Juantxo EGAÑA

Turistak Biarritzen 1900ean, olatuei begira

1843an, Victor Hugo idazleak Euskal Herriko zenbait herri bisitatu zituen; haien artean, Biarritz. XIX. mendearen azken herenean, Emile Zola, Alexandre Dumas eta beste idazle batzuek ere bisitatu zuten Lapurdiko herria. Ordurako, Biarritz Europako turismoaren hiriburu bihurtua zen. 1854an, Napoleon III.ak eta Maria Eugenia Palfoxek Villa Eugenie eraikitzeko agindua eman zuten, zenbait urte geroago Hôtel du Palais izango zena, alegia. XX. mende hasieran, Coco Chanelek bisitatu zuen Biarritz, eta 1915ean boutique bat zabaldu zuen, Europa Lehen Mundu Gerran murgiltzen zen aldi berean. XIX. mende amaieran, Biarrizko quincaillerie garrantzitsuenetako bat gobernatzen zuen Bordeleko merkatari familia batek, Dumont sendiak, hirian eman zuen uda. Familia hartako kide bat argazkizalea zen eta 1890tik 1910era bitarteko 70 argazki baino gehiagoko album bat utzi zuen. Irudiotan Euskal Herriko zenbait herri azaltzen dira, hala nola Biarritz, Hondarribia, Itsasu eta Donostia. Bretainiako beste zenbait herri ere agertzen dira. Artikulua ilustratzen duen irudia Biarritzen egina da, 1900ean. Bertan zenbait turista ageri dira, itsasertzean lehertzen diren olatuei begira.