Juantxo EGAÑA

duela mendebeteko Bilboko zilargileak

1911ko uztailean, Luis Anduizaren elkarteak, zilarrezko, metal zuri zilarreztatuzko eta alpakazko mahai-tresnak egiten zituenak, ohorezko sari handia irabazi zuen Buenos Airesko Erakusketan, garaiko hedabideek zabaldu zutenez, bere zilargintza eta bitxigintza objektu artistiko eta balio handikoengatik. Elkarte hori 1884an sortu zen, eta Europa mailako zilargintza fabrika garrantzitsuenetakotzat jotzen zuten XIX. mende amaieratik. Bitxigintza fabrika eta bulego zentrala Bilboko Posta kaleko 5. zenbakian zegoen, eta zilar-lantegiak, Gordoniz kaleko 22. zenbakian. Besteak beste, kalizen, ur-ardo ontzien, ziborioen, koroen eta apain-mahaiko zerbitzuen fabrikazioa iragartzen zuten, eta beren iragarkietan hainbat hotelen, kasinoren, jatetxeren, kafetegiren eta Itsas Armada espainolaren hornitzaile zirela agertzen zen. XX. mende hasieran erlojugile gisa agertzen zen zenbait iragarkitan. Artikulua ilustratzen duen argazkia Luis Anduiza zilar eta bitxi fabrikan egina da, 1920 aldera. Haren egilea ezezaguna da. Bertan emakume talde bat ageri da lanean, mahai-tresnei distira ematen zieten tailerrean. 1927an, Anduiza zilargintza lantegiko langile horietako batek, Angela Otxoa zilargileak, zilar-lantegi bat zabaldu zuen Donostian bere senar Pedro Satostegirekin.