2020/03/21

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Tupustean

Tupustean, unibertso paralelo batean aurkitu gara. Surrealismoz jantzi da errutina. Aurreko astean Boris Johnson estrategia alternatiboak iradokiz bazebilen ere, laster aldatu du taktika. Koronabirusak ez ditu-eta estrategiak ulertzen, birusa ez da selektiboa leku batean edo bestean.

Euskal Herriko “kurba”-rekin alderatuz astebete atzetik omen gaude Londresen, eta hemen ere neurri zorrotzak hartzen hasi dira. Oraindik ez gaude konfinamendu hertsienean, baina egun gutxi gelditzen zaizkigula dirudi. Eskolak ostiralean itxiko dituzte eta hiriko milioi eta erditik gora ikasle etxeetan sartuko dira. Hasteko…

Londres erdian bizita inoiz imajinatu ezin nituen irudiak ikusten ari naiz. Kaleetako isiltasuna hunkigarria da benetan. Ohiko mugimendu azkarra eta erritmoa pausatuta sentitzea ere bai. Edo, supermerkatuetan sortu den psikosia. Ez da komuneko papera bakarrik gastatu dena, irrazionalismo basatienaren eta paniko kontrolaezinaren erdian, ahal duen guztia erosten hasi da jendea. Lagun batek ezin izan du pasta pakete bakar bat ere erosterik izan azken bi egunetan, auzoko bost supermerkatuetara joan bada ere. Goizeko zazpietan dendak ireki aurretik jende ilara handiak egiten ikustea ohikoa bihurtu da. Hiriaren erraldoitasunak larritasunaren pertzepzioa anplifikatzen du. Akaso.

Egun batetik bestera gertatu da aldaketa. Inposatu ziguten ustezko normaltasunaren ostean, egoera erdi-apokaliptiko batean gaude. Egokitzapen fase horretan gaude oraindik ordea, eta erreferentzia egonkor bat ez edukitzeak, interes berekoien eta egoeraren larritasunaren artean batetik bestera saltoka ibiltzea eragiten du, modu dikotokimo superfizial batean. Etxetik lan egitea ez delako hain eraginkorra kexu gara eta bulegoko kafe-tarteak faltan botatzen ditugula esaten diogu lankideari, Italiako datu asaldagarriak entzuten ari garen bitartean. Perspektiba galtzen dugu etengabe.

Hiperinformazioaren garaiotan, abantailetako bat da guk hautatu ditzakegula entzun edo irakurri nahi ditugun datuak. Izan ere, horrelako muturreko egoeretan ateratzen dira-eta espero ez genituen erreakzio eta jarrera positiboak ere. Ziurgabetasunak sortzen duen antsietate hori kudeatzeko terapia eraginkorra da askotan horietan fokua jartzea. Hainbat ekimen miresgarriri buruz entzun dugu ospitaleetan lanean ari direnen alde (haiek dira-eta benetako larritasuna ikusten ari diren heroiak); bakarrik bizi diren edo kalera ateratzerik ez duten adinekoei laguntzeko, kartelak jarri dituzte bizilagunek etxeetako ateetan; ordainpeko hainbat telebista plataformak, haurrentzako eduki gehiago jarri dituzte debalde; auzoko hainbat liburu dendak, isolamenduan daudenei liburuak eramaten dizkiete etxera; joaten naizen yoga zentroa, debalde hasi da streaming bidez klaseak ematen; supermerkatuetan, eguneko lehen ordua behar gehien dutenentzat mugatuta egongo da; zinemen itxierarekin, filmak lehen aldiz erakutsi behar ziren egunean, telebistaz ikusi ditzakegu egun berean.

Planifikatu gabe egokitu zaigun bizitza berri honetan, jendearen alde ona ateratzeko balio badu (baita ere), ikasi dezagun jarrera miresgarri horietatik. •