2020/02/22

Erreportajea
ESKOLA SUBIRANISTA
Lehen edizioak Estatuko hainbat fundazio subiranista ezkertiar bildu ditu Donostian

Fundazio Subiranista Ezkertiarren Foroak joan den abenduan adostu zuen Lehen Eskola Subiranista egitea. Iratzar Fundazioak antolatuta, hogeita bat fundazio, ikerketa talde zein elkartek hartu dute parte Donostian lehen edizioan, diagnostikoak eta erronken gaineko gogoetak partekatuz. Iratzar Fundazioko zuzendari Floren Aoizek bere balorazioa eskaini dio GAUR8ri.

Xabier Izaga Gonzalez
0222_eskola1

Iragan asteburuan, ostiralean hasita, Donostiako Zuatzuko Iratzar aretoak Lehen Eskola Subiranista hartu zuen. Bertan, Estatu espainiarreko ezkerreko hainbat fundazio subiranistaren ordezkariek beren erronka nagusiei aurre egiteko «proposamen aurrerakoiak» partekatu zituzten “Demokrazia XXI: herri burujabeak autoritarismoari aurre eginez” goiburupean. Eskola Subiranistaren lehenengo edizioa izan da, baina bost urteko ibilbideko bigarren «salto handia». Lehenengoa Fundazio Subiranista Ezkertiarren Foroa abiatzea izan zen, Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariak GAUR8ri esan dionez. Hain zuzen ere, Iratzarrek hartu zuen lehendabiziko edizio hau antolatzeko ardura, joan den abenduan Santiago de Compostelan bildu zen Foroan hala erabakita.

Hausnarketa eta analisi dinamika bateratuak sustatzea izan zen Fundazio Subiranista Ezkertiarren Foroaren proiektuaren lehen ideia: «Ekintzarako hausnarketa, noski, baina, batez ere, gaur egun gure gizarteetan gurutzatzen diren aldaketa politiko, sozial, ekonomiko, kultural, klimatiko, ingurumeneko eta teknologikoen azterketa, horiei aurre egiten saiatzeko».

Helburuak, hiru ardatzetan

Eskola Subiranistan, parte hartzaileen gaitasun politikoak hobetzeko, kalitatezko ekintza formatiboa partekatu zuten; baita azterketak, proposamenak eta estrategiak ere, hainbat tradizio eta lurraldetatik etorritakoen arteko konplizitatea ehuntzeko, eta Foroaren izaera azaltzen duen agenda komunikatiboa baliatu zuten ezkerreko subiranismoa ikusgarri egin eta subiranismo eraldatzailearen proposamenak ezagutarazten laguntzeko. Proposamen horiek elkarrekin garatzeko erronkari aurre egiteko, hiru ardatz jorratu zituzten: bizi dugun garaia ulertzea; Espainiako Erresumaren egiturazko krisia eta eman litezkeen agertokiak aztertzea, eta burujabetza, feminismoa, larrialdi klimatikoa eta emantzipaziorako bide berriak lantzea.

Saioak ostiral arratsaldean hasi eta larunbat gauean amaitu ziren. Igandean, berriz, Iñaki Egaña historialariak gidatutako bisita egin zuten Donostiako Parte Zaharrean zehar.

Zuatzuko Lehen Eskola Subiranistan hamabost talde parte hartzea aurreikusita zegoen: Alkartasuna Fundazioa, Alternatiba Eraikitzen, Ciemen, Iratzar Fundazioa, Ipar Hegoa Fundazioa, Fundacio Irla, Fundació Nexe, Fundacion Galiza Sempre, Fundació Darder Mascaró, Fundación Moncho Reboiras, Fundación Terra e Tempo de Estudios Nacionalistas, Grupo de Estudios Díaz del Moral, Manu Robles Arangiz Fundazioa, Obradoiro da Ideas Lancara eta Poble Lliure; horiez gain, baina, beste zenbait ere izan ziren.

Horregatik, eta oro har Lehen Eskolaren emaitzagatik, pozik ageri da Aoiz GAUR8k balorazio bat eskatu dionean. Zenbaki batzuk eskaini ditu. Normalean Foroan 13 fundazio, ikerketa talde edo bestelako eragile parte hartzen dutela dio; oraingoan, berriz, 21 bildu dira, gonbidatuta zein begirale gisa, eta 150 lagun inguruk parte hartu dute. «Hau zabaltzen ari da, eta bada gauza bat oso inportantea, gazte jende asko egon izana. Horixe zen helburuetako bat». Oso giro onean jardun dutela eta oso emankorra izan dela dio, «bai barne elkartasun, saretze eta elkar ezagutze mailan, bai edukietan»; alegia, partekatu dituzten gogoetei dagokienez. Metodologiak asko lagundu diela azaldu du Aoizek, «talde lanari eta parte hartzeari begirako hautua izan delako».

Indar giltzarria

Urte hauetan elkarrekin zer egin ahal duten pentsatu, diagnostikoak trukatu eta subiranismoaren erronken inguruko gogoetak partekatu dituzte Foroko taldeek. Eta, «jakina, gure arteko elkartasuna sendotu». Lehen Eskola honen amaieran Aoizek esan zuenez, ez ziren elkartu errezeta magikorik bilatzeko eta, horrenbestez, halakorik aurkitu ez izanak ez ditu zapuztu behar. «Gure bide orriak etengabe eraiki eta berreraiki» beharra nabarmendu zuen, baita ezkerreko subiranismoa emantzipazioaren aldeko indar giltzarrietakoa dela ere, eta aldaketak ulertu, moldatu eta eskema zaharkituak zalantzan jartzeko gaitasuna erakutsi duela ziurtatu: «Subiranismoa errepublikanoa, feminista, berdinzalea, sakontze demokratikoarekin irmoki konprometitua da, eta horizonte integratzailea eskaintzen du».

Fundazio Subiranista Ezkertiarren Foroan, jakina, ez da falta indar subiranisten nondik norakoaren gaineko gogoeta. Honela azaldu du Aoizek: «Iraganean baziren bi ikuspegi. Bat, indar subiranistena, herri bakoitzak bere bideari heldu behar ziola zioena, eta beste bat, Estatu eskalako ezkerreko sektoreek defendatzen zutena, Estatu mailako dinamika. Subiranistok ere batzuetan erreparoak edo eszeptizismoak izan ditugu herri bakoitzetik haratago egin zitekeenaz. Hemen planteatzen ari da herri bakoitzaren araberako estrategia egin behar dela, autozentratua esaten dioguna, baina, era berean, pentsatu behar dugula Estatu espainiarraren aurrean mugimendu subiranistok zertan dugun posible koordinatzea, artikulatzea, konplizitateak lantzea… Orain arteko bidea ikusita bistan da asko dagoela egiteko, iraganean maila horretan egin duguna oso mugatua izan dela, eta Foroak eta eskola honek erakutsi digute aukera bat badagoela. Elkarrekin indartsuagoak garen ideia landu dugu. Gogoeta ez da deszentratzea, herri bakoitzean zentratzea baizik, baina, hori hala izanda, gauza asko egin daitezke elkarrekin: partekatu eta koordinatu».

Zerbait berria eraikitzeko asmoa

Halaber, subiranismo emantzipatzaileak ez duela inora itzuli nahi azaldu du Aoizek, euren subiranismoa ez dela ezein iraganekiko nostalgia, zerbait berriaren proiektua baizik: «Beti egon da subiranismoaren kontrako diskurtso potente bat, potentea boteretik datorrelako, normalean iraganera edo globalizazioaren aurreko garaietara itzuli nahi dugula dioena. Ez da, inolaz ere, hori. Beste zerbait eraikitzen ari gara».

Bestetik, Eskola Subiranista hizpide, fundazioen esparrua alderdi eta sindikatuetatik autonomoa dela iradoki dute nonbaiten eta Aoizek zehaztu nahi du ez daudela alderdiek eta sindikatuek egiten dutenaren menpe, baina «hemen, azken finean, gehienak alderdi edo sindikatuekin lotutako fundazioak edo eragileak gara»; hala ere, argi utzi nahi du, halaber, marko propio bat eraikitzen ari direla. Ba omen dira Foroan daudenen arteko aliantzak, batzuetan elektoralak, «eta orain arte aniztasun horrek gure arteko konplizitateak kolokan jarri ez izana lortu dugu. Gauza bat da maila elektoralean egin daitekeena, eta hori onuragarria izan daiteke, baina gero kapazak gara, nahiz eta sindikatuen, alderdien eta gure artean beste ezberdintasun batzuk izan, gogoetan eta gure arteko esparru honetan bat egiteko».

Estatu espainiarreko ezkerreko hainbat fundazio subiranistaren ordezkariek beren erronka nagusiei aurre egiteko «proposamen aurrerakoiak» partekatu dituzte

Ezkerreko subiranismoak aldaketak ulertu, moldatu eta eskema zaharkituak zalantzan jartzeko gaitasuna erakutsi duela nabarmendu du Iratzar Fundazioko zuzendari Floren Aoizek