Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Iñigo Legorburu
sortzailea

«Niretzat idaztea mundua interpretatzeko aukera da: zure burua entzun eta entzuten duzuna paperean jarri»

Lehiaketak dira idaztera bultzatzen dutenak, egunero idazteko ariketa pizten diotenak. Dagoeneko 80 irabazi ditu, azkena, aforismoena. Lanbidez galdaragilea da, baina paraleloan darama bere zaletasun handiena: idaztea.

Errenteriarra da sortzez, eta Hernanin bizi da orain. Era guztietako literatura lehiaketetan ikusi ahal da bere izena eta askotan, gainera, sarituen artean. Azkena, Oihenart aforismo lehiaketa eta horrekin badira 80 lortu dituen sariak. Lanbidez galdaragilea da eta iluntzero esertzen da idaztera, formatu motzean. Bere errutinaren parte da munduari ikusten dizkion ertzak hitzetan kabiaraztea; bertsopaperetan, ipuin motzetan, aforismoetan...

Iñigo Legorbururentzat idaztea bere buruarekin egoteko modua da. Bere burua entzun eta entzun dituenak hitzetan jartzen omen ditu. Eta lehiaketa da idazteko behar duen akuilua.

IX. Oihenart Aforismo Lehiaketa irabazi duzu eta zure marka borobildu: 80 lehiaketa irabazi dituzu azken hamarkadan.

Bai, 80. saria izan da hori. Bertsopaperetan, aforismoetan, ipuinetan, mikro kontakizunetan... aritzen naiz. Idaztea den edozer gauzara animatzen naiz. Baina formatu motza izan behar du eta lehiaketa kutsua. Ez naiz batere diziplinatua eta lana bukatzeko epemuga bat behar dut. Bestela, seguruen, ez nuke egingo.

Alegia, ez duzu lehiatzeko sortzen, baina lehiak sortzen laguntzen dizu.

Bai, horretatik zerbait badagoela esango nuke. Finean, nire buruarekin daukadan borroka bat da. Ez banu entregatzeko eguna izango, egiten dudanaren erdia ere ez nuke egingo. Bultzada hori behar dut; lana entregatzeko egun zehatz bat.

Lanbidea beste alor batean duzu.

Bai, galdaragilea naiz. Idaztea zaletasun bat da, gauero egiten dudana, intentsitate motzean. Ni ez naiz bi ordu idazten egotekoa. Egunero ordu erdi edo berrogei minutu ematen ditut idazten eta kito. Saiatzen naiz egunero ariketa hori egiten, nahiz eta ez dudan beti lortzen. Baina nire errutinaren parte da egunero 30-40 minutu idazten ematea.

Zuretzat zer da idaztea?

Nire buruarekin egoteko momentu bat da. Azkenean, eguneroko erritmoak eraman egiten gaitu. Gaueko momentu lasaiago horretan, nire buruarekin egoteko modua da idaztea. Horrez gain, niretzat idaztea da mundua ikusteko eta interpretatzeko daukazun aukera: zure burua entzun eta entzuten duzuna paperean jarri.

Egunean zehar entzuten ditudan albisteak, irakurtzen ditudanak –oso prentsa zalea eta gaurkotasunaren jarraitzailea naiz–, buruan ibili ditudanak patxadaz hausnartzeko modua da idaztea.

Hain gustukoa izanda eta hain saritua izanda, nolatan da idaztea zaletasuna bakarrik?

Seguruen ez naizelako oso diziplinatua eta ez naizelako gauza luzeak egiteko gai. Saiatu izan naiz gauza luzeagoak idazten, baina sentsazioa daukat bidean galdu egiten naizela. Aurten, adibidez, egin dudan gauza luzeena hamabi orrialdeko lan bat izan da. Niretzako maratoi bat izan da, luze egin zait. Beti formatu motzagoak egiten ditut, hor sentitzen naiz eroso, motzean.

 

Nola hasi zinen lehiaketa bira horretan?

Kasualitatez. Lehen saria bertsopaperetan lortu nuen, Lazkao Txiki sariketan. Xenpelar bertso eskolan ibiltzen nintzen, lagunartean, eta bertso eskolako kontuak aipatuz bertso sorta bat aurkeztu nuen, umorezkoa. Bigarren saria lortu nuen, baina gauza zelebrea gertatu zen; lehen saria eta hirugarrena hutsik geratu ziren. Horrek zer pentsatu eman zidan eta sariketetan parte hartzeko bultzada. Piztu egin ninduen eta segidan etorri ziren ondorengoak. Sariketa hartan ez banindute saritu, ez dakit bide horretan jarraituko ote nukeen.

Ohikoa da hori? Sariketetan sariak hutsik geratzea?

Tira, batzuetan gertatzen da. Euskaraz idazten dugunak ez gara asko. Hala ere, boladak izaten dira, badira arrakasta handia daukaten sariketak eta badira makalxeago dabiltzanak. Baina nire irudipena da idaztea karga bihurtu zaigula, irakurtzea bera karga bihurtu den bezala.

Zure etxeko egutegia sariketetan banatuta irudikatzen dut.

Bai, horrelako zerbait. Behin sariketa batean parte hartzen dudanean, apuntatu egiten dut datorren urterako.

Urtarrilean Mungiako bertsopaper lehiaketa bat entregatu dut eta Errenteriako Mariasun Landa sariketarako lana ere entregatu nahi dut. Barakaldoko maitasun gutunen lehiaketan ere parte hartu nahiko nuke, urtarrilean hori ere. Iaz Bergarakoa irabazi nuen eta aurten epaile nabil. Otsailean, uste dut, ez dudala entregatzeko lanik eta martxoan Iparragirre saria emango didate. Oraintxe esan didate bertsopaperetan saritua izan naizela. Eta horrela, gutxi gorabehera, urte guztia.

Sarien kontu hau bada Euskal Herria ezagutzeko modu bat, sariak jasotzeko aitzakian toki eta jende asko ezagutu ditudalako.

Kasik bi lanbide paralelo dituzu; galdaragilea eta saritua.

Horrelako zerbait. Baina batek jaten ematen dit eta besteak ez. Sariketetatik ezin da bizimodua atera eta garrantzitsuena niretzat egindako lanaren errekonozimendua da. Eta, gainera, nire lana argitaratzen badute, are hobeto. Sariketa batzuetan saritutako lanak apalategietan edo artxiboetan ahaztuta geratzen dira. Beste batzuetan, berriz, lan horiek argitaratu egiten dituzte. Horrek sekulako poza ematen dit.

Epaimahaiaren beste aldean egoten ere badakizu, bertsolari txapelketetako epailea ere bazara.

Bai, horretan ere aritzen naiz. 2006-2007 inguruan hasi nintzen. Bertso eskolan ibilia naiz eta bertsozalea ere bai, baina ez bat-bateko bertsolaria. Nirea bertsopaperak dira. Bertsoa nola epaitzen zen ikustera gonbidatu ninduten, probatzera. Eta, beste asko bezala, behin probatuta hor geratu nintzen.

Kanpotik begiratuta, bertso epailearenak lan zaila eta ez oso esker onekoa dirudi ba.

Zaila bada, bertsoa ezin delako epaitu eta euskaldunak horretan tematzen garelako. Arte bat puntuatzea kasik ezinezkoa dela esango nuke edo, behintzat, oso zaila.

Bertsoa epaitzeko gauza objektiboak badaude, baina norbere gustuek ere pisu handia daukate. Teknikoki bertsolaritza oso maila onean dago orain eta bertsolarien arteko alde teknikoak ez dira oso nabarmenak. Hortik aurrera, ñabardurek pisua hartzen dute.

Baina esker txarrekoa denik ez nuke esango. Bertsozaleak errespetu handiarekin tratatzen du bertso epailea, nahiz eta askotan ez dagoen ados epaiarekin. Baina Xalbadorren garaiko txistu haiek pentsaezinak dira gaur egun.

Bertsoak epaitzen, tentsioan, baina gozatzen dela esango nuke. Askotan hurrengo egunean sekulako bizkarreko mina izaten dugu eta orduan konturatzen gara bezperako tentsioarekin.

 

kontzientziak astintzen dituzten hitzak

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateak bederatzigarrenez antolatu du Oihenart aforismo lehiaketa. Iñigo Legorburuk bigarrenez irabazi du lehiaketa –2015. urtean ere gailendu zen–, ia ehun aforismoko sorta batekin.

Baina, zer da aforismo bat? «Interpretazio desberdinak ditu. Nik esango nuke pentsamenduarekin edo filosofiarekin lotura duen esaldi bat dela, ironian oinarritutako hitz joko bat. Zorrotza izaten da, motza eta batzuetan lezio bat dauka bere baitan. Batzuetan egia absolutua bilatzen du eta bere helburua arreta deitzea eta zirrara sortzea da. Nik esango nuke etorkizunera ekarritako atsotitzak direla, atsotitz berriak, modernoak. Greziarrek dagoeneko bazituzten esaldi magistralak. Hortik badutela esango nuke. Eta aforismoak zirtolariak izan daitezke eta ni bide horretatik noa. Hizkuntza probokatzeko, xaxatzeko eta kontzientziak astintzeko erabiltzen du aforismoak».

Ez dago aforismoak bete beharreko araurik, baina motza izan behar du. «Aforismoaren helburua da irakurlearengana iristea. Batzuetan bitan irakurri behar da aforismo bat bere baitan dauzkan punta guztiak ikusteko. Hitz justuak behar ditu, idor eta eder, Maialen Lujanbioren hitzak ekarriz. Eta nire ustez aforismo on batek segundo pare bateko isilunea sortzen du. Irakurri, segundo batzuetan hausnartu, eta jaso. Bigarren bote hori gustatzen zait».

Zirtolariek eta bertsolariek ondo dakite aforismoen berri. «Bertso askoren bukaerak aforismo ederrak dira».

Oihenart lehiaketara aurkezteko aforismo bakarra edo sorta bat aurkez daiteke. Eta sorta horretako aleek ez dute zertan beren artean loturarik izan.

• Pornoa, zientzia-frikzioa da.

• Polizien kotxeek argi asko dituzte… konpentsatzeko.

• Urteekin, ni izaten jarraitzen dut baina gero eta gutxiago.

• Euskal Herria: Gu zara baina ni ez naiz beti gu.

• Gurean, ez dago xenofobiarik…soilik, genozidio ekonomikoa.

• Baserritarrekin garaiak partekatzen ditugu baina denborak ez.

• Pentagramak, algoritmoak dira egungo musikan.

• Dikeen bidez defendatzen diren lurraldeak, lur ikaratuak dira.