Miren Azkarate Badiola

Txakurrak beti txakur

Pasa da beste behin ere Martxoaren 8a. Mundu guztian zehar indarrez betetako irudiak ikusteko aukera izan dugu aurtengoan ere. Adin guztietako emakumeak eta feministak, umeak, gazteak, helduak... denak batera abesten, oihuka, pozik eta haserre, ospakizuna bai baina aldarria den egunaz gozatzen.

Medio ofizialek denbora eskaini diote gai honi egun honetan, ohi baino gehiago beharbada. Baina ez dituzte ez irudi guztiak eman, beti bezala. Ez dituzte erakutsi egun honetan mundu guztian zehar izan diren poliziaren jazarpen eta oldarraldien irudiak. Bai, egun honetan ere, txakurrak beti txakur, hemen eta munduko edozein zirrikitutan.

Ez dituzte erakutsi adibidez Istanbulen emakumeen manifestazio baten aurka botatako gas negar-eragileen irudiak; edota Parisen metroko eskaileratan eserita zeuden ehunka emakumeak nola atera zituzten arrastaka, kolpeka bidea ireki zezaten; edo Txilen tankeetatik ur txorrotadak jaurtiaz poliziak; edo (eta urrutira joan gabe) hemen Euskal Herrian identifikatu eta Mozal Legea ezarri dieten emakumeen kasua. Hiltzen gaituzten honetan, urtean behin hartuko ditugu batera kaleak eta hau da zuen jarrera? Polizia jaun-andreak, ez al zaizue iruditzen indarra beste leku batean jarri beharko zenuketela behingoz?

Azkenaldian pankarta originalak eta oso onak ikusi ditut hainbat gairekin, gaurkoan horietako batekin bukatuko dut: “Koronabirusa baino okerragoa da zure kuadrillako bat zipaio izatea”. •