Juantxo Egaña

Rifen zauritutako euskal gazteak, Antiguako Txillardegi ospitalean

1914tik aurrera, Ipar Euskal Herriko milaka gazte bidali zituzten frontera behartuta I. Mundu Gerran. Batzuk mugaren alde honetara igaro ziren gerratik ihes egiteko. Gerra hartan Ipar Euskal Herriko 6.000 herritar baino gehiago hil ziren. 1918an amaitu zen gerra, gripe espainiarra agertu zen urte berean. Epidemiak 1920ra arte iraun zuen eta haren ondorioz milaka euskal herritar hil ziren. Uste denez, 16.000 euskal herritar inguru hil ziren pandemia hartan. Urte nahasiak ziren euskal gazteentzat, mugaren bi aldeetan. 1909az geroztik, Estatu espainiarra gatazka kolonial batean murgilduta zegoen Rifen. Milaka euskaldun, soldadutza egiteko garaian, haiena ez zen gerra batean parte hartzera behartu zituzten. Gerra bidegabea zen: 1936an kolpistak izango ziren jeneral espainiar batzuek Afrikaren zati bat berenganatu nahi izan zuten. Euskal gazte haietako asko ez ziren inoiz itzuliko. 1921eko uztailetik abuztura bitartean, Armada espainiarrak Annual eta Monte Arruit gotorlekuak galdu zituen. Haietan 12.000 soldadu inguru hil ziren. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1921eko irailean egina da. Txillardegi ospitalea da, antzinako baserria, ondoren Donostiako Antigua auzoko etxea. Rifeko gatazka kolonialaren garaian, Gurutze Gorriaren ospitale bihurtu zen. Ricardo Martinentzat jarrita, Rifen zauritutako zenbait gazte mojekin eta erizainekin.