Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Apal-apalik, Jaungoikoaren aurrean...

Badirudi ez duela ezer ere egiten. Txintik ere ez. Serio, geldi. Esango nuke bere hitz jarioa bereziki entrenatua eta prestatua duela, berbetan hasten den bakoitzean gure burmuina deskonektatu dadin. Ez zait bere ibilbidean ezertxo ere gogoangarria bururatzen. Eta badaramat tarte bat buruari eragiten. Hala nolako oroitzapen lauso bat, beti Josu Jon Imazen ondoan agertzen zen garaikoa.

Inoren arreta bereziki deitu gabe, zortzi urtez EAEko lehendakari izan da, eta berriro ere izateko aukera handiak ditu. Agian horixe da bere ahalmena. Pertsona ezkutatu eta pertsonaiak izaera propiotik eduki dezakeen guztia ezabatzea. Bera da “el lendakari”. Imajina ezinekoa da beste zeregin batean. Gauzak egiten baditu, lehendakaria delako eta legean jartzen dituelako da. Eta punto. “Apal-apalik Jaungoikoaren aurrean” bere karguari zin egiteak ere badu bere zera. Sinetsi egin du gure artean Jainkoaren –bat eta bakarra, berdaderoa– ordezkari dela.

Izan ere, hor bai, busti egiten da. Morala. Ongia eta Gaizkia. Hori da bere aportazioa jendarteari. Zer dagoen ongi eta zer dagoen gaizki. Berak esaten digu. Azalpenik ez. Fedea eduki behar da. Berak, gainera, hain apala izatean, gomendioak ematen ditu. Hala ere, gomendio horiek beti dute agintariek, boteretsuek, gomendioei ematen dieten kutsua: «Nik hau egingo nuke, ez dakit zuk, baina bestela zuretzako oso ondorio txarrak izango ditu».

Azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan dugun egoera politikoa esaldi batekin konpontzen du: «Hain zaila da hiltzea gaizki egon zela onartzea?». Ez historiarik, ez analisirik, ez arrazoibiderik, ez autokritikarik, ez ezer. Esaldi bat, norberak jakin dezan fededun onen artean dagoen, edo oraindik baduen bide moral bat egiteko, gure Jaunaren –bai, bat eta bakarra, inor ez bedi despista– egia aurkitu arte.

Gregorio Ordoñezen hilketaren urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietan ere, antzera. Artikulu luze bat argitaratu zuen Facebooken. Bertan garrantzi berezia ematen die gai izugarri inportanteei. Adibidez, lehendakaria zenez bertara joatea tokatu zitzaiola, eta puntual iritsi zela. Ezer esateko asmorik ez zuela. Baina Aznarrek egindako adierazpenak ez omen ziren egia, eta idatzi egin behar izan duela.

Zerbait gaizki egiten badugu, edo gezurra esaten badugu, hortxe dago. Gogoratzeko. Bere begirada zurrunarekin zigortzeko. Hitzaldi bat antolatzen dela preso politiko gaixoen egoera salatzeko unibertsitatean, ba berak gomendatzen du bertan behera uzteko. Greba orokor bat antolatzen dela salatzeko krisiaren ostean langileok orokorrean txirotu garela eta boteretsuen egoera gotortu dela, ba gomendatzen du bertan behera uzteko. Metaleko langileak greban daudela, elkartasuna adierazten die enpresariei. Eta langileei, greba gaizki iruditzen zaiola esaten die.

Itxaron! Ez al doaz bere gomendio moral guztiak boteretsuen eta ezarritako Estatuaren defentsan? Ez ote da izango bere isiltasun grisa, azken finean, jarrera kartsuki elitista eta kontserbadorea? Ez ote da, bere ezertasunean, ezarritako sistemaren ordezkari bikaina? Ezerezaren ordezkari iruditzen zaigun lehendakariak, pertsonarik gabeko pertsonaiak, asko egiten du, eta ondo gainera. Hori bai, gutxi batzuen mesedetan. Goitik behera, irribarre ironikoz eta autosufizienteaz begiratzen gaituzten gutxiengo horren mesedetan. •