Xabier Izaga Gonzalez
KORONABIRUS BIRALA

Koronabirus berriaren transmisioa etetea da kezka eta erronka nagusia

Covid-19 gaitza eragin duen koronabirus berriak krisia ere eragin du mundu osoan. Pandemiari aurre egiteko informazioarekin batera, desinformazio handia ere zabaltzen ari da nonahi, inoiz baino gehiago, birusaren transmisioa eteteko erronka erraztu beharrean, oztopatu egiten duena.

Egunero ehunka orrialde, ehunka ordu betetzen ditu gai batek hedabideetan. Sare sozialak borborka jarri ditu eta kaleko zein etxeko solasetan nagusi da alde handiz. Koronabirusa da, ikusten ez den baina mundua hankaz gora jarri duen izaki mikroskopikoa.

Normala dirudi Covid-19 gaitzari hainbeste leku eta denbora eskaintzea; hala ere, informazio hori guztia zuzena eta egokia al da? Izan ere, informazioa beharrezkoa da, are gehiago fenomeno larri bat gertatzen denean, eskubidea izateaz gainera, oso garrantzitsua baita fenomeno horiei aurre egiteko.

Gaitza

Badakigu, edo badakigula uste dugu, hainbat gauza koronabirusaren gainean; hala ere, funtsezko informazioa datu eta esamesa zurrunbiloan urtuta geratzen da maiz. EHUko “Campusa” aldizkarian Miren Basaras Mikrobiologia irakasleak argi asko azaltzen du zertan den gaixotasuna eta hari aurrea hartzeko modua “Covid-19 gaixotasunaren borroka, Osasun Publikorako erronka” artikuluan.

Adituek koronabirus berriaren gainean dakitena azaltzen hasten da: «Nahiz eta ez jakin zehatz-mehatz zein animaliatatik eta nola ailegatu den gizakiengana, guztiz argi dagoena da zoonosia dela, hau da, animalietatik etorritako birusa dela eta gizakiarengan kalte egiteko gai dela. (...) Bizi garen mundu gainpopulatu honetan hainbat faktoreren konbinazioak errazten du animalien birusek gizakiak mehatxatzea. Faktore horien barnean hauexek daude: ingurumeneko aldaketak, hala nola tenperaturaren igoera; gizaki, animalia eta ekosistemen partekatze hurbila munduko hainbat lurraldetan; edo munduko osasun-publiko mekanismo desegokiak».

EHUko irakasleak dioenez, oso azkar lortu dute birusaren sekuentziazioa eta identifikazioa, eta diagnostikorako probak egitea. Horri esker, kontrol-neurriak abiatu dira; esate baterako, milioika pertsona berrogeialdian jartzea. Gaitzaren hedapenaren gainean, hala dio: «Argi dagoena da XXI. mende honetan epidemiak modu azkarrago eta urrunago hedatzen direla aurreko mendeetan baino, bereziki globalizazioari eta aireko bidaiei esker».

Munduko bazter guztietan jakin zen Txinan egunez egun kutsatu kopuruak gora egiten zuela, eta gero Japonian, Hego Korean, Iranen, Europan... Beraz, jakina zen Euskal Herrira ere iritsiko zela, eta duela bi aste pasatxo iritsi zen, iritsi zenez.

Zurrumurruen hedapen birala

Sortu zenetik, baina, Covid-19 gaitzaren gaineko benetako informazioarekin batera zurrumurru gehiago iritsi zaizkigu. Adituen eta instituzioen informazioa baino lehenago zabaltzen baitira, birusa bera baino era biralagoan.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak Covid-19ari aurre egiteko gomendioak eman ditu: «Norbera eta besteak babesteko modurik eraginkorrenak hauek dira: eskuak maiz garbitzea, eztul egitean ahoa besaurrearekin edo paperezko zapi batekin estaltzea eta eztul edo doministiku egiten duten pertsonengandik gutxienez metro bateko distantzian egotea». Baina gomendioak eman ez ezik, birusarekin batera hedatu diren hainbat zurrumurru gezurtatu ere behar izan ditu. Harrigarria? Hala dirudi, egin dituen ohartarazpenak irakurrita: kokainak ez du koronabirus berritik babesten, baratxuriak jateak infekzioari aurre egiten laguntzen duen frogarik ez dago, eztul edo doministiku egiten duen lagun baten arnas tantatxoek ez dute zortzi metroko irismenik... «Zurrumurruen eta desinformazioaren aurkako borroka funtsezkoa da birus horren aurkako borrokan», esan zuen OMEko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek.

Miren Basarasek lasaitasunerako argudioak ematen ditu: «Egia da birus honek duen kutsakortasun-maila ez dela oso altua: pertsona kutsatu batek beste bizpahiru kutsatu ahal ditu (...) Gainera, klinikari dagokionez, koronabirus berri hau kasu gehienetan sintomarik gabekoa da edo sintoma arinak sorrarazten ditu, eta bakarrik kasu gutxi batzuetan (%14) larriagoak direnak (pneumoniak, arnas ezintasunak…) eta bere heriotza-tasa ez da oso altua, %2-3koa».

Ez dio, ordea, ez dagoela zertan kezkatu, ezta hurrik eman ere: «Ezezaguna den guztiari beti errespetu bat izan behar zaio. Azaleratzen ari diren infekzioak edo infekzio emergenteak beti mehatxu dira giza eta animalia osasunerako eta, aldi berean, egonkortasun sozialerako eta munduko ekonomiarako». Izan ere, joan den astean ELGE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak munduko barne produktu gordina aurreikusitakoa baino askoz apalagoa izango dela aurreikusi zuen, beharbada hasiera batean uste zenaren erdia. Eta horrelakoetan ez da inoiz falta izaten edozein egoera baliatzeko prest dagoenik. Espainiako enpresarien buruak Madrilgo Gobernuak aurreko Lan Erreforma bertan behera uzteko asmoaren aurka egiteko aukera ikusi zuen, gaixotasunaren berri jakin baino lehen Lan Erreformaren aldaketarekin bat etorri izan balitz bezala.

Kezkatzeko beste motibo bat birusaren genoma RNA motakoa izatea da. «Ikusi egin da mota horretako animalia birusak egun gutxitan %1 baino gehiago alda daitezkeela», nabarmendu du EHUko irakasleak. Birusak mutazio ahalmena du, horrenbestez; hala ere, dioenez, oraingoz behintzat, ez da aldatu.

Joera makurrak

Iritsi da gaixotasuna Euskal Herrira, iragarri moduan, eta ustekabean iritsi balitz bezalako jokaerak ere sumatu dira, hala ere. Jendearen portaera normala da, itxuraz behintzat. Koronabirusa denon ahotan dago, baina ezin esan ikara sortu duenik. Edonola ere, farmazietan ez dago maskararik, nahiz eta, OMEk dioenez, kutsatuta ez daudenentzat ez duten balio.

Basarasek ere nabarmentzen du informazioaren garrantzia, eta birusaren inguruko krisia hasi zeneko aurreiritziak eta jarrera makurrak gogorarazi ditu: «Azken bi hilabeteotan informazio asko izan dugu sare sozialetan, baina informazio eza ere egon da. Horrek xenofobia kanpainak bultzatu ditu, birusaren eta jatorrizko lurraldearen artean lurralde-madarikazio bat egongo balitz bezala. Europara ailegatu denetik, beharbada beste ikuspegi batekin ikusten da. Argi dagoena da birusak eta mikroorganismoak oro har ez direla lurralde batekoak. Mikroorganismoek ez dute nazioen muga geografikorik errespetatzen eta, herrialde batean osasun arazo bat dagoenean, oso erraz heda daiteke munduko beste herrialdeetara, osasuna munduko herrialde guztien arazoa baita».

Pandemiaren bilakaera

Basarasek gaitz honen egoera ezberdinak aurreikusi daitezkeela dio bere artikuluan: «Egun, lehenengo egoeran gaude, euste-neurrien egoeraren barnean, zeinetan noizbehinkako kasu inportatuak ditugun eta ez den aurreikusten tokiko transmisio egonkor bat. Egoera hori gaindituko balitz, bigarren egoerara pasatuko ginateke eta identifikatu gabeko transmisio ugari izango genuke populazioan hainbat kasu detektatuz. Horrek populazioren mugimendua murriztea ekarriko luke. Hirugarren egoera batean, transmisioa orokortu egingo litzateke, populazioaren gehiengoa kutsatua egonik. Krisi honen ondoren birusa desager daiteke, duela hamazazpi urte antzeko beste koronabirus batekin (SARS-CoV) gertatu zen moduan. Beste aukera bat litzateke birusa gure artean gelditzea urte-sasoiko patroia jarraituz, bere portaera beste koronabirus batzuenaren berdina izanik, udazkenean eta neguan kaltea eman eta beste sasoietan isilpean gelditu».

EHUko mikrobiologoak martxoaren 5ean idatzi zuen bere artikulua, Euskal Herriko lehen kasuak agertu berri. Astebete pasa joan da ordutik, eta bitartean kutsatuen kasuek nabarmen egin dute gora. Harrengana jo du GAUR8k eta dioenez, Hego Euskal Herrian lehenengo egoera gainditu da. Hala ere, alarma egoera saihestu behar dela uste du, lagundu beharrean, oztopatu egiten baitu birusaren aurkako borroka. Herritar askok zenbait supermerkatutako apalategiak hustu dituzte eta horien argazkiak agertu dira sare sozialetan. «Horrek ez du laguntzen, jende askok hori ikustean berak ere elikagaiak pilatu beharra duela uste baitu», dio EHUko irakasleak.

Erronka, transmisioa etetea

Erronka transmisioa etetea dela dio behin eta berriz Basarasek. Hartarako, instituzioen ardura da informazio oso eta gardena ematea, eta hedabideen ardura informazio hori albait argien zabaltzea, betiere zerbitzu publiko bat ematen ari diren kontzientziarekin eta ez audientzia handitzeko aukera baliatzeko asmoarekin. Eta gizarte osoaren erronka den aldetik, behintzat, gizarte osoaren ardura ere bada gomendioak betetzea.

Adituak, instituzio publikoak, hedabideak, herritarrek... bakoitzak pentsatu beharra dauka zer egin behar duen eta ondo egiten ari den.