2020/03/28

Isidro Esnaola
Hausnarketa eta estrategia kapitalismoa gainditzeko

Kapitalismoa salatzen urteak daramatzagu eta oraindik zutik jarraitzen du. Aurreko krisian amaiera ozta-ozta ukitu genuen atzamarren puntekin –horrela zirudien behintzat–, baina bizirik atera zen

Koronabirusak eragin duen pneumonia dagoeneko mundu osoan zehar zabaldu da eta gaixotasun berri horrek gure bizitza goitik behera aldatu du. Baina ez soilik gure bizitza, gure solasaldi guztiak ere kutsatu ditu. Ez gara kapazak gaiz aldatzeko: eragin ekonomikoa dela, neurriak direla, izurriaren zabalpena dela… hizketa guztiak birusaren bueltan mugitzen dira. Gaixotasunak gure gizartean izango duen eraginaren inguruko solasaldi amaigabe horretan, gero eta argiago antzematen dira bi jarrera nagusi.

Batzuek, Naomi Kleinen “Shock doktrina” laneko tesia jarraituz, elite politikoa eta ekonomikoa dagoeneko Covid-19ak emandako astindua kapitalismoa egonkortzeko erabiltzen ari direla azpimarratzen dute. Horrela, eskubideak murrizten ari omen dira alarma egoeraren aitzakiapean eta laster erreforma berriak gauzatzen hasiko dira. Oro har, pertsona horiek, indar gehiagorekin edo gutxiagoarekin, mota guztietako konspirazioa hipotesiak gehitzen dizkiote hausnarketa horri. Horrela, oraindik zehatz-mehatz ikusten ez bada ere, ardatz nagusietan gertatzen ari dena plan zital baten gauzapena dela sinisten dute. Eta egoera horren aurrean ikusten duten zeregin nagusia kapitalismoaren trikimailu berri hau gogor salatzea da.

Badira optimistago batzuk. Horientzat koronabirusaren krisia kapitalismoaren “jostura” guztiak txikitzen ari da eta sistema ekonomiko eta politikoaren ahuldadeak eta miseriak agerian gelditzen ari dira. Pertsona horiek uste dute Covid-19aren kolpea oso gogorra izango dela kapitalismoarentzat eta bestelako neurriak hartzera behartuta egongo dela epe motzean. Askok, adibidez, zorroztasun fiskalaren amaiera bide berriaren hasiera gisa ospatzen dute, nahiz eta funtsean ezer ez den aldatu: larrialdi egoerari erantzuna eman diote, besterik ez.

Kapitalismoa salatzen urteak daramatzagu eta oraindik ere zutik jarraitzen du. Aurreko krisian amaiera ozta-ozta ukitu genuen atzamarren puntekin –horrela zirudien behintzat–, baina bizirik atera zen. Garai hartako Estatu frantseseko presidenteak, Nikolas Sarcozyk, «kapitalismoa birsortzeko» deia egin zuen. Buruan zer zuen jakitea zaila da, baina kapitalismoak bizirauteko gaitasun handia erakutsi du azken hamarkada honetan. Beraz, beste mundu baten alde aritzen garenok, zintzarria jo beharrean, beharbada, hobe dugu hausnartzea eta estrategia eraginkor bat martxan jartzea. Dominak jaso eta arrazoi genuela esatea ondo dago, arrazoi hori edozein dela ere, baina horrek ez du besterik gabe eraldaketa ekarriko.

Konfinamenduak denbora ematen digu hausnarketa hori osatzen joateko eta estrategia berriak marrazten hasteko. Egoera ezohiko hau agerian uzten ari da ez bakarrik gure ekoizpen ehunaren ahuldadeak eta gabeziak, baita indarguneak ere. Era berean, errotuta ditugun ideologia eta balioen hierarkia erakusten du. Ildo horretan, etorkizunean gure ehun produktiboa berrosatzeak eta dibertsifikatzeak ez du ezertarako balio, baldin eta mantentzen badugu, adibidez, gure kontsumo eredua.

Maila politikoan, uneotan Estatuak helburu orokorrak finkatu ditu eta baliabide guztiak, ekonomikoak barne, lorpen horien zerbitzura jarri ditu. Botere politikoa botere ekonomikoaren gainean jarri da. Horrela behar du beti, ez bakarrik krisi bat iristen denean. Eta horrek demokrazia berrosatzea eskatzen du.•