2020/02/15

Kronika
 
BESTE 272 OHE HUTS MINAS GERAISEN

2019ko urriaren 25ean, meategi bateko hondakin toxikoak biltzen zituen urtegia hondatu zen Brasilgo Brumadinho herrian. 272 hildako izan ziren eta hondamendi ekologikoa izugarria izan zen. Euskal ordezkaritza bat izan da bertan hondamendiaren urteurrenean.

Martin MANTXO
0215_g8_minas2

Meatzaritzan aritzen den Vale konpainiaren boterea izugarria da Brasilen, batez ere Minas Gerais estatuan. Meatzaritzaren ondorioz du estatuak izen hori. Vale konpainiak, berriz, Vale do Rio Doçe harana tarteko

Brumadinhoko hondamendia gogorarazteko borrokan, urtarrilaren 21ean, Minais Gerais estatuko Belo Horizonte hiriburua izan zen protagonista. Erakunde arduradunen egoitzak eta estatuko botere politikoa biltzen dira bertan

Martxa Meatzaritza Agentzia Nazionalera zuzendu zen, enpresen arau hausteak gainbegiratzeaz arduratzen den instituzioa. Ikuskapen arloan hartutako neurriak zalantzan jartzen zituen gutun bat entregatu zuten ibiltariek

Leonardo Boff Askatasunaren Teologiako pentsalari ezagunaren adierazgarritasuna ikaragarria da oraindik, jada 82 urte dituen arren. Berak ere argi du Brumadinhoko krimenaren errua norena den: kapitalismoarena

Brumadinhoko urtegikoa Brasilek jasandako hondamendi ekologiko handiena izan zela diote. Tragedia hura ekologikoa soilik izan balitz bezala. Ez dago konparaziorik egin beharrik, baina, iazko udan bertan, suteek Amazoniaren zati handi bat suntsitu zuten: 29.944 kilometro karratu kiskalita. Parekorik gabeko dramak biak ala biak, egungo Brasilgo gizartearen bi zauri sendaezin. Hori guztia eskuin muturreko Jair Bolsonaro boterera iristearekin batera gertatu zen: Brumadinhoko krimena gertatu baino 24 egun lehenago izendatu zuten presidente Bolsonaro.

Hondamendia gertatu zen lehen egunetik, MAB Urtegiek Kaltetutakoen Mugimendua Brumadinhon izan zen, 2015eko azaroan estatu bereko Marianan izan zen bezala. Marianako esperientziarekin asko ikasi zuten. Handia izan zen bertan gertatutakoa. Orduan, konpainia hidroelektrikoei eta energia enpresei ez ezik, Vale meatzaritza enpresa handiari ere egin behar izan zioten aurre. Eta hori «beste liga bat» da, futboleko hizkera erabiliz gero.

Valeren boterea izugarria da Brasilen. Batez ere Minas Gerais estatuan. Meatzaritzaren ondorioz du estatuak izen hori. Vale konpainiak, berriz, Vale do Rio Doçe haranarengatik.

Marianan egon zen MAB mugimendua, kaltetuei lagunduz. Baina ez horretan bakarrik: Brasilera egindako gure bisitan lekuko izan garenez, MAB enpresarekin izandako harremanetan bitartekari ere izan da. Batez ere kaltetuak antolatu ditu eta enpresari aurre egiteko prestatu ditu. Egunotan hildakoei negar egin diegu, baina, batez ere, Valeren eta botere politikoaren aurka borrokatu dugu.

Brumadinhoko hondamendia gogorarazteko borrokan, urtarrilaren 21ean, Minas Gerais estatuko hiriburua izan zen protagonista nagusia, Belo Horizonte hiru milioi biztanleko hiria. Bertan daude erakunde arduradunen egoitzak eta Minas Geraisko botere politikoa. Protestaldia Aita Santuaren Plazatik abiatu zen, pankarta eta bandera artean. Vale konpainiaren krimenak kolpatutako Paraopeba ibaiaren arroan bizi direnen egunerokoaren berri eman ziguten: arrantzaleak beren sareekin, emakumeak ura eta otarrak eramaten, nekazariak lanean… Mila pertsona inguru abiatu ziren oinez, gehien-gehienak Brumadinhoko kaltetuak. Baita Marianako asko ere.

Hiltzaileen zigorgabetasuna

CUT Langileen Sindikatu Bateratuko kamioi egokitu batek lagundu zuen martxa. Goiko zatia animatzaileak eta hizlariak bertan joan zitezen prestatuta zegoen, eta, behekoan, bozgorailuak zeuden. Kilometro bat egin eta gero, Justizia Auzitegia. Manifestazioak salatu zuen Vale konpainia kriminalaren aurkako ekinbiderik ez zela izan, baita enpresako zuzendaritzako kideen zigorgabetasuna ere: inortxo ere ez dute zigortu. Justiziak egun indarrean den prozesua azkartzea ere exijitu zuten. MABeko kide batek megafoniatik hitz egin zuen: «Zalantzan jartzen dugu kriminalei biktimei baino askoz ere gehiago entzuten dien Justizia honen papera». Ezin garbiago esan.

Ondoren, martxa ANM Meatzaritza Agentzia Nazionalera zuzendu zen, enpresen arau hausteak gainbegiratzeaz arduratzen den instituziora. Erakundeari gutun bat eman zioten ibiltariek, ikuskapenarekin lotuta hartzen ari diren neurriak zalantzan jarriz. Nagusi den komunikazio falta ere salatu zuten: prozeduren gainean eta kaltetutako komunitateekin. Presak behar bezala ikuskatzen direla bermatzeko langile gehiago falta direla ere salatu zuten. Ondorioz, inguruko komunitateen segurtasuna kinka larrian dago. Soilik zazpi pertsona arduratzen dira meategien estatuan dauden 840 presak gainbegiratzeaz. Horietako gutxienez 83 urtegi kolapsatzeko arriskuan daude.

Geldialdia baliatuta, Levante Popular da Juventude taldeak Augusto Boalen herentzia aberatsari eta zapalduei buruzko antzerki lana taularatu zuen. Antzerkia erresistentziarako eta klase zapalduen askapenerako tresna gisa.

Bello Horizontetik Pompeura abiatu zen martxa, Paraopeba ibaiak igarotzen duen azken hiria San Frantzisko ibaiarekin bat egin aurretik. Ez da meategiko lokatzak zuzenean kaltetu zuen hirietako bat, baina, ibaia kutsatu egin zenez, krimenak kalteak eragin zituen bertan ere. Vale konpainiarentzat eta herritar askorentzat ez dira kaltetuak, baina argi dago bertakoek ere kalte larriak jasan dituztela. Horixe da MAB mugimenduaren helburua egun hirian: “kaltetu” kontzeptua zabaltzea, Pompeu kaltetutako lekuen artean sartzea eta bertako biztanleek horrela ulertzea, borrokarekin bat egin dezaten.

Martxak hiria zeharkatu zuen, erdiguneko estilo kolonialeko plazan amaitzeko. Bertan megafonia ekipo bat prestatu eta kaltetuak beraien lekukotasuna eskaintzen hasi ziren. Pompeu bertako Queima Fogo kokagunean bizi den Tatiana de Menezes buruzagi komunitarioa MABeko ekintzailea da. Kameren aurrean mintzatu zen, iazko hondamendiaren aurreko bere bizimodua galtzeak eragindako amorru eta frustrazioa akuilu: «Valek mespretxuz tratatzen gaitu. Enpresak nahi duenari aitortzen dizkio eskubideak, bizilagunak elkarren aurka jarriz. Batzuei kalte-ordainak ordaintzen dizkie eta besteei ez. Komunitateen barruan gatazkak sortzea da helburua».

Protestaldiaren antolatzaileek lehentasunezko tratua eskaini ziguten bisitan heldutako nazioarteko ordezkarioi. Kurdistango eta Euskal Herriko ordezkariak izan ginen hitza hartzeko ardura izan genuenak. Mesopotamiako Mugimendu Ekologistako Zilemek nazioarteko elkartasuna helarazi zien kaltetuei, eta bere herriak bizi duen setio bortitzaren berri eman zuen: Ilisuko proiektu hidroelektrikoa bukatzear da eta urek Hasankeyf 7.000 biztanleko hiri zahar eta sinbolikoa hartuko dute. Euskal Herritik heldutakoek egun batzuk lehenago Berrongo proiektuaren geldialdia erabaki zutela jakinarazi genien bildutakoei. Baita Yesako eta Zangozako egoera ere, bertan ere uholdeen mehatxupean bizi baitira.

Pompeutik protestaldia Juatubara joan zen eta, bertatik, Betimera. Ekitaldi publiko bat egin zen Betimen erakunde eta sindikatu askoren partaidetzarekin. Zalantzarik gabe, bakarra zen ekitaldiko izar nagusia: Lula. Azkenean, baina, eskualdean izandako ekaitzengatik, presidente ohiak ez zuen bertaratzerik izan.

Leonardo Boff ingurumenaren aldeko ekintzaile eta Askatasunaren Teologiako pentsalari ezagunak erakarri zuen geure arreta. Eliza katolikoak zentsuratuko fraile ohia da. Boffen adierazgarritasuna ikaragarria da oraindik, jada 82 urte izan arren. Berarentzako ere oso argi dago Brumadinhoko krimenaren errua norena den: kapitalismoarena.

Urtarrilaren 22an, martxaren une gorena Vale enpresaren tren terminalaren okupazioa izan zen. Bertatik, eskualdean eskuratutako burdina Espirito Santuko porturaino garraiatzen du trenez Valek. Eta, portutik, atzerrira. Beraz, azpiegitura hori ezinbestekoa da meatzaritza enpresarentzat Brumadinhoko burdina Brasiletik ateratzeko. Ekintzaileek azaldu zigutenez, ordu batzuez terminala itxita egoteak hedabideen arreta erakartzeko balio du, baita konpainiakoak urduri jartzeko ere, baina benetan enpresan eragiteko lau egun produkturik mugitu gabe izan beharko lirateke.

2019ko urtarrilaren 25eko hondamendiaren lehen urteurrenean Brumadinhora gure elkartasuna adieraztera joan aurretik, ez genekien zer aurkituko genuen. Hondamendian 272 pertsona hil zirela kontuan izanik, minak eta egoerak gaindituko gintuela imajinatzen genuen. Halaxe izan zen. Hori bai, asko izan ziren espero gabeko gauzak ere. Nola ez, testigantzak oso hunkigarriak izan ziren. Bizitzari aurre nola egiten dioten ezagutu genuen.

Urteurrenaren egunean bertan, Juliana Cardosok egin zigun ongi etorria, bere kasua azalduz: senarra eta bi seme-alaba galdu zituen. Gertatutakoa kontatzea kosta egin zitzaion, noski. Hautsi egin zen, enpresaren eta erakundeen aurkako amorruak jota. Hala eta guztiz ere, irmo kontatu zigun bere esperientzia, bertaratutakoen mikro eta kameren aurrean. Burdin meategi handiak eta hondakin biltegiak bertan jarraitzen zuten. Egunero sarraskia gogoraraziz. Egunero mehatxagarri.

2020ko urtarrilaren 24an izugarrizko euri jasak egin zituen Minas Geraisen. 30 hildakotik gora izan ziren eta urtegiek eragindako arriskua beti hor dagoela gogorarazi ziguten. Pentsa, Brumadinho eta 2015ean hondamendia eragin zuen Mariana ez ziren agertu ere egiten arriskuan zeuden urtegien zerrendan. Eta oraindik asko dira arriskuan daudenak, beren antzinatasunagatik edo erabat beteta daudelako. Minas Gerais estatuan 840 urtegi daude, eta horietako 83 daude arriskupean.

Kolapsatutako urtegiak

2019ko otsailaren 8an, Valek 239 pertsona kanporatu zituen Gongo Soco meategiko urtegiko eremutik, Barão de Cocaisen (Minas Gerais), eta, egun horretan bertan, ArcellorMittalek gauza bera egin zuen Serra Azul presatik gertu bizi ziren beste 65 lagunekin, Itatiaiuçun (Minas Gerais). 2019ko maiatzean, Gongo Soco meategian, 500 pertsona kanporatu zituzten beste alarma batengatik. Uztailean beste presa bat kolapsatu zen Quatin, Bahiako ipar-ekialdean. Gure datuen arabera ez zen hildakorik izan, baina 350 familiak euren etxeak utzi behar izan zituzten.

2019ko amaieran, 54 presa debekatu zituen ANM Meatzaritza Agentzia Nazionalak Egonkortasun Baldintzen Ituna ez betetzeagatik edo ez onartzeagatik; horietako 33 Minas Geraisen daude (16 dira Vale konpainiarenak). Forquilhakoan, urriaren 31n, larrialdi protokoloa aplikatu zuten. 2019ko azaroaren 5ean jakitera eman zen Valek ez zuela indarrean jarri Meatzaritzako Presen Segurtasuna Kudeatzeko Sistema Integratua Brumadinhoko Corrego do Feijão urtegian, baita informazioa faltsua eman ziola ANMri. Valek bazekien Brumadinhon kolapsatutako urtegia egoera txarrean zela.

MAB Urtegiek Kaltetutakoen Mugimenduak kritikatu duen beste alderdietako bat ANMk urtegiak monitorizatzeko eta, beraz, segurtasuna zaintzeko kontratatutako langile kopuru txikia da: zazpi besterik ez Minas Gerais osorako (840 urtegi daude estatu osoan). TCU Kontuen Auzitegi Federalaren txosten baten arabera (funts publikoak gainbegiratzeaz arduratzen den organoa), ANMk 384 funtzionario beharko lituzke. Beharrezko langileen bosten bat baino ez ditu ordea, 79. Brumadinhoren hondamendia gertatu zenean 74 zituen.

Min jasangaitza

Brumadinhon 272 biktima izan ziren. Familiek hondamendiaren urteurrena gogoratzeko egindako ekitaldian izan ginen. Ez dute falta bakarrik senide maitatua, zuzenekoa, baizik eta ezagunak ziren beste asko: lagunak, lankideak, herrikideak… Min jasangaitza komunitate osoarentzat, baina partekatua. Oso zaila da hori imajinatzea ere, zailagoa txukun azaltzea, gutxitan gertatzen baita horrelako zerbait gerra edo hondamendi naturaletan ez bada. Hiletetan batzuek 272 biktimen kamisetak zeramatzaten. Oso txikiak izan behar dira erretratuak kamiseta berean hildako denak sartzeko. Hor konturatzen zara zein kopuru handia den! Imajinatzen zaila delako: Marianako hondamendian 18 izan ziren hildakoak, eta asko dira. Baina 272… hamabost aldiz sarraski hura, min hura.

Beste familia batzuek hildakoaren argazkia zeramaten: aitonarena, seme batena… Biktima bakar batek pertsona asko kolpatzen ditu, eta hor ere ikusten duzu minaren benetako neurria. 272 aldiz biderkatuta.

Sentitzen ari ginen emozioaren adierazlerik garbienak egun hartan elizan jarritako argazkiak izan ziren. 272 zenbakiek magnizidioaren proportzioa islatzen zuten. Hildakoen aurpegiek pertsonak erakusten zizkiguten zenbaki hotzen atzean. Enpresarentzat lan egiten zuten gizonezkoak ziren gehienak, gazteak. Izan ere, lokatz hiltzailea meatzaritza enpresaren bulegoetara, langileek bazkaltzen zuten jangelara eta auto eta makinetara heldu zen lehendabizi, lanean ari ziren bitartean edo hamaiketakoa egiten ari zirela.

Azpimarratzeko beste kontu bat: erakutsitako argazki guztiak familia albumetakoak ziren, posatuz ateratzen ditugun argazki horietakoak, irribarre batekin, gure aurpegirik atseginena erakutsiz, lasai-lasai gaudela. Jakina, argazkiok kontraste ikaragarria egiten dute errealitate beldurgarriarekin, herritarrek bizitako esperientziarekin.

Hilotzak helikopteroz eraman zituzten elizaren kanpoko zelaira (futbolean jokatzeko ateak ditu), gorago dagoenez, lokatzaren eraginik jasan ez zuen tenplura. Horietako asko desagertuta egon ziren denbora luzez. 11 lagun oraindik ez dituzte aurkitu. Batzuei hankak eta bestelako gorputz zatiak falta zitzaizkien, eta oraindik badaude sailkatu ezin diren gorpuzki asko. Sekulakoa izan zen lokatzaren indarra, dena arrastaka eramateko adinakoa: meategiko eraikuntzak, makineria, azpiegiturak...

Negar zotinka

Gorpuak utzi zituzten eremu berean bildu ginen haiek omentzeko elizkizunean. Eskutik heldu genion elkarri. Hitzak, kantu ederrak, Brasilen bakarrik dakiten bezala, eta minutu bateko isilunea, betiereko bihurtu zena. Minutu bateko isilunean, kanpai hotsak. Orduan ulertu genuen, gure isiltasunean, elkarri lotutako min horretan, hildako bakoitzari zegozkiola kanpai hots horiek. Badakizu zenbat diren 272 kanpaikada? Asko dira. Gehiegi. Etengabe entzuten dira. Betiereko. Mina handituz joan zen. Negar-zotinek eta malko xurgatuzko koru batek lagundu zituzten kanpai hotsak, tragediaren dimentsioa gogora ekarriz. Amaigabeak egin zitzaizkigun une gogorrok. Senideentzat jasanezina izan zen.

Imajinatzen dut ezerk ezin dituela senitartekoak kontsolatu. Eta min partekatuko egun horren ostean, gutxienez jakingo dute ez daudela bakarrik. Besoak gurutzatuta jarraitzen dugu, egun hartako eguzki ikaragarriaren azpian, aste hartako euri-jasen pean. Momentuan sumatu ezin diren gauzak dira.

Lokatz uholdea herriko eraikinen gainera erori zen. Pentsa, gorpu zatiak agertzen dira oraindik ere egun, lokatz metro askoren azpian lurperatuta geratu baitziren hildakoak, eta, horrek, zaildu egin baititu gorpuak berreskuratzeko lanak. Hasieran hildakoak ehun pasa zirela zabaldu zen eta beste hainbeste desagertu zeudela. Desagertuak, denborarekin, hildako gisa zenbatzen hasi ziren gorputz zatiren bat agertzean. Baina lan horrek aurrera jarraitzen du, eta, egun, oraindik ere 11 pertsona daude identifikatu gabe. Bitartean, familia askok gorputz zati bat baino ez dute lurperatu: hatz bat, esku bat… Horrek guztiak min handiagoa eragiten die biktimei.