Izaga, Xabier

HISTORIAKO PANDEMIARIK SUNTSIGARRIENAK

Antzinatetik, ugari izan dira. Giza eta animalia osasunari dagokionez ez ezik, ondorio nabarmenak izan dituzte arlo sozial, ekonomiko eta politikoan ere, historiaren bilakaeran eragin dutenak. Milioika bizilagun hil dituzte, batzuek eskualde eta are munduko biztanleria ehuneko esanguratsu batean murrizteraino.

Lerrootan, suntsigarrienen eta haien ondorioen zenbait datu.

Atenasko izurria

“Peloponesoko gerraren historia” lanean Tuzidides historialariak kontatu zuenez, Etiopian hasi eta Grezia Zaharrera zabaldu zen Atenasko izurri suntsitzailea K.a. 430. urtearen inguruan. Gerra betean, Atenasko hiri-estatuari eraso zion gaitzak, baita, neurri txikiagoan, Espartari eta ekialdeko Mediterraneoko inguru bati ere.

Perikles buru zutela, atenastarrak hiriko harresien atzean gorde ziren; Espartaren aurkako estrategiaren barruan, espartarren garraioa suntsitu eta hornidura mozten zieten aldi berean. Hala ere, landa eremuko jende asko ere hirira sartu zen eta gaixotasuna kutsatzeko leku aproposa bihurtu zen Atenas.

Izurrite hark 50.000 eta 300.000 heriotza bitartean eragin omen zituen. Atenasen zeuden lagunen herena hil zirela uste da. Tartean, soldadu asko, eta beste askok ihes egin zuten gaixotasunaren beldur. Perikles bera K.a. 429. urtean hil zen, izurriaren beste agerraldi batean. Historialari batzuen ustez, izurriak Atenasi gerra galarazi zion; edonola izanda ere, porrot haren ondorioz, mazedoniarren eta ondoren erromatarren nagusitasunari bidea zabaldu zitzaion.

Justinianoren izurria

Ekialdeko Erromatar Inperioari eragin zion Justinianoren izurriak; baita, Konstantinoplari ez ezik, Europako, Asiako eta Afrikako beste lurralde batzuei ere, 541. urte ingurutik. Pandemia behin eta berriz agertu zen Mediterraneoko portuen inguruan, 750. urtera arte gutxi gorabehera, eta bi mende haietan 25 eta 50 milioi lagun artean hil ziren munduan, VI. mendeko populazioaren %13 eta %26 artean. Ustez izurri bubonikoak eragindako epidemia historiako izurrite handienetakotzat jo izan da. Izurria Yersinia pestis izeneko bakterioak sortu zuen, eta gaixotasunaren transmititzailea arratoi beltza izan zen.

Eskuarki kutsaduraren hasiera Afrikako ekialdean kokatu izan dute. Aldiz, azkenaldian egindako azterketa genetikoen arabera, anduiaren jatorria Txinan egon zitekeen.

Europaren historian eragin handia izan zuen izurri hark. Bizantziar Inperioa Kartago eskualdeko bandaloekin, Italiako penintsulako ostrogodoekin eta Sasandar Inperioarekin gerran zegoen, eta izurritearen ondorioak hondamena izan ziren ekonomian, zergen diru-sarrerak murriztuta, merkataritza-jarduerak geldiarazita, nekazaritza jarduera zuten eremu handiak suntsituta eta gatazka larriak sortuta. Landa ingurunean eragindako despopulazioaren ondorioz, otarrain izurriteak izan ziren. Halaber, Bizantziar Inperioan eta Europako ekialdean izan ziren galera demografikoek VI. mendeko inbasio eslaviarrak erraztu zituzten.

Izurri beltza

Historiako izurriterik suntsitzaileentzat joa, Eurasiari eragin zion Izurri Beltzak XIV. mendearen erdialdean. Europan bakarrik 25 milioi pertsonatik gora hil omen ziren, biztanleriaren heren bat gutxi gorabehera, eta, Asian eta Afrikan, 40 eta 60 artean.

Yersinia pestis bakterioaren aldaera batek eragindako agerraldia izan zen, lehenengo Asian eta gero Europan, merkataritza ibilbideen bidez.

Izurrite haren ondorio sozialen artean, nabarmentzeko modukoa da juduen aurkako jazarpena. Haiei leporatu zieten epidemia intoxikazioz eta putzuak pozoituz eragin izana. Ondorioz, Europako leku askotan pogrom bortitzen eskutik juduen komunitateak suntsitzen hasi ziren.

Biztanleriaren galera handiak ondorio ekonomiko nabarmenak izan zituen. Adibidez, Europan landutako eremua murriztu egin zen eta nekazaritzako ekoizpenak nabarmen egin zuen behera.

Espainiako gripea

Beste gripe-epidemia batzuek ez bezala, gazteak eta heldu osasungarri askori eragin zien Espainiako gripeak, baita animaliei ere. Gaixotasuna 1918an agertu zen Ameriketako Estatu Batuetan, ustez, eta urte hartan mutazio bat edo mutazio-talde bat izan zuen, agente infekzioso hilgarria bihurtu zuena; mutazioa 1918ko abuztuan berretsi zuten Bresten, Ameriketako Estatu Batuetako tropa aliatuen erdiak Lehen Mundu Gerrara sartzen ziren portu frantsesean, hain zuzen. Gerra ez zen epidemiaren eragilea, baina parte hartu zuten tropen mugimendu masiboek hura hedatzea erraztu zuren. Gripeak, edonola ere, eragin handia izan zuen gerran.

Hildakoen kopurua 50 eta 100 milioi artekoa izan zen mundu osoan zehar. Infektatuen %10tik %20ra bitartean hil ziren, eta garai hartako munduko populazioaren herentsua infektatu zen. Epidemiaren ondorioz, munduko jardun ekonomikoak behea jo zuen eta migrazio mugimenduei nabarmen eragin zien.

Beste batzuk

Orain arte aipatuak izan ziren suntsigarrienak, baina beste epidemia eta pandemia asko ere izan dira gaur egun arte.

Baztanga edo nafarreria antzinako gaixotasuna da. Historian zehar 300 milioi lagun baino gehiago hil dituela uste da. Espainiarrek Amerikara sartu zuten birusa eta herri indigenak sarraskitu zituen. Elgorria ere oso antzinakoa da, eta milioika lagun hil ditu, 200 inguru.

Tifusa eskuarki intsektuen eta beste artropodo batzuen bidez transmititutako gaixotasuna da. Eskuarki, landa inguruneetan zabaldu da. Lau milioi lagun inguru hil ditu.

XIX. mendean bakterio batek eragindako gaitz bat mundu osoan zabaldu zen: kolera. Mende hartan eta hurrengoan zenbait agerraldi izan zituen eta ondorioz hiru milioi pertsona inguru hil ziren.

1957an, giza gripearen eta hegazti gripearen arteko konbinazio bat agertu zen Asiako hego-ekialdeko kostaldean, eta azkar hedatu zen lurralde osoan, baita Australiara ere. Milioi bat heriotza eragin zituen. 1968an gripe haren mutazio bat agertu zen.

Hiesa eragiten duen GIB delakoa 1980ko hamarkadan zabaldu zen. Sistema immunologikoari erasotzen dio. Gaixotasun horrek ez du sendabiderik, baina dauden tratamenduek %33 murriztu dute gaixoen heriotza tasa. Gaur egun arte gutxienez 25 milioi heriotza eragin ditu, eta haren beste ondorio nabarmenetakoa gizarteko sektore baten estigmatizazioa izan zen.

XXI. mendean agertu diren koronabirusetako bat Arnas Sindrome Akutua eta Larria izan zen. SARS delakoa 2003an agertu zen, Txinan, eta egungo koronabirusaren antzik handiena duena da, %80an haren berdina baita. Oraingoak eragin duen antzeko ikara sortu zuen epidemia hark, batez ere Pekinen. Baina 773 heriotza baino ez zituen eragin, oraingoak baino askoz hilgarritasun handiagoa zuen arren. OMEk 8.845 kasu zenbatu zituen munduan, eta Europan izandakoetatik bat ere ez zen hilgarria izan.

Hegazti gripea, A gripea, Ebola, Ekialde Ertaineko koronabirusa... Pandemiei aurre egiteko gero eta baliabide gehiago dago, eta uste izatekoa da aurrekoetatik ikasi egin dela. Haren ondorioei aurre egiteko gaitasuna, ordea, ez da horren argia.