2020/02/22

Erreportajea
SAUDI ARABIA
Basamortuko otia sekulako gosetea eragiten ari da itsasoaren beste aldean ere
Saudia Arabiaren iparraldean kokatutako Jordania eta hegoaldean kokatutako Hego Sudan, asteon beste bi estatu gehitu dira basamortuko otiak («Schistocerca gregaria» da bere izen zientifikoa) kaltetutako herrien artera. Indiako Ozeanoan 2018an izandako bi zikloi daude oraingo leherketaren atzean, adituek esplikatu dutenez.
joseangel.oria@gaur8.info
0222_g8_langosta4

Asteartean ezarri zuen Jordaniak larrialdi egoera eta gizakioi janaria kentzen digun intsektua hegoaldetik iritsi zaio, Saudi Arabiatik hain zuzen ere, Petra berri agentziak emandako informazioaren arabera.

Egun berean nazioarteko agentziek jakinarazi zuten aipatu otiak, Somalia, Kenya eta Etiopiako uztak suntsitu ondoren, Hego Sudanera ere iritsi direla, Onyoti Adigo Nekazaritza ministroak emandako datuen arabera.

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak baieztatu du intsektu migratzailerik suntsitzaileena herrialdera iritsita dagoela eta bere aurkako neurriak hartzen hasiak direla.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du basamortuko otien eragina ikaragarri tragikoa izango dela Afrikako estaturik berrienean, 2013an lehertu zen gatazkak populazioaren %60 inguru tripa betetzeko arazoekin utzi baitu, nazioarteko laguntzaren beharrean alegia. Basamortuko intsektu horien izurriak lehen ere gosea pasatzen ari ziren herritarrak kaltetzen ditu batez ere. Umeei dagokienez, intsektuen izurria hasi baino lehen kalkulatzen zen bost urte bete gabeko 1,3 milioi lagunek desnutrizio akutua pasa behar izango zutela. Egoera berrian kopuru horrek gora egingo du, baina kalkuluak egin gabe daude oraindik.

«Iaz oso lehorte luze eta kaltegarria izan genuen, eta ondoren uholdeak. Milaka lagun beren herriak utzi beharrean izan ziren, etxea suntsituta ikusi ondoren. Eta herrialdea oraindik dardarka daukagu, horrenbeste urte gatazkaren erdian egin eta gero. Basamortuko otien izurria urak gainezka egiteko falta zen tanta izango litzateke», esan du Rama Hansraj Save the Childreneko Hego Sudango zuzendariak.

Larrialdi egoera

Somalian orain hiru aste ezarri zuten larrialdi egoera. «Gizakion eta ganaduaren janariak arriskupean dauzkagu. Oti talde hauek izugarri handiak dira eta landare kopuru ikaragarriak kontsumitzen dituzte», adierazi zien kazetariei Nekazaritza Ministerioko eledun batek.

Afrikako herrialdearentzat apirila da momenturik garrantzitsuena, uzta jasotzeko garaia orduan hasten baita. Said Husein ministroak otsailaren 2an esan zuenez, «izurriaren kontra neurri egokiak hartu ezean, elikagai krisi larriaren atarian egongo gara».

Pakistan Somaliatik oso urruti dago, baina hilaren hasieran intsektu horiek behartutako larrialdi egoera ezarri zuten bertan ere. Azken hogei urteotan Asiako herrialdeak izan duen izurririk handiena dela esan zuten agintariek. Basamortuko otiak zazpi hilabete lehenago iritsi zitzaizkien, iazko ekainean, Irandik. Hego-mendebaldeko arto, gari eta kotoi uztak kaltetu ostean, Sindh estatutik barrena Jiber-Pajtunjwa iparraldeko probintziara iritsi ziren matxinsalto handiak.

Klima krisiarengatik?

Etiopiak eta Somaliak azken 25 urteotan ezagutu duten oti izurririk larriena da aurtengoa. Kenyan egin dituzten kalkuluen arabera, azkenengo 70 urteotan ez dute pareko fenomenorik ezagutu.

Zergatik gertatzen ari da? Begirale batzuek klima krisiarekin lotu dute intsektu horien migrazio suntsitzailea. «Klima aldaketaren efektu kaltegarriek Afrika osoan dute eragina –adierazi berri die kazetariei Makenna Muigai kenyar ekintzaile gazteak–. Ekialdeko oti izurria oso adibide garbia da. Aurki elikagai segurtasun-falta eragingo du. Tristeena da Mendebaleko herritar askok ez dakitela zergatik gertatzen ari den». Berak ez du zalantzarik: herrialde industrializatuek eragin dute klima aldaketa eta horren ondorioz sortzen dira fenomeno horiek, inoiz ezagutu ez dugun indarrarekin gainera.

Gizakiok itxita izaten ditugun mugak, zabal-zabalik daude basamortuko otientzat. «Tamalez, espezie honek ez du onartzen mugarik eta ez dauka bisatu edo pasaporte beharrik. Mugitzen hasten baldin bada, bide osoa egingo du. Orain Kenyan ikusten ditugun otiak ez datoz Somaliatik, Yemendik baizik», esplikatu zuen orain hilabete Nairobin Stephen Njoka izurriaren aurka lan egiten duen erakunde bateko zuzendariak.

Izurria Arabiar penintsulako hegoaldean hasi zen. Orain zazpi hilabete Etiopiako ipar-ekialdera eta Somaliara iritsi zen, ugalketa eten gabe. Kenyara 2019ko azken asteetan ailegatu zen. Ugandako iparraldera ere iritsiko direla otiak uste dute adituek.

150 milioi intsektu kilometro karratuko

Kristauen eta musulmanen liburu sakratuetan ere aipatzen dituzte oti izurriak. Ez da fenomeno berria, beraz. Agian, eragin dezakeen kaltearen neurria da ezohikoa, Asia hegoaldean eta Afrika ekialdean inoiz baino gizaki gehiago bizi baita egun. Otiek itsasoa ere zeharkatzen dute haizearen laguntzarekin. Eta orain klima krisiak eragindako zikloi tropikalek bidea errazten diete. Adituen arabera, 2018ko maiatzetik urrira Indiako Ozeanoan sortutako elkarren segidako bi zikloik oso baldintza egokiak utzi zituzten oti ugalketarako: lur hezeak behar dituzte arrautzak jartzeko. Arabiar penintsulako Rub al-Jali basamortuan euri asko egin zuenez, bederatzi hilabete egin zituzten ugalketan. Ondoren ondoko herrietara joan ziren, eta bertan ere inoiz baino giro hezeagoa aurkitu zuten. «Ezohiko urtea izan zen 2019a. Abendu erdialdean atertu egiten du, baina aurten urtarrilean ere euria egiten jarraitu du. Horrek eragin du izurria», azaldu zuen Nairobin Guleid Artan adituak.

Stephen Njokak emandako datuen arabera, kilometro koadro bakar batek 150 milioi intsektu izaten ditu. Eta Nazio Batuek jakinarazi dutenez, «basamortuko otiak Manhattanen neurriko (60 kilometro karratu) taldeak osatuta mugitzen dira». Oti bakoitzak bere pisua (2 gramo) adina landare jaten du. Egunean 150 kilometro egiteko gaitasuna dute.

«Klima aldaketaren efektu kaltegarriek Afrika osoan dute eragina –dio Makenna Muigaik–. Ekialdeko oti izurria adibide garbia da. Aurki elikagai segurtasun-falta eragingo du»
«Hego Sudan oraindik ere dardarka daukagu, horrenbeste urte gatazkaren erdian egin eta gero. Otien izurria urak gainezka egiteko falta zen tanta izango litzateke»