joseangel.oria@gaur8.info
TURKIA

Uigur etniako ume musulman askok Erdoganen ondoan topatu dute babesa

Txinak Xinjiang probintzia deitzen dion lurraldea Ekialdeko Turkestan da uigur etniakoentzat. Bertan musulmanek jasaten duten jazarpena atzean utzi eta ihes egitea lortu zuten ume asko Turkiara iritsi ziren. Horietako askoren gurasoak «berreziketa eremuetan» ezkutatuta dituzte Txinako agintariek.

Istanbul hiriko kanpoaldean kokatuta dagoen ikastetxe batean, Txinatik ihes egitea lortu zuten uigur etnia musulmaneko umeek beren hizkuntza eta kultura ikasteko aukera dute, baina horietako askok beren gurasoak «berreziketa eremuetan» giltzapetuta dituzte. ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak orain bi hilabete plazaratu zuen salaketaren arabera, milioi bat uigur baino gehiago dituzte leku horietan.

Txinak Xinjiang probintzia deitzen dion lurraldea (ipar-mendebaldean) Ekialdeko Turkestan da uigur etniakoentzat. Bertan musulmanek jasaten duten jazarpena atzean utzi eta ihes egitea lortu zuten ume asko Turkiara iritsi ziren. Haien gurasoek uste zuten tarteka beren lurraldera itzultzeko aukera izango zutela haurrek. Baina Pekingo agintariek «berreziketa eremu» moduan aurkeztu zituen zentroetan giltzapetutako herritar horiek desagertu egin direla dirudi.

Istanbuleko ikastetxean dauden ehun ikasleetatik, hogeita bostek eremu horietako batean dituzte gurasoak, eta beste zazpiren amak hil egin dira, Habibullah Kuseni zuzendariak eman dituen datuen arabera.

Fatima uigurra da eta bederatzi urte baino ez ditu. Bere aita eta jaioterria nekez gogoratzen ditu. Gogoan du txikiagoa zenean aitaren ondoan jarrita egoten zela telebistari begira. Jakina, umeak marrazki bizidunak ikusi nahi zituen, baina aitak albistegia jartzen zuen, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen inguruko berriak entzun nahi baitzituen. Izan ere, turkiarra da uigur etniakoekin bat egin duen herrialde musulmanetako agintari ia bakarra, nahiz eta badakien Pekin haserretu egingo zaiola.

Turkian bizitzen hasi zirenean, Fatimaren aita askotan joaten zen Txinara, lanera. Orduan inork ez zeukan «berreziketa» zentro horien berririk. «Eta bat-batean, egun batean desagertu egin zen –esplikatu du neskatxak, malko artean–. Etxera bueltatuko zela pentsatu nuen, baina horrelakorik ez zen gertatu». Hiru urte daramatzate aitaren berririk jaso gabe.

Uigur herriaren aldeko ekintzaileek egin dituzten kalkuluen arabera, hedabideek aipatzen duten giltzapetuen kopurua baino askoz ere handiagoa da benetan eraman zituztenena. Iturri horren arabera, Txinak tankerako ehunka eremu zabaldu ditu, 500dik gora hain zuzen ere.

Espetxe modukoak

«Berreziketa eremu» horien inguruko lehen informazioa 2017an argitaratu zen. Txinako agintariek ezezkoari eutsi zioten hasiera batean, gero beren diskurtsoa zertxobait aldatzeko. Horrelako eremurik ez zegoela esatetik, «lanbide-heziketa zentroak» egon bazeudela onartzera pasa zen. Hori bai, «estremismoaren aurkako borroka» zen instalazio horien helburua eta bertan sartuta zeuden guztiak era boluntarioan joan ziren, betiere Pekinek plazaratu zuen bertsio ofizialaren arabera.

Nazioarteko hainbat hedabidek ezagutzera eman zituzten dokumentuek beste egoera bat margotzen dute, ordea. Horien arabera, zentro horiek espetxe moduan kudeatuta daude eta beren helburu nagusia bertara eramandakoek uigur etniaren kultura eta erlijioa ahaztea da. Txinako beste gutxiengo musulman batzuekin ere gauza bera egiten du Pekinek. Iazko azaroan Washingtonen egoitza duen mugimendu batek Google Earth aplikazioko Atlas Digital zerbitzuak eskaintzen dituen irudiak aztertu zituen eta ondorioztatu zuen Txina osoan 182 «kontzentrazio eremu» daudela zabalik.

Ekialdeko Turkestanen Berpizte Nazionalerako Mugimenduak 500 «atxilotze eremu» ingururen berri eman du asteotan, tartean «182 kontzentrazio eremu, 209 presondegi eta 74 derrigorrezko lan eremu». Hori horrela balitz, atxilotutako uigurrak uste baino askoz ere gehiago lirateke, hiru milioi pertsona inguru. Milioi bat edo hiru izan, James Leilbold aditu australiarraren ustez, filtrazioek argi uzten dute dokumentuetan aipatutakoak «heziketa zentroak izatetik oso urrun ez, baizik eta antipodetan» daudela.

Turkian beren lurraldean bertan lortu ezin dezaketena dute uigurrek. Etnia horretako 50.000 pertsona bizi dira Erdoganen herrialdean, horietako gehienak Fatima bezala, umeak. Horien guztien bizitza erabat aldatu du Pekingo agintariek abian jarritako kanpainak. Eta okerrena da askok beren gurasoen arrastorik ez dutela, informazio eske nora jo ere ez dakitela.

Tursunay izeneko neska gazteak 15 urte besterik ez ditu. Bere gurasoak 2017ko uztailean desagertu ziren bere bizitzatik. Hasiera batean Pekingo agintariek pasaportea kendu zieten, baina gurasoek umeari esan zioten lasai geratzeko. «Guregatik ez zaitez kezkatu», adierazi zioten Tursunayri telefonoz izandako elkarrizketan. Geroztik, ezer ez. Isiltasuna. Hutsunea.

Hamabost urteko uigur honek gogoan du Txinan nola bizi zen. Ez du inoiz ahaztuko goiz batean aitari galdetu ziola ea zergatik jarri ote zituzten kamerak beren bizitokiko sarreran. «Musulmanak garelako», erantzun zion. Gauzak nola zeuden ikusita, erlijioarekin lotura duten makina bat gauza eta CD diskoak erre egin zituen gizonak. Hala ere, eraman egin zuten, «berreziketan» hasteko.

Tursunayren mundua erabat aldatuta dago. Erbestean aurkitu duen «familiak» duen lagun zahar baten laguntza baino ez du bera eta bere ahizpa txikia zaintzeko, aurrera ateratzeko. Ez dira egoera horretan dauden ume bakarrak.

Xinjiang probintzian bertan ere gurasorik gabe geratu diren haur ugari bizi dira, ozta-ozta bizi behar badira ere. Kasu batzuetan helduak Txinatik ihes eginda daude. Beste batzuetan, agintarien esku, eremu sekretu horietan.

Human Rights Watch AEBetan egoitza duen gobernuz kanpoko erakundeak egiten duen irakurketaren arabera, gurasorik gabeko uigur horiek Estatuak berak kudeatzen dituen zentroetan bizitzera behartuta daude. Umearen senideek ez dute txikiaren berririk. Ez dago bisitarik. Ezta giza eskubiderik ere.

 

Agintari Musulmanen isiltasuna salatu zuen Ozil futbolari alemaniarrak

«Uigur libre, Hong Kong libre» esaten zuten kolonia ohiko manifestariek orain hilabete inguru. «Txinaren ustezko autonomia genozidio bat baino ez da». Ehunka lagun elkartu zituen manifestazioak eta azkenean uniformedunekin borrokan aritu ziren, azken hilabeteotan behin baino gehiagotan gertatu bezala.

Egun haietan giroa bero-bero zegoen Txinan, Mesut Ozil turkiar jatorriko alemaniar futbolariak Pekingo agintarien jarrera sare sozialetan salatu egin baitzuen. Arsenal talde ingeleseko jokalariak «jazarpenari aurre egiten dioten gudariak» deitu zien uigurrei. Ozilek, Txinako Gobernuak gutxiengo musulman horri ematen dion egurra salatzeaz gain, egoera horren aurrean agintari musulman gehienek gorde duten isiltasuna ere salatu zuen.

Uigur etniakoen sufrimenduarekin bat egin dute Hong Kongeko manifestariek. «Nik uste dut oinarrizko askatasuna eta independentzia pertsona guztiok izan beharko genituzkeela, ez Hong Kongeko biztanleok bakarrik», adierazi zien bertan ziren kazetariei Wong abizeneko 41 urteko manifestariak. Senarrarekin batera joan zen mobilizaziora.