2020/03/28

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta
Benetako konfinatuak

XIV. mendeko izurri beltzak arrasto sakona utzi zuen Europako kulturan. Ezin jakin Covid-19 honen aztarna horrenbesterainokoa izango den, baina seguru handia izango dela hau ere. Itxialdiko lehen egunetatik sorkuntza adibide politak jasotzen hasi ginen, eta dagoeneko kulturazaleen ekarpenak ezin konta ahalakoak dira. Bilduko ahal dira inoiz, gaurko larrialdia eta osteko krisia gainditzen dugunean! Nire aldetik, urgentzietako osagilea ez naizen aldetik, itxialdia etxean pasatzen ari naiz. Horretara, kontsultako lana utzi behar izan dudanez, etxean sostengu beharra duen jendeari laguntzen aritzen naiz: bai lehendik tratatzen ari nintzen pazienteen jarraipena eginez, bai aholkua eskatu nahi digun edozein pertsona artatuz ere. Bistan denez, zuek ere kontakta nazakezue zuen egoera azaltzeko, eta galderak egiteko (beheko web loturan duzue kontaktua).

Indarrak lan horretara bideratzeak larrialdi egoera honetan bereziki zaurgarriak diren zenbait pertsonaren egoeraz jabetzeko aukera eman dit. “Gerra batean” gaudela ontzat ematen badugu (ez naiz eztabaida horretan orain sartuko), denok dakigu gerra klasikoaren lehen lerroetan trintxerak izaten direla, baina baita atzeragoardia ere. Orain begi guztiak abangoardian daude (larrialdietako osagileengan eta pandemiaren hedapenaren kontrolean), lehentasuna hori delako; baina bigarren lerroan gelditzen diren errealitateak itzalean geratzen dira. Horixe gertatzen ari da benetako konfinamenduan daudenekin: zaharrak, umeak, elbarriak.

Izan ere, Espainiako Aginte Bateratuak ezarritako neurriak benetan xelebreak dira. Teorian Europako konfinamendu gogorrena ezarri bada ere, praktikan neurri hori hautsita gelditzen baita ezarritako salbuespenekin: erosketak egitea, txakurrak paseatzea... eta larriena, lantegiak ez ixtea; horrek ekartzen duen jende-mugimendu handiarekin. Azken finean, ekonomia lehenetsi da osasun publikoaren aldean, arriskuan dagoen populazioaren bizitzaren kaltetan; baina horretan ere ez naiz sartuko, Espainiak epelak entzun beharko baititu zuhurtzia falta horren kontura, nazioarteko komunitate zientifikoaren aldetik. Hori baino, gaurkoa neurri “malgu-gogor” xelebreon ondorioz erabateko konfinamenduan dauden horiei eskaini nahi diet.

Espainian, beste herrialdeetan ez bezala, aisialdirako edo kirola egiteko kalera irtetea galarazi da. Horretara, Ipar Euskal Herrian itxialdia arintzeko kanpora haizea hartzera irtetea baimendu bada ere (osasun-segurtasun neurriak hartuta: bakarka, distantziak mantenduz...), Hegoaldean hori espresuki debekatu da, eta ez hori bakarrik: milaka polizia/militar jarri dira paseora ateratzen diren pertsonen “ehizan”. Tailerrak irekita mantentzen diren honetan, ba al da hori baino neurri absurdoagorik? Indar armatu horiek hobe leudeke paseatzaileei laguntzen, haiek jazartzen baino.

Izan ere, aipatu kolektiboei (zaharrak, elbarriak, haurrak) ez zaie errekaduak egitera, lantokira edo txakurrak paseatzera ateratzeko aukerarik ematen. Horrek, berandu gabe hainbat osasun arazo ekarriko dizkie (psikiatrikoak, hazkundekoak, kardiobaskularrak, osteoporosia...). Populazio hori “mutua” da gainera: ez du presentzia edo ahotsik komunikabideetan; horregatik, haien egoera ezkutuan gelditzen ari da, “arazo garrantzitsuagoen” aldean. Baina konfinamendu egoerak nahi baino gehiago iraungo duenez –eta ez paseatzaile furtiboen erruz, martxan mantentzen ari diren tailerrengatik baino–, pertsonoi ere irteera kontrolatuak egiteko aukera eman beharko zaie. Segurtasun baldintzak zorrotz mantenduz, bistan da (beste pertsona guztiek bezala): distantzia minimoa, denbora mugatua, infekzioen aurreko babesa... Benetako konfinatuek txakurrei aitortzen zaien errespetu maila bera merezi dutela uste baitut. •

www.abante.eus