2020/02/22

Mikel Zubimendi
Oraina uzkurtu da, etorkizun gabeko etorkizuna erakutsiz

Gure modernitate demontre honen ezaugarria da: ez goaz horizonte argi baterantz korrika, ez; gure bizkarrean den amildegi ilun batetik ihesi gabiltza

Ez da soilik Euskal Herrian gertatzen, turboa jarrita duen Mendebaldeko kapitalismo honetan bizi garen gizarte guztietako kontua da. Orokorra. Jendea gero eta azkarrago mugitzen da, eta, hala ere, toki berean trabatuta segitzen duela sentitzen du. Oraina uzkurtu egin da, eta egoera arriskutsua eta frustragarria da. Euskal jendeak sentitzen baitu azkarrago eta gero eta azkarrago korrika egin behar duela, ez etorkizun hobeago baten ziurtasunarekin, baizik eta toki berdinean egon ahal izateko. Berdin da zein eraginkor eta azkarrak izan garen aurten, hurrengo urtean azkarrago aritu beharko dugu, bestela galdu egingo garelako. Gure modernitate demontre honen ezaugarria da: ez goaz horizonte argi baterantz korrika, gure bizkarrean den amildegi ilun batetik ihesi gabiltza.

Nola demontre esplikatzen da hori? Izatez, fenomeno psikologikoa da, baina erro sozialak ditu. Beti presaka eta denbora faltan ibiltzearen sentsazio hori, esango nuke, gure eskura dugun eta gure betebehar eta egitekoak betetzeko beharko genukeen denboraren arteko harremana dela. Arazoa, euskal gizartearena ere badena, bi denbora horien arteko desadostasun handia da. Egin beharko edo egin nahiko genituzkeen gauzak egiteko egunak 48 ordu izan beharko lituzke. Baina, larriminez lepo, denboraz motz gabiltzala eta azkarregi ihes egiten digula sentitzen dugu.

Pellokeria dirudi baina gogoratu behar da denbora kronologikoa ez doala azkarrago, ezta geldoago ere; egunak 24 ordu izaten jarraitzen du eta urteak 365 egun. Eta, hala ere, gure esperientziez jabetzeko ahalmena galtzen ari gara: gauza pilo bat egiten ditugu egunean zehar baina ez gaituzte hunkitzen, ez dute gugan aztarnarik uzten, eta, eguna joatearekin batera, gehien-gehienak ahaztu egiten ditugu. Ez dute gure memorian, biografian edo identitatean arrastoa uzten.

Azelerazio sozial betean bizi da Euskal Herria. Teknologiaren eta bizitzaren erritmoak beste martxa bat hartzearekin batera, denbora azkarrago doan usteaz gain, gure arteko harremana, munduarekin dugun lotura, problematikoagoa bilakatu da, gure bizitza definituz. Badirudi euskaldun modernoarentzat azkarrago joatea gehiago bizitzea dela, bizitza bukakorraren eta heriotzaren aurrean erantzun kulturala.

Azelerazio horrek alienazioa sortzen duela begi bistakoa da, baina, ez dakit, bere baitan, desazelerazioa eta motel bizitzea alternatiba politiko bakar eta eraginkorrena ote den. Ezinezkoa ikusten baitut daukagun euskal gizartea utzita, eskapo egin eta nor bere bide propioan mantsoago joanez arazoa konpontzea. Azelerazio sozial horrek sustrai sakonak baititu: gure herriaren, gure munduaren, muinean dagoen ezaugarri instituzionalizatua da. Bizitzeko moduen eta norbanako jarreren aldaketa beharko da, baina hori baino gehiago ere bai. Munduarekin harremanetan jartzeko bide berri bat. Azelerazioaren ziklotik ez dugu ihes egiterik izango ekonomia aldatu gabe, merkatua eta lehia gure bizitza sozial eta kulturaletan esanahi berri batez hornituta berrezarri gabe.

Gaia serioa eta korapilatsua da. Inplikazio asko ditu. Eta ez dago sinplifikatzerik denbora alde edo kontra ote dugun eztabaida aspergarri eta politikoki antzu horrekin. Hain erraza balitz, dagoeneko jakingo genukeelako euria egiten duenean haizea bustitzen den ala ez, edo ohetik altxatzeko gai ere ez denak nola jaurtiko lukeen harrikada banku baten erakusleihora. •