sofistikatu eta janzteko premia du independentismoak Euskal Herrian. •