2020/02/15

Miren Azkarate Badiola
Nola berrosatuko gara horrela?

Aurreko hilabeteko nire kolaborazioa irakurri zenutenek agian gaur bai, gaur umorez beteriko lerroak espero dituzue, baina gaurkoan ere tonu serioa erabiliko dut. Nire gertuko pertsona horri arrazoia eman beharko diot azkenean.

Beste urte batez Torturaren Eguna izan da aste honetan, otsailaren 13an, ostegunean. 39 urte beteko dira aurten Joxe Arregi erail zutela. Bere herrian, Zizurkilen, egongo naiz egun horretan (lerrook lehenago idatziak dira), niretzat oso berezia izango den mahai inguru batean parte hartzen. Torturaren osteko berrosatzeaz hitz egingo dugu, Joxek eta beste hainbatek egin ahal izan ez dutena. Guk behintzat kontatu dezakegu eta nik neuk behintzat haien partez ere kontatzen jarraituko dut.

Berrosatze horretan bada puntu oso garrantzitsu bat tortura jasan dugunontzat: aitortza. Iritsi ez zaiguna eta, duela egun batzuk nik behintzat argi ikusi dudan bezala, iritsiko ez zaiguna. Zergatik diodan hain irmo baieztapen hori? Ikusi besterik ez dagoelako Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño torturatzailearen zerbitzu orria eskatuta zein izan den UP, PP, PSOE eta VOXen erantzuna: ez. Argi dago asko dutela ezkutatzeko; guk oso ongi dakigu zer den eta zein babes eta inpunitate duten torturatzaileek. Baina horrelako albisteekin niretzat behintzat zaurian gatza botako balidate bezala da, ez da soilik zauria ez zaidala ixten, baizik eta mina areagotzen didatela, gainontzeko alderdi politikoak eta gizartea orokorrean isilik dagoen bitartean. •