Juantxo EGAÑA

Picasso Donostian 1934an

1934ko abuztuaren 29an Gu artearen adiskideen elkartea inauguratu zuten Donostiako Angel kaleko 13. zenbakian. Garaiko hedabideek albiste hori jaso eta elkartearen inaugurazio afariaren berri eman zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, Julian de Tellaetxe, Flores Kaperotxipi, Juan Cabanas Erauskin, Jesus Olasagasti, Eduardo Lagarde elkarteko presidente ere bazena eta Pablo Picasso pintoreak, baita Labayen eta Aizpurua arkitektoak eta Pascual Marin argazkilari nafarra ere. Picasso bere emazte Olga Khokhlova dantzari errusiarrarekin eta bere seme Paulekin joan zen. Pablo Picassok Donostiara egindako bisita hartatik egile ezezaguneko argazki bat dago, “Gernika” obraren egilea Jesus Olasagasti pintorearen ondoan ageri dena, hain zuzen, biak Klub Nautikoan eserita daudela.