2020/04/04

Erreportajea
AFRIKA
Birala bihurtu da sarkasmoz eta ironiaz betetako feministen kanpaina

«Emakume beltza, benetako afrikarra zarela erakusteko minez erdituko zara». Gerra garrasi itxurako esaldi horretatik abiatu da Afrikako mendebaldeko herrialdeetan izugarri zabaldu den sarkasmoz betetako kanpaina feminista. Erditzeari buruz telebistak eskainitako saio batek piztu zuen sua.

Maria Rodriguez (Efe)
0404_g8femlogoa

Emakume beltza, benetako afrikarra zarela erakusteko minez erdituko zara». Gerra garrasi itxurako esaldi horretatik abiatu da Afrikako mendebaldeko herrialdeetan izugarri zabaldu den sarkasmoz betetako kanpaina feminista.

Boli Kostako telebistan erditzeari buruz eskainitako saio batek piztu zuen sua. Bertan emakume batek esaten zion beste bati benetako andre afrikarrak ezin zuela umea izan zesarea baten bitartez edo anestesia epidurala hartuta.

Hori entzun eta gero, Bintou Mariam Traore kazetari feminista haserretu egin zen eta horrela adierazi zuen Facebook sare sozialean otsailaren 26an. Berak orduan onartu zuenez, saio hark hausnarketak eragin zizkion. Bere burura etorri zitzaion feminista izateagatik ez dela benetako emakume afrikarra zenbat aldiz esan ote dioten eskubideen aurka dauden horiek.

Tankerako pentsamenduak beste askori ere etorri zitzaizkion burura, sare sozialetan izan ziren erreakzioak ikusita. Facebooken 5.000 jarraitzaile ditu Traorek eta bere mezuak berehala sortu zituen erantzunak. Batek baino gehiagok salatzen zuten egungo Afrikan “emakume ona” izatea zer kontsideratzen den. Pentsaera horri aurre egiteko sarkasmoa erabili zuten askok.

Arrakasta sarean

Sare sozialetan beren mezua erantsi nahi zuten erabiltzaileek #vraiefemmeafricaine etiketa (“Benetako emakume afrikarra”, frantsesez) erabili zuten. Egun bakar batean, birala bihurtuta zegoen eta handik aste batzuetara ez ziren oraindik erabat isildu oihartzunak Instagram eta Twitterren. Arrakastaren seinale!

Nabarmentzekoa da Afrikako leku gehienetan betiko ohiturek diotena betetzea izugarri garrantzitsua dela, neska batek zer izan behar duen eta nola portatu behar duen esango diotela tradizioek neskatilei, eta arau hori bortxatzera ausartzen direnak berehala salatzen dituzte. Oso zaila da feminista izatea. Eta aldi berean, inon baino beharrezkoagoa.

«Afrikako benetako emakume batek gutxienez mutil bat sortu behar du, bestela etxeko apaingarri bat besterik ez da. Ni: ‘A, bai! Apaingarri guztiak agurtu nahi ditut’», argitaratu zuen Facebooken bertan Meganne Lorraine Ceday Boli Kostako feministak.

«Postak argitaratzen ari zirela ikusi nuenean, neroni ere hasi egin nintzen, eta beste lagun batzuk, beste feministak. Hasiera batean jendeak ez zuen ulertzen zertan ari ginen. Sare sozialean azaldu behar izan nien», kontatu dio Efe berri agentziari Isabelle Otchoumare Beningo feministak. Norbait haserretu egin zitzaion, bere kontua pirateatu egin zioten-eta.

Sare sozial berean erabiltzaile batek modu honetan laburtu zuen egoera: «Afrikako benetako emakumeak gauza guztiak jasan eta irribarreari eutsi egin behar dio».

«Zure ezkontzan sufritzen ez baduzu, benetako emakume afrikarra ez zarela esan nahi du», idatzi du Twitteren Salimata Traore Maliko ekintzaile feministak.

Gizonak beldurtu

Sareetan #vraiefemmeafricaine etiketarekin batera plazaratutako argitalpen ezberdinetan ezkontzaren errealitatea salatzen da, langabeziarena, etxeko lanena, lan egiteagatik kobratzen duten kopuru urriarena, berdintasunarena, prekarietatearena eta emakumeek jasan behar izaten duten beste indarkeriena, betiere sarkasmoa arma bezala erabilita.

«Afrikako benetako emakumea, zer egin, doktoretza lortu arte ikasten jarraitu ala irakasle bihurtu? Nor ezkonduko da zurekin? Gizonak beldurtu egingo dituzu», idatzi zuen Twiterren Sakina Walet Maliko ume eta emakume behartsuei laguntzeko elkarte bateko presidenteak.

Isabelle Otchoumare benindarrak Efe agentziari telefonoz esan dionez, beraiek, ekintzaile eta feminista moduan, oso salaketa serioak egiten dituzte, baina herritarrek ez diete jaramonik egiten. «Beraz, pentsatu dugu ironia apur batekin lagunduta gure mezua hobeto iritsiko zaiola herritarrari. Eta berehala ikusi dugu umorearen eragina».

Edonola ere, ekintzaileak onartzen du herritar guztiak ez direla berdinak, «beren hertsikeria dela medio, batzuek ez baitute ezer ikasi nahi». Hala ere, «gure mezua salatzen badute, ukitu egin dituela esan nahi du».

«Benetako afrikar emakumea azkarra da eta, horrexegatik, beti feminismoaren aurka egongo da, ulertu baitu feminismoa zuriek antolatutako konplota besterik ez dela, emakume beltzaren eta gizon beltzaren artean liskarrak eragiteko sortutakoa», idatzi du, ironiarekin, Halimatou Soucko Maliko feministak.

Bintou Mariam Traorek berak gogoan du nondik nora sortu zen lehen ideia. Berak ez zuen buruan kanpaina bat abian jartzea, ezta pentsatu ere! Martxoaren 8rako, hau da, Emakumeen Nazioarteko Egunerako hamabi egun baino falta ez zirela hasi zen, baina ez kanpaina baten hasiera zelako, kasualitatez baizik. Kazetaria harrituta geratu zen bere etiketak izan zuen harrera ikusita.

«Alu ustel»

«Gauzak zein gaizki dauden salatzen duten emakumezkoak bazter guztietan aurkituko dituzu, baina beti deabrua izango balira tratatzen dituzte, beraien aurka egiten du gizarteak. Zortzi urte daramatzat sare sozialetan ekintzaile lana egiten, betiere beste emakume batzuekin batera. Burla egiten digute, gure izena zikindu egiten dute, iraintzen gaituzte: ‘feminista frustratu’, ‘ez zara inoiz ezkonduko’, ‘alu ustel’ eta antzekoak, badakizu», azaldu du Traorek.

Sarkasmoaren eta ironiaren bitartez egindako salaketek arrakasta handia izan dute eta sare sozialetan herrialde ezberdinetako emakume asko mobilizatu dituzte, batez ere frantsesez egiten duten lekuetan. Baina salaketa horiekin haserretu egin diren herritarrak ere badira, gizonezkoak gehienak. Traorek berak egin duen irakurketaren arabera, «feministen kanpainak gizonek gizartean dituzten pribilegioak zalantzan jartzen dituelako» izan dira era horretako erreakzioak. «Gure mezua ulertzen duten gizonak ere badira, beti izan dira emakumeen alde borroka egin duten gizonak, baina beti gutxiengo bat izanda».

Beninen kanpainaren aurka zeudenek, feminista belaunaldi berri baten ekimena zela esan zuten, eta bere helburu bakarra familiak suntsitzea dela. «Feministen inguruan gauza asko irakurri dugu; senarrik gabeko emakume moduan tratatzen gaituzte, sorgin moduan. Tamalez, eztabaida etxearen inguruan murgildu da eta esan dute fenomeno hau senarrik gabeko andreena dela, etxe eta familia guztiak suntsitu eta emakumeak dibortziatu daitezen animatzen dituztela», dio Otchoumarek.

«Senarrak sastakaia sartu eta lepoa mozteko mehatxua egin dizu. Baina ez dibortziatu. Barkatu eta otoitz egin gizona alda dadin. Dibortziatuz gero, ez zara benetako emakume afrikarra izango», idatzi zuen Halimatou Souckok.

Senarra salatu?

Mezu gehienak egunero sufritzen duten indarkeriaren ingurukoak dira. Nabarmentzen dute Afrikan ez dela begi onez ikusten “benetako emakume afrikar” batek bere senarra salatzea, nahiz eta bikotekideak jipoitu edo bortxatu, otzana izan behar du. Deborah Marie-Estelle Boli Kostako feministak esaldi bakar batean laburtu du egoera: «Benetako emakume afrikar bat izateko irizpideak: ikasketa maila txikia izatea edo eskolara inoiz joan ez izana, gizon batek hitz egiten duenean isilik egotea, gizona barkatu eta zu izorratu egurra eman edo bortxatuz gero, bakarrik hezi behar dituzu zure umeak. Zerrenda hau ez da sakona. Afrikako benetako emakumeok, osa ezazue!». Zer gertatuko da etiketarekin? Traorek berak ez daki emakumeek antolatzeko bidea hartuko duten, mugimendu horretatik zerbait aterako ote den... Ezta agintariek gogoan hartuko ote duten ere.

Otchoumareren ustez, «emakumeak hitz egiteko beldurrez dira, baina orain hitza bera askatzen da, emakumeek sufritu duten guztia salatzen dute eta, erronkak egon badaude ere, salatzeko ausardiari eusten badiote, txalotzekoa da».

«Afrikako benetako emakumea, zer egin, doktoretza lortu arte ikasten jarraitu ala irakasle bihurtu? Nor ezkonduko da zurekin? Gizonak beldurtu egingo dituzu»

«Zortzi urte daramatzat sarean ekintzaile lana egiten, beste emakume batzuekin batera. Burla egiten digute, iraintzen gaituzte: ‘feminista frustratu’, ‘alu ustel’ eta antzekoak, badakizu»