France-Presse
AFRIKA

Estadioetako harmailak haserrez gainezka Magreben berriro ere

Futbolaren inguruan sortu den protesta modu ez hain berriak «gazteek bizi dituzten zailtasunei buruz asko esaten digu, baita bere haserreaz ere», esplikatu digu Abderrahim Bourkia kazetari marokoarrak. «Beraiek gauza guztiak salatzen dituzte eta politika eta kirola baliatzen dituzte horretarako».

Casablancatik Aljerrera, Tunisiatik pasata, futbol estadioak gaur egun bere geroarekin kezkatuta dauden gazteen adierazpen toki bihurtu dira. Inoiz baino gehiago. Kirol ikuskizun batekin gozatzeko edo sufritzeko leku izatetik, beren herrialdeetako agintariak salatzeko tribuna bihurtuta daude.

“F’bladi delmouni!” esloganak “Neure herrialdean zapalduta” esan nahi du. Aljerian azken bolada honetan egin diren agintarien aurkako manifestazio jendetsuetan milaka lagunek errepikatu dute esaldia, seguru asko hitz horiek nondik sortu diren jakin gabe. Izan ere, Marokoko Casablancako Raja taldearen zaletuek erabili zituzten lehen aldiz harmailetan, ikusle askoren sentsazioak laburbiltzen baitituzte. Atlantikoko hiri handiko klub ospetsuko jarraitzaileek Ultras Eagles taldearen abesti bat aukeratu zuten estadioan lagunekin abesteko. Youtuben dagoeneko bederatzi milioi aldiz ikusitakoa da. Mohamd V.a estadioan jokatzen diren partida guztietan, milaka lagunek kantatzen dute, danborren laguntzarekin, bengala artean eta etxeko taldea animatzeko esaldiekin batera. Abestiak oso gauza gogorrak salatzen ditu: «Hodei ilun batean sartuta bizi gara herrialde honetan. Zuek geure ondasunak lapurtu dituzue eta atzerritarrei eman. Belaunaldi oso bat suntsitu duzue».

Abestia 2018an ezustean harmailetan sartu zenean, Abdellah Taia idazle marokoarrak idatzi zuen kanta horrek «sutan» jartzen zaituela, «zuhurra baita, benetakoa, inongo apaingarririk gabea».

«Abesti horrek auzoetako milaka gaztek bizi duten egoera adierazten du», esan dio AFPri Khalid talde txuri-berdearen jarraitzaileak, Casablancan partida bat bukatu ondoren. «Egunero pasa behar izaten ditugun zailtasunak kontatzen ditugu estadioan», arrazoia ematen dio Ayoub lagunak, lepoan beren taldeko bufanda duela.

Raja futbol taldearena ez da kasu berezia. Marokon, Aljerian eta Tunisian tankerako erantzunak eragiten dituzte gizarteak bizi duen atsekabeak, desberdintasunek, ustelkeriak, askatasun mugatuko espazioek. Estadioetan jarraitzaileek abesten dutenean grabatutako bideoek sekulako arrakasta izaten dute sarean, milioika lagunek ikusten baitituzte. Sare sozialetan erabiltzaile batetik bestera pasatzen dira grabazioak eta kasu askotan futbola gustuko ez duten gazteek ere konpartitzen dituzte.

“Libreak eta intsumituak” abestia Casablancako Wydad taldearen jarraitzaileek idatzitakoa da. Rajak hiri erraldoian duen aurkaririk gogorrenak gazteen langabezia eta zerbitzu publikoen pribatizazioa kritikatzen ditu pieza horretan.

Baimenik gabe

Gibraltarko itsasartearen ondoko Tangerreko taldeko zaleek «injustizia» salatzen dute harmailetan. «Itsasontzian eraman nazazue. Lur honetatik salbatu», abesten dute, Europaren atarian.

Futbolaren inguruan sortu den adierazpen modu horrek «gazteek bizi dituzten zailtasunei buruz asko esaten digu, baita bere haserreaz ere», esan digu Abderrahim Bourkia kazetari marokoarrak, “Zaleak hirian” izenburuko liburuaren egileak. «Beraiek gauza guztiak salatzen dituzte eta politika eta kirola baliatzen dituzte horretarako». Talde bateko kide diren arren, «beren burua sistematik kanpo ikusten dute eta izaera instituzionalik ez dutela adierazten dute», dio.

Moncef El Yazghi ikerlariaren iritziz, «inolako baimenik behar ez duen protesta modu berria da, politikariek eta beste bitartekari tradizional batzuek beren papera bete gabe uzten dutenean sortutakoa». Konpromiso hori kasu batzuetan harmailetatik kanpo ere iristen da: orain aste batzuk, Raja taldeko jarraitzaile multzo nagusiak Twitter sare sozialaren bitartez adierazi zien «babes osoa iritzia plazaratzeagatik erreinuan atxilotutako guztiei».

Aljerian estadioek hamarkadak daramatzate herritarren frustrazioen ihesbide lana egiten. 1970az geroztik, protesta horiek kasu batzuetan indarkeriarekin batera iritsi izan dira. Ez da harritzekoa, gazte askorentzat etorkizuna oso ilun baitzegoen orduan, orain dagoen bezala. Adituek diote fenomenoa 1977an sortu zela, JS Kabylie taldearen jarraitzaileen artean: amazigh edo berbere nortasunaren aldeko abestiak kantatu zituzten.

Bide berean, orain urtebete sortu zen Hirak protesta mugimenduarekin bat egin zuten Aljeriako zale askok. Abdelaziz Bouteflika garaiko presidentearen bosgarren agintaldia saihestu nahian sortu zen fenomenoa. USMA Aljer taldeko jarraitzaileek “Mouradiako etxea” kantatzen dute, “Paperezko etxea” telesail espainiarreko historia ustelkeria salatzeko baliatuta, izen hori baitauka presidentearen jauregiak. Hirakeko manifestariek gehien abesten duten himnoetako bat da gaur egun.

Tunisian, berriz, iraultza egin zuten 2011n eta Ben Ali diktadorea kargutik kentzea lortu zuten, baina aldaketa sakon bat nahi izateko arrazoiak ez dira ia batere aldatu. Harmailek herritarren eskari sozial zein politikoen erresonantzia-kaxa izaten jarraitzen dute. Beren abestiek umorea eta zorroztasuna nahasten dituzte. “Ya Hyetna” (“Ene! Geure bizia”), African Winnersena, horren adibide garbia da.

Ekialderago joanez gero, Egiptoko zaleak ditugu. Arabiar Udaberria indarrean zegoenean, bertako futbol zaleek oso zeregin aipagarria izan zuten. Azken urteotan protesta mota guztiak debekatuta daude Abdelfatah Al-Sisiren lurraldean, eta adierazpen askatasunak ere atzera egin du. Hala ere, iaz Kairo eta Al Ahly taldeen arteko partida bat zela-eta, Gobernuaren aurkako manifestazio txikiak sortu ziren, oso gauza arriskutsua errepresioa nagusi den herrialdean: milaka pertsona atxilotu zituzten, zaletu taldeetako buruak barne.

Marokon, Raja taldeko jarraitzaileek iazko abenduko partida baten aurretik salatu zutenez, agintariek makina bat zaletu atxilotzeko kanpaina jarri zuten abian. 

Espainiako banderak hartuta

Orain bi urte, Tetuan Marokoko iparraldeko hiriko hamalau zaleturi hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten epaileek Espainiako banderak jendaurrean aireratzeagatik: gazte haien helburua Marokoko itsas-armadak tiroka hil zuen ikaslearen kasua salatzea izan zen. Paperik gabe Europara iristen saiatzen ari zen gaztea, uniformedunek tiro egin ziotenean.

Tarik izeneko Raja taldeko jarraitzaile gazteak uste du gaur egun futbol estadioak direla Marokoko herritarrek beren kezkak eta nahiak adierazteko lekurik onenak.

 

«Internet bezain garrantzitsuak dira futbol estadioak gaur egun protesta adierazteko»

James L. Dorsey blogari estatubatuarrak Ekialde Hurbileko futbol estadioetan gertatzen diren fenomenoak aztertu izan ditu azken hamarkadotan. Bere izena ezkutatzea nahiago izan zuen Irango kazetari batek modu honetan azaldu zion eraikin horiek agintearekin haserre dauden gazteentzat duten garrantzia: «Adierazpen askatasunari dagokionez, gaur egungo Iranen futbol estadioak ia Internet bezain garrantzitsuak dira. Bertan protesta egitea seguruagoa da, Poliziak milaka lagun aldi berean atxilotzerik ez duelako. Telebista publikoak partida asko eskaintzen ditu zuzenean eta jendeak bere erresistentzia adierazteko erabiltzen du emanaldia. Kameren aurrean banderak erakusten dituzte eta beren mezuak abestu. Horrexegatik azken bolada honetan partidak soinurik gabe ematen dituzte».

Egipton ere bestelako egoera batekin amesten duten zaleak oso garrantzitsuak izan dira azken urteotan. Begirale batzuek diote «futbol zaleak ekintzaile garrantzitsuak» direla. «Herrialdean herri mugimendurik indartsuena osatzen dute; ia-ia Anaia Musulmanak bezain indartsuak dira». Beste herrialde musulman askotan bezala, Gobernua hankaz gora botatzeko gaitasuna duen indar bakarra dira futbolzaleak. Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia kargutik kentzeko giza mugimendua futbol zelaietan egosten hasi zela gogorarazten dute analistek.

Arabiar Udaberria izenarekin ezagun egin den matxinada fenomenoa hasi baino lehen ere, futbola pasioarekin lotuta agertu izan zen. Erlijioarekin alderatzen dute analista batzuek. Pilatutako haserrearentzat ihes-hodi moduko bat da estadioetan garrasika aritzea.

 

Errege ustelaren familiaren alde otoitz egin ala meskitako atzeko aldera ihes egin

Mohamed VI.a Marokoko erregeak arazo ugari ditu herrialdean, baina bere erregimenak beti lortu izan du aurrera ateratzea, maniobra ilunen bitartez kasu batzuetan, eta herritarrek eskatzen dutenaren laurden bat (proportzio bat jartzeagatik) emanda beste batzuetan. Al-Hoceima Rif eskualdeko hiriburuan beste inon baino haserre gehiago pilatu da urteotan eta une batzuetan bazirudien iraultza bera ere ez zegoela urruti. Baina eltzea lehertu baino lehen, Rifeko protestaldietan esku hartzeagatik atxilotutako gazteei indultua eman zien erregeak (Naser Zafzafi ekintzaile ezagunak espetxean jarraitzen du, hogei urteko kartzela zigorra ezarri baitzioten eta berarentzat ez baitago barkamenik). Aldiz, indultuaren hurrengo egunean bertan, soldaduska berriz ezartzea erabaki zuen erregeak. Milaka gazte derrigorrezko zerbitzu militarra egitera bidalita, gazteen arteko langabezia tasa ikaragarriak behera egingo du eta «marokoar onak» izaten ikasiko dute soldaduek, agintarien arabera. Begirale batzuek bestelako arrazoiak ikusi dituzte soldaduska berriz ezartzeko: Aljeriaren aurkako Saharari buruzko gatazka ezkutua dela-eta, soldadu gehiago behar ditu Rabatek.

Aginteak ezartzen duenari ihes egitea ez da gauza erraza Marokon. Herritar bat meskitara otoitz egitera joanez gero, erregearen familiaren alde ere egin beharko du. Baina tenplu horietara joaten diren musulmanek beste erresistentzia ariketa bat asmatu dute: meskitaren atzeko aldera joan eta isil-isilik geratu, otoitz egin gabe alegia. «Horrelako gauzak egin behar dituzte, benetako iraultza urruti dago-eta –esplikatu zien kazetariei Sofia izeneko ekintzaileak–. Facebooken badago sareko iraultza bat, baina gero kalean ez dago horren arrastorik. Birtuala denez, aldaketa ez zaigu iristen. Baina azkenean dena lehertu egingo da».

 

Gizonek sartzea debekatuta dute Sudan eta Saudi Arabiako estadioetan

Emakumeek arazo ugari gainditu behar izaten dituzte herrialde musulmanetan kirol jarduera egiten den instalazioetara sartu ahal izateko.

Sudanek eta Saudi Arabiak emakumeen futbol ligak jarri dituzte abian orain hilabete batzuk: gizonezkoek debekatuta dute bertara sartzea eta futbolariek «kirol uniforme egokiak» jantzita aritu behar dute. Sudanen kasuan, lehenengo jardunaldian gizonek estadiora sartzeko aukera izan zuten, baina geroztik ez. Trantsizio politikoa bizitzen ari da Afrikako herrialdea.

Saudi Arabiaren kasuan, emakumeek jolastutako partidak ez dira telebistan eskaintzen eta gizonek ezin dituzte ikusi. Nabarmentzekoa da herrialde horretan emakumeek edozein kirol egitea debekatuta izan zutela 2012da arte.

Qatarren eta Arabiar Emirerri Batuetan emakumeei ez zaie estadioetara sartzea debekatzen eta gerrak suntsitutako Iraken, berriz, emakumeek osatutako futbol taldeak eta selekzioa ere badituzte.

Sirian betidanik ikusi dira emakumeak futbol zelaietan. Beren Liga 2017an berreskuratu zuten, lehiaketa 2011n gerraren eraginez eten ondoren. Ekialde Hurbileko emakumeen lehen futbol taldea Alepo iparraldeko hirian sortu zuten, 1971n, ia mende erdi bat.

Aljerian orain urtebete bidali zuten manifestariek Bouteflika presidentea bere kargutik eta protesta giroa herrialde osora zabaldu zen. “F’bladi delmouni!” Marokotik etorritako esloganak “Neure herrialdean zapalduta” esan nahi du eta bertako gazteek bizi duten egoera ezin hobeto deskribatzen du. Hirak izena eman zaio herri mugimenduari eta bertan sekulako garrantzia izan dute emakume tituludunek, mundu osoarekin lotutako aljeriarrek. Tebboune presidente berriari honako mezua bidali diote: «Ezin izango duzu aurrekoek egiten zutena egin».