Amaia Nausia Pimoulier

«Mogambo»

Gure aitona Enrike zinemazale amorratua zen, bereziki gustuko zituen Clark Gableren pelikulak. Hollywoodeko aktoreen izenak idazten diren moduan ahoskatzen zituen belaunaldikoa zen aitona eta barrez bere ahoskera zuzentzen nuenean, are ozenago ahoskatzen zuen aktorearen abizena gaztelaniaz irakurriko litzatekeen moduan.

Gableren zale amorratua izanda, imajinatzen dut “Mogambo” pelikula ikusiko zuela aitonak. 1953. urtean estreinatu zen, gure ama jaio eta bi urtera. Imajinatu dezaket, era berean, nire aitonaren harridura Grace Kelly filmeko beste pertsonaia batekin intzestu harremanak izaten ari zela ikustean. Zentsurak garai hartan modu oso zorrotzean funtzionatzen zuen eta pelikuletako bikoizleek beraiek zentsuraren guraizeak saihesteko neurriak hartzen zituzten. Horregatik, Grace Kellyren pertsonaiak Clark Gablerekin adulterioa egin ez zezan, Graceren senarra bere anaia bihurtu zuten. Ez dut imajinatu ere egin nahi zer pentsatuko zuten garai hartako ikusleek. Baina Estatu frankistak oso argi zuen zein zen bere helburua. Dagoeneko Pilar Primo de Riverak Falangeko Sekzio Femeninoa sortu zuenean argi eta garbi esan zuen; Errepublikak deuseztatutako balio tradizionalak berreskuratu behar zituen Francoren erregimenak eta horretarako funtsezkoa zen familia erdigunean jartzea. Horretarako euren eskuetan zituzten tresna eta bide guzti-guztiak erabili zituzten; eskola, eliza eta, zergatik ez, zinema.

Gauza zoroagoak ikusten ditugu gaur. Esate baterako, gaur egun Espainiako ultraeskuinak (nahiz eta espainiar eskuinaz soilik hitz egin beharko genukeen, espainiar eskuin guztiak ultraeskuinaren arropa aspaldi jantzi du eta) haurrak eskolan doktrinatzea leporatzen dio Estatuari, eta gurasoek beren seme-alabak egoki deritzoten balioetan hezteko duten eskubideaz hitz egiten du. Balio horiek, noski, balio tradizionalak dira; familia heteronormatiboa erdigunean duen hori. Bagenekien frankismoaren oinordeko zuzenak zirela, eta dagoeneko ez dira saiatu ere egiten hori disimulatzen.

Garbi dago, era berean, doktrinatzea askatasunean heztearekin nahasten dutela, askatasuna hitza bereganatzen saiatzen diren arren. Skolaerekin ere egin zuten aurreko Nafarroako Gobernuari leporatuz hainbat balio inposizioaren bidez zabaltzen ari zela. Haur bati errealitatea zein den eta aukerak zeintzuk diren azaltzea ez zaidan arren inongo inposiziorik iruditzen, ez naiz giza eskubideak, tolerantzia eta askatasuna bezalako balioak eskola curriculumetan irakastearen kontra agertuko inolaz ere.

Zentsurak orain beste bide batzuk hartu ditu. Ez dabiltza zentsoreak guraizeekin pelikulak mozten zuzenean, batzuetan sotilagoa da kontua. Horren adibide da Mayak Iruñerrian erabili duen ingeniaritza politikoa (hitza Joseba Asironi lapurtu diot) Euskalerria irratiari –Iruñean dugun euskal komunikabide bakarrari– publizitate instituzionalagatik jasotzen zuen dirulaguntza kentzeko.

Beste batzuetan, berriz, modu zakarragoak erabiltzen dituzte; adibidez Iruñean emanen zen hitzaldi baten izenburuarekin urduri jartzen direnean «orgasmo» hitza agertzen delako. Ez dakit aitonak zer esanen lukeen honi guztiari buruz, baina argi dago “Mogambo”-n bezala orain batzuek intzestua, batzuetan baita zoofilia ere, ikusten dutela nonahi. •