2020/03/28

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Asasinoak, tenplarioak eta berrogeialdia

Noiz ez, baina banekien goizago ala beranduago berriro erabiliko nuela. Instalaziorako artxiboak disko gogorrean egon dira gordeta eta atzo ezin izan nion tentazioari eutsi. “Assassin’s Creed” (Asasinoaren sinesbidea) bideo jokoa instalatu eta jolasari ekin nion. Konturatzeko goizaldeko hirurak. Begiak gorri-gorri eta hainbesteko input-aren ostean loak hartu ezinik, pentsatzen jarri nintzen historialari askok gustukoak ditugula bideo jokoak. Azken finean, pertsonaia baten azalean zure burua jarri, ingurua esploratu, ezkutatuta dagoena topatu, pistei zentzua eman eta bere hiru dimentsioko abenturak bizitzeak badu historiaren ikerketarekin zerikusia. Edo besterik gabe nire burua zuritzen ariko naiz, ziurrena, ordu luzetan jolasean aritzea justifikatu nahirik. Kontua da aipatu bideo joko saileko atal ezberdinek gure historia goitik behera errepasatzen dutela. Baina berezitasun batekin. Gainontzekook konturatu gabe, bi erakunde sekreturen arteko lehia emango litzateke itzalean: asasinoak eta tenplarioak.

Kasualitatez, azken aldian gau-mahaian dudan liburuak (Thomas Asbridge ingeles historialariaren “Gurutzadak”) oinarrizko zenbait azalpen eskaini dizkit. Asasinoak musulman xiiten arteko ismailiten adarreko talde bat ziren. Esaten dutenez, talde txiki horretako kideak haxix kontsumitzaile amorratuak ziren, hortik hashshashiyín edo “asasinoak” izengoitia. XII. mendearen hasieran, Alepoko eta Damaskoko zenbait agintarirekin aliatuta, horien etsaiak erailtzeagatik ezagun egin ziren. Hortik, beraz, “asasino” terminoa.

Garai berean Hugo de Payns nobleak gerlari talde bat antolatu zuen, gurutzatuek konkistatu berri zuten Jerusalemera bidean erromesak babesteko. Guardia horretako kideek, monjeek bezala, obedientzia, kastitate eta txirotasun botoak egiten zituzten. Beraien kuartel nagusia Al-Aksa meskitan zegoen, kristauek “Salomonen tenplua” deitzen zuten lekuan. Hortik “tenplario” izengoitia. Noble askok, bekatuak zuritu eta zerua irabazi nahirik, tenplarioei lurren eta errenten gaineko kontrola eskaini zieten. Horrela, tenplarioak ordena militar-erlijioso boteretsua bihurtu ziren denbora laburrean.

Zertxobait luzatu naiz, baina esan nahi nuena zera da: aipatu bideo jokoetan asasinoen eta tenplarioen arteko ezkutuko gatazka etengabe bezala aurkezten da gure historia guztia. Konspirazioaren teoriak maite dituztenentzat amu ezin hobea. Bideo joko baterako, zer esanik ez. Jatorri zalantzazkoa duen birus ezezagun eta hilgarri baten garaian agertu daitezkeenak bezalako konspirazioak. Herritarron kontrola helburu, elkarte sekretu batek abiarazi izango luke dena. Erraz azaltzen dira gauzak horrela.

Egia esan, ez daukat ideiarik ere interes berezirik dagoen edo ez ditxosozko birus honen atzean. Baina auzokideen arteko elkartasun sareak eraiki dira, langileen presioak lortu du lantoki askotan pertsonen osasuna ekoizpenaren interesen aurretik jartzea. Jendea konturatu da lehentasunezkoa dela osasun sistema publiko sendo bat eta bertan lan egiten duten guztiei (garbitzaileak, sendagileak, erizainak, atezainak, sukaldariak...) eskainitako txalo zaparradak hunkigarriak dira. Herritarron zentzu ona elkartasunaren eta ongizate komunaren inguruan lerratzen eta indartzen ari da. Nahi dutena esango dute boteretsuen konspirazio bat ikusten dutenek honen guztiaren atzean. Baina hemendik herritarrak eta gure balioak aterako dira indartuta. Hartu abiada, kalera atera bezain pronto, irabaztera bidean jarri behar dugu! •