Juantxo EGAÑA

Felipe Manterola, argazkiak egitea maite zuen zeanuritarra

Felipe Manterola Zeanurin jaio zen 1885eko maiatzaren 1ean. Oraindik nerabe zela, eta aita hil ondoren, bere amak gobernatzen zuen tabako-dendan sartu behar izan zuen lanera. Urte batzuk geroago topaketen eta solasaldien leku bihurtu zen gune hori. Lan hori Barazarreko porturaino doan linean kobratzaile eta autobus gidari izatearekin uztartu zuen gaztaroan.

Argazkilari afizionatu honek egin zituen lehenengo irudiak 1904 ingurukoak dira. 1936ko gerra zibilaren eztandarekin, etena gertatu zen. Bere argazki dokumentaletan beti agertzen dira bizilagunak, jaioterriko gertaerak, paisaiak, baserriak eta bizitza erlijiosoaren hainbat alderdi. Sarri eskatu bazioten ere argazkigintzako hainbat lan egiteko, ez zen inoiz profesional gisa aritu. Bere lana garaiko aldizkari eta liburuetan argitaratu zen, hala nola “Novedades” astekari grafikoan, “Euzkerea” aldizkariko hainbat azaletan 1929 eta 1936 bitartean, Eusko Folklore elkartearen urtekarian (1925-1926), “Euzkadi” egunkarian edota 1921eko Euskal Herriko Geografia Orokorrean. Era berean, 1924 inguruan Alemanian hamabi postal argitaratu zituzten bere irudiekin.

Alboko argazkiak benetakoa dirudien arren, umea putrearen atzaparretatik askatu nahian ikusten den irudia fotomuntaia bat da. Bertan Manterolak bide ematen die hegazti harrapariek haur txikiei eta aziendari erasotzen dietela esaten duten kondairei.