Jean Sebastien MORA

AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKA: FRANTZIAR BURUHAUSTEA

Afrika Erdiko Errepublika munduko herrialde txiroenetarikoa da. 2013an Seleka iparraldetik etorritako talde armatuen koalizioak François Bozize lehendakariaren gobernantza irauli zuenetik gerla zibil baten menpe dago. Covid-19a sekulako mehatxua da herrialdearentzat.

Independentzia lortu aurretik Ubangi-Xari bezala ezagutzen zen Afrika Erdiko Errepublika, Frantziaren kolonia zen. 2019. urte hasieran bake ituna izenpetu zen bertan; aldiz, bortizkeriak eta hainbat talde armaturen erasoek ez dute etenik izan. Duela bi urte Errusia nabarmen aritu zen bertan, milizia pribatuen bidez Indar Armatuei armak salduz. Geroztik hondamenean dago herria, Bangi hiriburuko politikariak horren erantzule direla; bestalde, Parisek bere ohiko eremu babestuarekiko erakutsi duen jarrera berriz ere galdera eta kritika iturri da.

Bangiko PK5 (5 puntu kilometrikoaren laburpena) auzoan arnasten den airea ez da batere sanoa, borrokaldi luze baten ondorengo ke eta errautsez beterik dago. Hildakoak zenbatzen dituzte oraindik. Frantziar hedabideak urrun zeuden iazko abenduaren 26an, miliziano eta merkatari batzuen arteko liskarrak 30 pertsona heriotzara eraman zituenean. Afrika Erdiko Errepublika munduko herrialde txiroenetarikoa da eta, gainera, 2013an Seleka koalizioak Bozize lehendakariaren gobernantza irauli zuenetik gerla zibil baten menpe dago.

Garaian, musulman asko eta iraultzaren buruak Bangiko PK5 auzoan erbesteratu ziren. Errepresaliei aurre egiteko autodefentsa taldeak sortu, beren barne arauak finkatu eta Nazio Batuen Minusca misioaren kontroletik at gelditu ziren. Inor ez du harritu azkenengo sarraskiak: Panpoxa goitizeneko Bangiri izen berria eman diote, Suziria, eta oraindik etxeratze agindua ezarria da bertan, beti errebeldeen eta gobernuaren aldekoen arteko eraso mehatxua dagoelako hiriburua. Hala ere, 2016an Sangaris frantziar misio militarra bukatu zenetik Afrika Erdiko Errepublika ez da kasik batere agertu frantses medioetan. Alta, usu eta modu errepikakorrean esku hartu du Parisek kolonia ohian, batean estatuburua kanporatzeko, bestean gobernadore “lagun” bat tokian jartzeko, edo iraultza bat zanpatu bezain pronto beste bat bultzatzeko...

2020ko abendu bukaeran egin beharko lirateke lehendakaritzarako eta parlamenturako hauteskundeak. Pentsa daiteke kargutik kendua izan zen Bozizek bozetara aurkezteko helburuarekin orkestratu duela bere itzulera.

2017az geroztik Paris eta Moskuren arteko eragin-guduka berezi bat jokatzen ari da. Kremlinek armak eskuratu zizkien matxinoei eta 2019ko otsailaren 6an izenpetu zen bake itunean partu hartu zuen. Khartumgo Itunak gerlako buruei inpunitatea ematen die eta gobernuan postuak baimentzen dizkie, batik bat lehendakari kargua. Ofizialki 400 militar zabalduak dituelarik bertan, Afrika Erdiko Errepublika kontinenteko benetako errelebo bat da Errusiarentzat. Falta zena, bielorrusiar eta txetxeniar mertzenarioak baitabiltza oinez hiri-erdiko kaleetan; europar bakarrenetarikoak dira kaosaren erdian.

Berengon gaude, hiriburutik gertu, Bokassa I.a enperadore ohia bizi zen gazteluan. Eraikina militar esparru bihurtu dute; errusiar irakasleek FACA Afrika Erdiko Indarrak formatzen dituzte bertan. Lehen, Bokassaren garaian, dena oparo eta girgileri baldin bazen, gaur lapurretak eta euri ekuatorial bortitzak pasa zaizkio gainetik, dena suntsituz. Laster batean ikusten da errusiarren helburuak ez direla garbiak: Wagner errusiar mertzenario taldea aritzen da herrialdean, duela gutxi Siriako gatazkan eta Ukrainiako Donbasseko gerlan parte hartutakoa. Dmitri Outkinek sortu zuen Wagner sozietatea, AEBetan giltzapetuta duten eta Putinen ahaide den Evgueni Prigojine errusiar oligarkak finantzatzen duena.

Odolezko diamanteak

Berengon, irakaspen militarrak ez ditu ohiko kodeak erabiltzen. «Errusiar formatzaileek gerla buruzagiak dirudite: ez da agur militarrik egiten, batzuek ez dute ez uniformerik ez gradurik», dio Pierre FACAko buruzagiak. Harresi belztu eta zaharkituen oinetan, denen begi bistan egunero gertatzen dira diamante erosketak. Odolezko diamanteak dira, harribitxien komertzioa debekatua baitago eremu honetan, 2013an sortu zen Kimberley prozesua medio.

“The New York Times” egunkariaren esanetan, Moskuk Khartumgo Ituna izenpetzea lortu badu, errusiar agenteak, Prigojine barne, diamanteak lortzeko errebelde odoltsuekin elkartu direlako izan da. Bertako egoera nahasia erabili dute FACAko militarrak, nahasmena deuseztatzeko aitzakiarekin, formatu ahal izateko ere.

2018an, Wagnerrek eta Prigojinek Erdialdeko Afrikan jokatzen duten papera ikertzen ari ziren hiru errusiar kazetari erail egin zituzten, oso egoera susmagarrietan. Bangik inkesta bat hitzeman zuen hilketa argitzeko, alta ez da bururaino eramana izan.

Nola liteke bestela? Oraingo Afrika Erdiko Errepublikako lehen ministro Firmin Ngrebada Moskurekin egin diren topaketa diplomatiko guztietan presente izan da: ministerioetako gibelaldeetan esamesek diote errusiarrekin Sudan eta Ugandatik pasatzen den diamante sare bat eraiki duela. Erran behar da ere Errusiak Kimberley prozesuaren lehendakaritza bere gain hartu duela 2020rako, eta argiki erakutsi duela prozesua malgutzeko nahia.

Estaturik gabeko herria

Moskuren presioez gain, kontuan hartzekoa da herrialdeko lurraldearen %70 talde armatu aurkariek kontrolatzen dute. Hori dakigularik, nola iker lezake Afrika Erdiko Errepublikak errusiar kazetarien heriotza? Lau urte lehenago frantses argazkilari Catherine Lepage hil zuten Bouar hiritik hurbil.

Touadera lehendakariaren Afrika Erdiko Errepublika eskas larrietan den oskol hutsa da: eskas dira oinarrizko egiturak, Polizia formatu bat, administrazio langile konpetenteak… Ministerio batean sartzea nahikoa da jabetzeko. Herrialdearen mapa ofizialak ere faltsuak dira, ia desagertu diren oihanak eta erreserba naturalak erakusten baitituzte. Herrialdearen ekialdean Sudaneko liberak ordezkatu du CFA frankoa, eta arabierak ofiziala den sango hizkuntzaren lekua hartu du. Estatua larrialdi handian da, mailegu emaileek ordaintzen dituzte funtzionarioen lansariak eta Minuscak bermatzen du segurtasuna.

PK0 (0 puntu kilometrikoa) enbaxaden auzora begiratzen ez bada, Bangik txabola auzo erraldoia dirudi. Denetan zur eta burdin txapa zatikatuak, laterita lur gorrizko hodei hauts batek estaltzen ditu inguruak. Oinez bakarrik ibiltzen bada europar bat, noizbehin palma-arnoz horditutako polizia baten xantaia jasan beharko du. Estatuaren gabeziaz aldentzeko hiriburutik ateratzen denak, beste estrategiarik gabe, bakar-bakarrik moldatu beharko du.

Ospitale bat ikusi ahal izan dugu Afrika Erdiko Errepublikako mugako Bangandu hiri ahantzian: botiken jatorri susmagarria, tresna esterilizatu gabeak, medikurik ezean erizain bat ebakuntza egiten inongo segurtasunik gabe. Izan dadin bizi esperantza ala garapen indizea, hemen biak munduko baxuenetarikoak dira.

Bere baliabideak ostuta

Euriteen sasoia bukatua da Afrika ekuatorialean, hodei beltz pisuak zuhaitz adarretan nahasten dira inoiz lehertu gabe. Horren pean, oihanak huts biluzi dira ordea: 2013az geroz, hemen diren talde armatuek bertako aberastasunak ostu edo bipiltzen dituzte, abereak ere ezkutuan ehizatuz. Gosea pasatzen dute, beraz, bertako pigmeoek eta bantu herrien periferietara doaz erbestean: askok esklabo izaten bukatzen dute. Bangandun eskasia muturrekoa da, aberastasuna eskupean duten arren, diamanteen ustiaketa legeztatua baita 2015etik.

Egunero gurutzatzen ditugu galerianoak Lobaye ibaiaren inguruan: pala eskuan eta oinak lohian. Izan ere, harribitxien merkatuak ez ditu lanean ari diren herritar jorratzaileak aberasten. Noizean behin ikusten dituzte piramideko goienekoak, 4x4 ibilgailu erraldoietan sartuta. Beraiek kobratzen dute negozioaren benefizioa, Dubai edo Anberesera joan-etorria egin ondoren.

Minen ondoan merkatu bat dago, elikagaiak salgai: manioka eta ignamea soilik. Kafe, kakao eta kotoi ekoizpenak hain dira urriak, non Bokassa enperadorearen garaiko laborantza planifikazioa gogora ekarri duen Marie bantu etniako saltzaile zaharrak.

Ondasunak gutizia handiak sortu ditu. Ghislain Makango diputatu «ohoragarri» izendatzea nahi duenak lasaiki mehatxatzen ditu pasatzen diren langile humanitario eta ikerlari zientifikoak. 2017an Dewy diamanteak ustiatzen dituen txinatar konpainia instalatu zen Lobayen. Aldi berean, Afrika Erdiko Errepublika-Txina laguntasun batzordeko lehendakari bihurtu zen Makango, interesekin.

Bakartua eta madarikatua

Kolonien garaian, Frantziak herrialdea administratzen zuen urrundik, distantziaz; gehiago egiteko dirurik ez zela argudiatzen zuten, egiaz desinteres handia erakusten ziotelarik. «Boli eta kautxu apur bat, besterik ez da ezer itxoiten ahal Ubangitik. Ogi mokor baten truk uzten dizkiegu sozietate anonimo batzuei, beraiek hitzez hitz ustiatuko dituztelarik herria eta bere biztanleak», Jean-Pierre Tuquoi kazetariaren hitzetan, “Ubangi-Xari, existitzen ez den herria” liburutik.

Catherine Coquery-Vidrovitch ikerlariak zera dio: «Denentzat doia bazen: kolonoek baliabide gehiago zituzketen, merkatariek langileak eta mozkinak, eta indigenak hartuko luke horrela eskasean zuen lanaren gustua».

Joan den urtarril bukaeran, “Centrafric matin” egunkariak galdetzen zuen: «Zer nahi du benetan Frantziak herri honetaz eta bere biztanleez? Genozidioa?». “Ndjoni Sango” egunkariak, berriz, bere webgunean zioen “Frantziak erabaki du Afrika Erdiko Errepublika madarikatzea medio guztien bidez».

Egun, Le Drian Atzerri ministro frantsesak egin hitzaldia gorabehera, Exekutiboak Afrika Erdiko Errepublika kostu apalean ustiatzeko nahia du, eskupetik eta isilka. 2010ean adibidez, CIAN Afrikan Inbestitzaile Frantsesen Kontseiluak (kolonia garaitik etenik izan ez duen sindikatu patronala) bere kideen egoera honela laburbildu zuen: «Irabaziak onak izan dira 2009an, salbuespen zenbaitekin. Hobera joan dira ere bost herrialdetan (Algeria, Tunisia, Mali, Togo eta Afrika Erdiko Errepublika). 2010ean, aurreikuspenen arabera, errentagarritasunak igo behar luke hogei herrialdetan bederen».

Erdialdeko Afrikako jendea frantsesez nabarmen mesfidatzen bada, gehiago Françafrique izeneko politika neokolonialarengatik. Aipa ditzagun independentziaren ondorengo frantsesen zortzi militar operazioak, eta bereziki Txadetik, iparraldetik gidatutako kordokarazteko maniobra ez-ofizialak.

Izan ere, Idriss Deby “Frantziaren lagun” den Txadeko estatuburuak eraman zuen militarki boterera François Bozize (2003), hamar urte berantago bere aurka itzuli aitzin Selekako errebeldeak sostengatuz. Asanblea Nazionaleko lehendakari ohi Abdou Karim Meckassoua, Debyren hurbilekoa, talde armatuak diruztatzeaz susmatua da erregularki. «Meckassoua frantses sareen irudi zentraletako bat da. Txadeko Deby eta Kongoko Denis Sassou Nguesso auzokide indartsuekin oso harreman onak ditu, baita Le Drian Atzerri ministroarekin ere», Landry Nguema-Ngokpele Bangiko egunkari bateko editorialgilearen arabera.

Denbora pasa arren, Frantziaren historia koloniala beti pisu bat da. Thierry Vircoulon ikerlariak honela aztertzen du: «Parisek interes ekonomiko eta militar gehiagorik ez duela ozen badio ere, Estatuaren aldentze politika azkar irauli da errusiarren ofentsiba tarteko». 2018an, Afrikan 300en bat soldadu zituen Frantziak, 24 milioi euroko laguntza eman zuen eta 1.400 eskopeta banatu zizkien FACAkoei. Kremlinen eragina oztopatzeko frantziar Gobernuak Afrika Erdiko Errepublikari gehiago laguntzen badio ere, Brusela bihurtu da herrialdearen mailegu emaile nagusi: «Europar Batasunak erabaki du Polizia, Jendarmeria eta aparatu judiziala diruztatuko dituela, hau da, inolaz kontrolatzerik ez dituen eta aberastasun lehien sistemaren gako diren egiturak», dio Vircoulonek.

Erdialdeko Afrikan mailegu emaileek ezikusiarena egiten dute, baina, Nazio Batuen txosten anitzen arabera, Afrika Erdiko Errepublikako Estatuaren aurrekontuaren ia %60 Exekutiboak berak bidegabeki erabiltzen du. Beste paradoxa bat: Frantziaren jarrera erregularki kritikatzen duen elitean, gehien-gehienek frantses eta afrikaerditar nazionalitateak dituzte, Parisen edo Suitzan ondasunak dituzte eta ikasketak egitera denek beren seme-alabak Europara bidaltzen dituzte.

Prentsa oso ahula da, pisurik ez du, lau biztanletik hiru oraindik analfabetoak diren herrian. Egiaz, gizarte zibila ahula da, ez da benetako kontrabotere bat. Askorentzat, Nazio Batuek eta mailegu emaileek elikatzen duten «altxorra» erdiesteko bidea besterik ez da.

Fikzioaz gaindiko ustelkeria

Afrikako herrialde frankofono gehienetan bezala, Bangin ere merkatariak libanoar maronitak dira. Eta diru-zuritze aukerek mugagabeak dirudite. Tokiko diamante saltzailea Aziz Nassour libanoarra da, “The Guardian”-en arabera Al-Qaedaren diruztatzailea, Mobutu diktadorearen kolaboratzaile hurkoa eta Charles Taylor gerla-buruaren ondokoa Sierra Leonan (2004an, belgikar justiziak, legez kontrako diamante salmenta eta paper faltsuak egiteagatik zigortu zuen). Sinesgaitza badirudi ere, Nassour aldi berean Al Madina libanoar sozietateko zuzendari nagusia da, hau da, Afrika Erdiko Errepublikako Finantza ministro H. M. Dondraquirekin paper administratibo ofizial ugari (nortasun agiriak, egonaldi baimenak, gidabaimenak) ekoizteko kontratua sinatu duen sozietatea.

Touaderaren esferakoen kezka nagusia ahal bezain fite aberastea da, ez gerra ez bakea ez den egoera berriz gerla zibil bilakatu aurretik. Afrikan beste inon ez bezala, Afrika Erdiko Errepublikak bere herriari bi Goncourt Literatura sari irabazarazi bazizkion –Rene Maranek 1921an eta Georges Conchok 1964an–, aldi honetan Ubangi-Xari ohiaren errealitateak sinesgarritasunaren mugak pasatzen ditu.