2020/04/04

Kronika
 
AUTORITARISMOA INDARTU EGIN DU KORONABIRUSAK ARABIAR MUNDUAN

Bestela ere askotan bortxatzen diren giza eskubideentzat oso kaltegarria izaten ari da koronabirusa arabiar munduan. Izurriteari aurre egiteko hartu diren neurriek ez diete laguntzen ez askatasunei ez demokraziari. Populazioaren zaintza, hori bai, gero eta zorrotzagoa da.

joseangel.oria@gaur8.info
0404_g8_maroc1

Jordania da neurri zorrotzenak hartu dituen herrialdea. Gobernuak joan den igandean jakinarazi zuen instituzio guztiak itxita edukiko dituztela beste hiru aste. Etxeratzeko agindua bortxatzen duenari ibilgailua konfiskatzen diote

Yuval Noah Harari israeldarrak idatzi duenez, «izurritea gertaera gogoangarri eta erabakigarria izan daiteke, zaintza masiborako tresneria erabiltzeak herritarrak gero eta kontrol neurri intrusiboagoetara eramango dituelako»

Gizadiaren erdia konfinamenduan bizitzera behartuta dago koronabirus izurritearen eraginez eta kasu askotan herritarrak oso zorrotz zaintzen dituzte segurtasun indarrek, gaixotasunaren aitzakiapean. Baita gainerako herritarrek ere, egunotan urrutira joan gabe ikusi ahal izan dugunez. Populazioaren gehiengoak bat egiten du hartu diren neurri horiekin, baina begirale batek baino gehiagok gogorarazten du izurritea geldiarazteko abian jarritako ekimen batzuek oso ondorio kaltegarriak izango dituztela giza eskubideentzat.

Kezka hori oso nabarmena da Ekialde Hurbilean zein Afrikako iparraldean, herrialde horietan herritarren eskubideak betidanik oso ahul egon baitira. Gainera, leku horietako erregimenak oso autoritarioak izaten dira eta aginteari aurre egin ahal izateko herritarrek beren eskuetan dituzten baliabideak oso eskasak dira.

Azken hilabeteotako iraultzak

Koronabirusak aginduta, askatasun pertsonal batzuk mugatuta daude herrialde askotan, herritarrak puntu batetik bestera mugitzea batez ere. Eraginez, gaur egun ia erabat hutsik ikusten ditugu makina bat hiritako etorbideak.

Ia erabat idatzi behar, tarteka ibilgailu militarren bat ikusten baita, konfinamendua betearazi nahian. Kale nagusi, plaza eta etorbide horiek oso ezberdin ikusi genituen orain hilabete batzuk: manifestariz gainezka, benetako aldaketak exijitzen. 2019an Aljeria, Irak, Libano eta Sudango gobernuak erori egin ziren herri mobilizazioen eraginez, eta herritarren haserrea begi bistakoa da oraindik ere, herrialde horietan zein beste batzuetan ere.

Koronabirusa herrialde arabiarretan ere zabaldu da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, eremu horretan 42.000 pertsona zeuden kutsatuta joan zen asteburuan eta horietako 2.600 eraman zituen Covid-19ak. Datu horiek ikusita, nazioarteko erakundeak izurritearen aurkako neurri gogorragoak eta kudeaketa gardena eskatu zien agintariei. Mezuaren lehen zatia oso ondo ulertu dute gobernuek, baina bigarrena ulertzea gehiegi kostatzen ari zaie.

Denbora gehiegi egin al dute gauza guztiak ezkutuan kudeatzen? Agian horregatik politikari horiei garden jokatzeko eskatzea gehiegi izan daiteke. Baita jokoan dagoena herritarren osasuna izanda ere.

Jordania monarkia bat denez, bertan Abdullah erregeari tokatu zaio Gobernuari ahalmen bereziak ematen dizkion dekretua sinatzea. Militarrek beren ibilgailu blindatuak atera zituzten kalera eta ehunka lagun atxilotu dituzte dagoeneko etxeratzeko agindua behar bezala ez betetzeagatik (espetxe zigor gogorrak iragarri dituzte agintariek).

Autoak konfiskatu Jordanian

Jordania da neurri zorrotzenak hartu dituen arabiar herrialdea. Gobernuak joan den igandean jakinarazi zuen instituzio guztiak itxita edukiko dituztela beste hiru aste. Etxeratzeko agindua bortxatzen duenari ibilgailua konfiskatzen diote. Hamar milioi biztanle dituen herrialdean 259 lagun daude kutsatuta eta oraingoz hiru hildako baino ez dituzte zenbatu.

Arabiar munduko mendebaldean ere monarkia bat daukate. Marokon Armada hedatu dute Rabat hiriburuan, «larrialdi sanitario egoera» bete dadin bermatzeko. Berriketa gutxi horiekin. «Jendeak ordena eskatzen du. Aitzakia horrekin, koronabirusa dela-eta, Estatuaren zereginari politikoki zilegitasuna emateko operazio erraldoi bat ikusten ari gara», esan dio France-Presse agentziari bere izena eman nahi ez duen kazetari marokoar batek.

Marokoko erregimenak agindu duenez, izurritearen eraginez lanik gabe, diru sarrerarik gabe alegia, geratu diren familia pobreenei laguntza emango zaie datozen hiru hilabeteetan. Mohamed Benchaaboun ministroak emandako datuen arabera, lau milioi lagunek jasoko dute laguntza hori apirilaren 6tik aurrera.

Palestinarrei israeldar agintariek esandakoa betetzea beste erremediorik ez zaie geratzen. Israel potentzia kolonizatzaileak Shin Beth barne segurtasun zerbitzuaren izaera aldatu eta «terrorismoaren aurkako borrokan» egotetik, koronabirusari aurre egiteko herritarren datuak biltzera pasa da.

Kontrol neurri intrusiboak

Horretarako Shin Bethek Gobernuaren baimena jaso du. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren erabakiak eztabaida eragin du, sekulako krisi politikoa bizitzen ari den Israelgo gizartean. “Financial Times” egunkarian Yuval Noah Harari antropologo israeldarrak idatzi duenez, «izurritea gertaera gogoangarri eta erabakigarria izan daiteke, zaintza masiborako tresneria erabiltzeak herritarrak gero eta kontrol neurri intrusiboagoetara eramango dituelako».

Aljeriako protestaldiak izurritearen eraginez amaitu egin dira, oraingoz. Orain urtebete abian jarri zen giza mugimenduak gauza aipagarriak ere lortu ditu, baina oraingoz manifestariek etxean geratu beharra dute. Gobernuz kanpoko erakundeek jakinarazi dutenez, protestaldiak amaitu dira, baina Justizia Administrazioak martxan ipinitako zigor makineria ez da gelditu. «Hirak protesta mugimenduak mobilizazio guztiak bertan behera utzi ditu koronabirusaren eraginez, baina Gobernuak ez du eten errepresioa», adierazi du Twitter sare sozialean Eric Goldstein Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeko eledunak.

Demokraziaren aldeko ekintzaileak larri eta Abdelaziz Bouteflika iaz eroritako agintaria, berriz, Aljer hiriburutik gertu bizi da, Zeraldan, arreba eta medikuak ondoan dituela. Berak agintean egin zituen hogei urteetan izandako ustelkeriaren arduradun nagusitzat dute Hirak mugimendukoek. «Aljeriarrok ezin izango dugu orrialdea pasa Bouteflika epaitu arte», esan du Mohamed Hennad ekintzaileak.

Sektarismoaren aurkakoak

Libanon ere herri mugimendua birusaren biktima izan da. Hilabete luzez Beirut hiriburuko erdigunean antolatutako kanpaldian egin eta gero, Polizia joan zen astean joan zitzaien manifestariei, gauez jakina, eta karpa eta kanpin denda guztiak kendu zituen. Malek Kabrit Sabaa alderdiko eledunak Efe berri agentziari kontatu dio beraiek karpa bat zutela protestaldian, izurritearen aurkako neurriak hartu ziren arte, eta orduan utzi egin zutela mobilizazioa. Karpa plazan utzi zuten, etxerik gabeko herritarrek erabil zezaten.

Tunisiako egoeraren azterketak galdera asko uzten ditu. Bertako sistema demokratikoa oso berria da eta, horrexegatik, hauskorra. Ben Ali diktadorearen erregimenaren indarrik garrantzitsuena Polizia zen, begirale guztiek onartzen dutenez, baina, diktadoreak ihes egin ondoren ia ez ziren aldatu segurtasun indarrak, hurbilago dauzkagun beste “trantsizio” prozesu batzuetan gertatu moduan. Lehen polizia ziren asko orain ere halaxe dira.

Tunisiako Giza Eskubideen Ligak konfinamenduaren inguruko xehetasunak argitzeko eskatu du, jarduera arbitrarioak saihestu nahian. Izan ere, egunotan sarean zabaldu denez, Poliziak gogor jipoitu ditu kalera ondo justifikatuta ateratako herritarrak ere. Asteartean presidenteak jakitera eman zuenez, pandemia garaian kartzelak beteegiak daudela-eta, 1.400 preso askatuko dituzte. Aldi berean, izurritearen aurkako neurriak ez betetzeagatik mila lagunetik gora atxilotu dituzte.

Egipton ere egin zituzten 2011n diktadorearen aurkako mobilizazio ikaragarriak, baina orduan irabazitakoa eta gehiago, galdu egin zen hurrengo urteetan eta gaur egun zalantza izpirik gabe esan daiteke ez prentsa ez justizia independenterik ez dutela. Preso politikoen senideak oso kezkatuta daude, bete-bete eginda dauden kartzela zikinetan koronabirusak sekulako txikizioa eragin dezakeelako. Giza eskubideen aldekoek emandako datuen arabera, Egipton 60.000 preso politiko dituzte. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak iritzi delituengatik preso dauzkaten guztiak aske uzteko eskatu du, baina Kairok horietako hamabost besterik ez ditu utzi kalean.

Persiar golkoan ere giza eskubideen defenditzaile asko espetxean dituzte. Arabiar Emirerri Batuetako Ahmed Mansour eta Bahraingo Nabil Rajab ekintzaileak askatzeko eskatu dute. HRWk gogorarazi du kartzelak lepo daudela eta inolako higienerik ez dutela. Zerbitzu medikoak luxuzko produktu bilakatu dira. «Pandemia dela-eta, ez al da garaia kontzientzia presoak askatzeko?», galdetu du sarean Anwar al-Rashid Kuwaiteko ekintzaileak.