joseangel.oria@gaur8.info
ERREFUXIATUAK

Herrialde askotako eremuetan arrisku larrian bizi dira milioika pertsona

Osasun zerbitzuak, janaria, ura eta bestelako oinarrizko produktuak lortzea beti izaten bada zaila beren etxeetatik ihes egin behar izan dutenentzat, are zailagoa bihurtzen da koronabirusaren mehatxua egunero hazten ari den honetan. Errefuxiatuek ez dute beren burua babesteko ezer. Ezta berriz ihes egiteko aukerarik ere.

Koronabirusak erabat aldatu dizkigu gauzak, baina lehen ere ezer gabe bizi diren pertsona askorentzat ia ez da ezer aldatu. Oraingoz, behintzat. Diallo Ousseni Burkina Fasoko eremu batean bizi da eta bertan beti bezala daude: urez betetako palankanarik ez dute, ezta xaboirik ere, eta koronabirusaren aurkako prebentzio neurrien arrastorik ez da inon sumatzen. Mundu osoko puntu askotan errepikatzen den egoera da.

«Edateko urik ez daukagu, eta eskuak garbitzeko eskatu?», galdetu die Oussenik Efe agentziako kazetariei. Berak badu pandemiaren berri, irratian beste konturik ez omen daukate, baina planeta osoan izurriteak eragin duen giro arraroan, errefuxiatu honen inguruan ez dago gauza berririk, betiko baliabide falta kronikoa baino ez.

Orain urte batzuk Burkina Faso ez zen ageri ere egiten errefuxiatuak dituzten herrialdeen zerrendetan, baina iaz egoera hori erabat aldatu zitzaien. Jihadistak erasoak gero eta maizago egiten hasi ziren eta Burkina Faso hildako gehien dituzten herrialdeen sailkapenean laugarren postuan kokatu zuten. Aldi berean, beren etxeetatik ihes egin behar izan zuten herritarren kopurua ere ikaragarri hazi zen eta 800.000 lagunera iritsi da gaur egun.

Azken asteotan, gainera, beste marka triste bat hautsi du Sankararen herrialdeak: Afrika Beltzean koronabirusak hildako gehien eragin duen herrialdea da. Besterik ez zuten falta.

Ezjakintasuna Kenyan

Kenyako iparraldean dago Dadaabeko errefuxiatu eremua. Gaur egun 217.000 pertsona bizi dira bertan, baina orain urte batzuk milioi erditik gora iheslari hartzen zituen, munduko eremurik handiena bihurtu arte. Bertan badute ur garbia eta ez zaie xaboirik falta, baina Covid-19ak ez ditu kezkatu ere egiten.

«Jende asko dago benetan beldurtuta, baina beste batzuek uste dute izurritea hona ez dela inoiz iritsiko hemen sekulako beroa egiten duelako. Beste batzuek, aldiz, esaten dizute beraiek ez dutela inongo arriskurik musulmanak direlako», kontatu du Bapwoch Omot Oman etiopiarrak. Bere herrialdeko hego-mendebaldeko Gambella eskualdetik ihes egin zuen bere familiarekin. Orain 15 urte iritsi ziren Dadaabera.

Teorian, errefuxiatuek ez dituzte koronabirusak gaixotzeko beste herritarrek baino aukera gehiago. Baina beren bizilekuetan jasan behar izaten dituzten baldintza penagarrien eraginez, iheslarien eremuetan ezin zaio birusari eutsi eta lehenagotik ere beste gaixotasunak zituzten herritar guztiak arrisku larrian bizi dira.

Somaliako erdialdean dago Galkayo hiria. Bertan gerra ezberdinetatik ihes egindako 30.000 lagun inguru bizi dira. Musulmanak dagoeneko ez dira meskitara elkarrekin otoitz egitera joaten, koronabirusari aurre egiteko, baina gainerako gomendioak ezin dituzte bete: ez dute ez urik ez osasun baldintza egokirik.

Mahamat Seid Mugarik Gabeko Medikuen koordinatzaileak esplikatu du abian jarrita egon beharko luketen neurri prebentiboak hartu gabe daudela oraindik; iheslariek ordaindu egin behar izaten dutela edaten duten ura ere; eta kasu askotan zortzi laguneko familia osoa logela bakar batean pilatuta bizi dela.

«Nola izango dugu bada gure arteko segurtasun distantzia bat, gela berean hamar-hamabi laguneko bi familia bizi badira? Nola garbitu maizago eskuak, lagun eta egun bakoitzeko bizpahiru litro ur baino ez badituzu? Zer egin daiteke geratzen ziren erietxeak bonbardatu eta suntsitu egiten badituzte, Sirian eta Yemenen gertatu izan den bezala?», galdetu du Jan Egeland Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Erreskaterako Nazioarteko Batzordeak Japonian duela gutxi koarentenan jarritako “Diamond Princess” itsasontzia hartu du erreferentzia moduan koronabirusaren kutsadura abiadura neurtzeko. 3.711 pertsona zeuden barruan, eta dentsitatea ikaragarria zen. Gobernuz kanpoko erakunde horretako adituek egin dituzten kalkuluen arabera, itsasontzi horretan Txinako Wuhan hirian (pandemiaren sorburua) bertan baino zortzi aldiz bizkorrago zabaldu zen birusa. Beraz, Bangladeshko Cox’s Bazareko errefuxiatu eremuan kutsadura tasa larriagoa izango da, bertan itsasontziko dentsitatea bikoiztu egiten dute-eta. Eta are larriagoa Greziako Moriako eremuan, Erreskaterako Nazioarteko Batzordeko adituen arabera bertako dentsitatea oraindik altuagoa baita. «Erresistentziarako gaitasuna duen iparraldean egoera oso txarra bada, hamar aldiz okerragoa izan daiteke hegoalde hauskorrean», Jan Egelandek adierazi duenez.

Laurent Yves Saugy Nazioarteko Gurutze Gorriko eledunarentzat, erabateko hondamendia izango litzateke Burkina Fasoko errefuxiatuen artean koronabirusa agertuko balitz. «Eremu horietan kutsadura ehun aldiz okerragoa izango da, batzuek izarpean pasatzen baitute gaua, edo suntsitutako eskolen hondakinen artean, behin-behineko ostatua eraiki arte», azaldu du Saugyk, horrenbesteko kezkak aditua bera gaixotuta daukala onartu aurretik. «Kaya hirira bat-batean 80.000 pertsona iristean, urruntze sozialari eustea ez da batere erraza. Medikuen laguntza lortzea birusa hasi baino lehen ere oso zaila izaten zen errefuxiatuentzat. Pentsa nola dauden gauzak orain, koronabirusarekin», erantsi du Gurutze Gorrikoak.

Arratsaldeko zazpiak dira Dadaaben. Kenya osoan bezalaxe, etxeratzeko agindua ezarri da koronabirusari eutsi nahian. Bapwoch Omot Omanek esan du gauez ez dela kalean inor ikusten, baina jendea oraindik elkartu egiten dela futbolean aritzeko, otoitz egiteko edo lagunekin tea hartzeko. «Dadaabeko eremuan bizi ziren langile humanitarioetako batzuk beren etxeetara joan dira, familiarekin egotera. Oso gutxi geratu dira hemen», kontatu du errefuxiatu etiopiar beteranoak.

Berak itzultzaile lanak egin izan ditu Nazio Batuentzat. Azaldu duenez, erakunde askok alde egin zuten orain egun batzuk, errefuxiatuekin sinatuta zituzten kontratuak berritu gabe. Orain okerrago daude iheslariak, zuten diru iturri bakarra galdu egin dute-eta.

Munduko gobernu gehienek herritarren mugimenduak mugatu egin dituzte pandemiari eutsi nahian, baieztatutako kasuak milioika zenbatzen ari diren honetan. Joan den asteazkenean Johns Hopkins AEBetako Unibertsitateak eman zituen datuen arabera, egun horretan hautsi zen bi milioi kutsatuko marka. Lehen milioira hamabi egun lehenago iritsi ginen. Planeta osoan 128.000 lagunetik gora hil dira pandemiaren eraginez (asteazkeneko datua), iturri horrek jakinarazi duenez.

Datu horiek ikusita, ez da harritzekoa zenbait lekutan nazioarteko hegaldi ugari debekatu izana, mugak ixtea, herritarrak etxetik atera gabe edukitzea... hartu diren neurrietako batzuk aipatzeagatik. Ondorioz, nazioarteko erakundeek errefuxiatuei laguntzeko abian jarrita zituzten zenbait programa bertan behera utzi dituzte. Zirujau eta bestelako espezialista batzuk ez dituzten herrialdeetan, atzerritarren laguntza izaten dute normalean, baina egungo egoeran kasu askotan herrialdera iritsi ezinik geratzen dira.

Ibiltzeko baimenak

Errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde gehienek bertako langileak ere izaten dituzte, baina horiei ere asko kostatzen ari zaie etxetik lanera joatea: «Bide guztiak itxi egiten dituzte eta langile humanitario gehienak eremuetatik kanpo bizi dira. Kontrol horiek pasa ahal izateko salbuespenak, ibiltzeko baimenak, behar ditugu», eskatu du Jan Egeland Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Errefuxiatu eremuetan hornitzaileak kale egiten hasiak dira. Horrela hitz egin du Galkayoko Mahamat Seid Mugarik Gabeko Medikuen koordinatzaileak: «Aurreikusten dugu datozen egunetan arazoak hasiko zaizkigula, gure betiko hornitzaileek materiala inportatzea lortzen ez badute, gure jarduera egin ezinik geratuko baikara».

Matshidiso Moeti Osasunaren Mundu Erakundeko Afrikarako zuzendariak orain aste batzuk «pasabide humanitarioak» eratzeko eskatu zuen, osasun langileek behar duten materiala, larrialdietakoa eta medikuen ekipoak, beharra dagoen lekuetara arazorik gabe irits dadin, edozein herrialdek eskatuta ere.

 

«Osasun sistema osoa belauniko dago»

Jihadisten eta Burkina Fasoko Armadaren arteko borrokek ez dute etenik. Ez dago erasorik gabeko egunik, Isabelle Defourny Mugarik Gabeko Medikuen eledunak kontatu duenez. Gerra horri erantsi behar zaio bestelako indarkeria: lapurretak, mendekuak… «Baldintza horietan, nola mugatu indarkeriatik ihes egiten duten herritarren mugimendua? Tiroka hiltzeko beldurrez bizi den lagun bati, nola eskatu birus batengatik etxean geratzeko?», galdetu du. «Osasun sistema osoa belauniko dago», dio Defournyk, Burkina Fasoko egoera deskribatzeko. Medikuaren irakurketaren tankerakoa herrialde askotan egin daiteke. Errefuxiatu guztien %80 herrialde pobreetan bizi dira, oraingoz pandemiak gutxien kaltetutako lekuetan. Guztiek ezaugarri bera dute: izurriteari aurre egiteko baliabide falta. Gobernu eta erakunde askok ez dute ezer baztertzen, ezta aukerarik okerrena ere. Programa ugari geldiarazi dute, pandemiari aurre egin ahal izateko. Hala ere, Sahel probintziako Djibo herrian itxaropen bakarra dute: «birusa hona ez iristea», Emmanuel Bamogo bertako kazetariak esan duenez.

 

Libano txikian erregistratu gabe bizi diren siriarren eta palestinarren tragedia iragarria

Libano da bere lurraldean proportzionalki errefuxiatu gehien hartzen dituen herrialdea. Hamarkadak bertan egin dituzten milioi erdi palestinarrei, milioi eta erdi siriar erantsi zaizkie azken urteotan. Nazio Batuek egindako txostenen arabera, herrialdean bizi diren lau lagunetik bat iheslaria da. Siriarren kasuan, 1,5 milioi lagun bizi dira ondoko herrialde txikian eta horietako %40 erregistratu gabe daude Nazio Batuen agentzian eta, ondorioz, ez dute laguntzarik jasotzeko biderik: ez dirurik ez elikagairik. Duela gutxira arte, zerbitzu medikoak ere ukatzen zizkieten.

Jalid Malitek 41 urte ditu eta orain zortzi Siriatik ihes egin beharra izan zuen. “The Independent” egunkariari kontatu dionez, «erregistratu gabe daudenek ez dute inolako laguntzarik eta erabat etsita daude».

Libanon pilatuta bizi diren errefuxiatuek ez dute sektore askotan lanik egiteko aukerarik eta medikuarengana joateko ere beste edonork baino oztopo gehiago gainditu behar izaten dituzte.

Pandemia Libanoko itsasertzera iritsi aurretik, herrialdeak sekulako arazo finantzarioak zituen, krisi politiko kronikoa ahaztu gabe. Sistema goitik behera aldatzearen aldeko manifestariek ere mobilizazio ugari egin dituzte urteotan, azken boladan desagertu egin badira ere.

Koronabirusaren amesgaiztoa hasi aurretik, Munduko Bankuak kalkulatzen zuen 2020. urtea amaitu aurretik, erabateko pobrezian herritar guztien %40 inguru egongo zirela. Libanoko bertako ekonomialariek uste dute aurreikuspen horiek optimistegiak zirela orduan eta izurritearen eraginez itxiko diren enpresak kontuan hartuta, pobrezia tasa ikaragarri igoko dela. Tasa negargarri hori baino larriagoa zuten jada errefuxiatuek izurritearen aurretik. Nazio Batuetako adituek egin dituzten azterketen arabera, Libanon bizi diren lau siriarretik hiruk erabateko pobrezian bizi behar du. «Krisiak mundu osoa kolpatu du lehen aldiz eta oso gutxi daude guri laguntzeko moduan», adierazi du errefuxiatu palestinar batek.

Iman Huseinek 29 urte ditu eta Beirut hiriburuko hegoaldean dagoen Shatilako eremuan bizi da gaur egun, Damaskoko Yarmukeko eremutik ihes egin ondoren. Zazpi hilabeteko haurra du besoetan. Koronabirusari aurre egiteko ezarri diren oztopoak direla-eta, beldurtuta bizi da, umea gosez hilko ote zaion. «Nik ez daukat Nazio Batuen dokumentaziorik eta nire senarrak ere ez. Ondorioz, ezin dugu ezer egin, ez lanik egin ez herrialdean mugitu, elikagai laguntza lortzeko besterik ez bada ere –jakinarazi du palestinarrak–. Hau guztia etorri aurretik borrokan denbora asko egin dugu, baina orain benetan ikaratuta gaude. Umeak zazpi hilabete baino ez ditu. Ez dakit egoera honetatik bizirik nola aterako garen».