joseangel.oria@gaur8.info
TURKIA

Ankarako Gobernuak zigortutako sortzaileak salbatzeko azken deialdiak

Kurdistango familia batean sortu zen Helin Bolek Yorum taldeko abeslaria, ia 300 egun gose greban egin ondoren, iragan apirilaren 2an hil zena. Erdogan presidentearen erregimenaren gabeziak agerian uzten dituen artista horietako bat zen, ezerosoa agintariarentzat, lotsagabeegia meskitakoentzat.

Urtebete gose greban egin duen Ibrahim Gokcek Yorum musika taldeko kidea eta Ebru Timtik eta Aytac Unsal ÇHD elkarteko abokatuen biziak salbatzeko deialdiak egin dira egunotan. Azken asteotan beste bi preso politiko hil dira Erdoganen kartzeletan, benetako justizia exijitzeko. Bobby Sands irlandarra bezala, «amaitu gabeko abestiak» dira, Anatoliako komunisten iritziz.

Yorum musika talde arrakastatsu eta iraultzailearen mezuak eta erritmoak, jarrerak, konpromisoak, ausardia… Hori ez da Erdoganen Turkian onartzeko modukoa.

Taula gainean 35 urte eta 55.000 lagun elkartzeko gaitasuna (taldearen 25. urteurrena ospatzeko Istanbul hirian egin zen jaialdian, 2010eko ekainean), erritmo kurduak eta turkiarrak rockarekin nahastuta... eta orain atzerabiderik ez duen urratsa egin dute.

Helin Bolek Yorum taldeko abeslaria apirilaren 3an zendu zen, 288 egun baraualdian egin ondoren, Istanbuleko Küçük Armutlu auzoko Erresistentziaren Etxean. Berak eta Gokcekek atxilotuta dauden taldeko kide guztiak askatzeko eta taldearen gaineko debekua altxatzea exijitzeko (ezin dute turkiar Estatuan kontzerturik eskaini) gose greba hasi zuten.

Bi artista eta ekintzaileak orain urtebete inguru atxilotu zituzten, Istanbuleko Idil Kultura Zentroan. DHKP-C Herriaren Askapenerako Fronte Iraultzaileko kide izatea leporatu zieten, hau da, Ankarak terroristatzat duen erakunde bateko kide. Irregulartasunez betetako epaiketa batean zigortu zituzten, Erdoganentzat ezeroso diren guztiekin egiten duten moduan, alegia.

Beren egoera injustua nabarmentzeko, hasiera batean gose greba hasi zuten, gerora «heriotzaren baraualdia» bihurtuko zutena.

Kalean

Agintariek, hazten ari zitzaien arazoa indargabetu nahian, Helin Bolek iazko azaroan askatu zuten, eta Ibrahim Gokcek aurtengo otsailaren 24an. Hala ere, bi artistek baraualdian segitzea erabaki zuten, Yorum ezkerreko musika taldearen aurkako jazarpenari amaiera eman arte.

Boleken heriotzaren berria zabaldu zen egunean, ilunabarrean, makina bat herritarrek omendu zuten abeslaria. Emakumeek eraman zuten hilkutxa, bizkarrean jarrita. Krabelinek estaltzen zuten kutxa. Aygül Bilge Bolek abeslariaren amak Tayad presoen senideen elkarteko kideen laguntza izan zuen. Cemeviko lorategian egindako ekitalditxoan, elkartutakoek “Bize Ölüm Yok” (“Guretzat ez dago heriotzarik”) izenburuko abestia kantatu zuten. «Helin Bolek hilezina da», «Gora gure erresistentzia» eta «Yorum taldea herria da, ezin da isilarazi», oihukatu zuten ekintzailearen lagunek eta senideek.

Ibrahim Gökçek bera ere bertan izan zen, bere gurpil-aulkian jarrita. Borroka honetatik «garaile» aterako direla esan zuen, «kosta ahala kosta», eta Yorumekoek, azkenean, berriz kontzertuak emateko aukera izango dutela.

ANF berri agentziak emandako informazioaren arabera, Seher Adigüzel Yorum taldeko kidea ere hildakoari azken agurra ematera joan zen: «Gaur Helinek begiak itxi ditu guregan konfiantza duelako. Borroka irabaziko dugula zin egiten dugu».

Mustafa Kocak

Azken asteotan hil den bigarren gose grebalaria 28 urteko Mustafa Kocak presoa da. Apirilaren 24an zendu zen, 297 egun baraurik egin ondoren. 2017an biziarteko zigorra ezarri zioten epaileek, DHKP-C talde armatuari fiskal bat hiltzeko arma bat eman izana leporatuta. Lekukotasun sekretuak, hau da, defentsak ezagutzeko aukerarik izan ez dituenak, erabili ziren Kocak zigortzeko.

«Epaiketa justu bat egiteko exijitzeko 297 eguneko gose greba eginda hil da Mustafa Kocak», jakinarazi zuen bere abokatuak. Horixe eskatu zioten Auzitegi Gorenari ere.

 

«Helin bizirik dago arte konprometituan»

Dozenaka musikarik esku hartu izan dute 35 urteotan Yorum taldearen ibilbide arriskutsuan. Agintariak gehiegi estutzeagatik, taldeko 30 kide inguru atxilotu ditu noizbait Turkiako Poliziak; eta 11 aldiz sartu dira uniformedunak musikarien lokalera.

Diyarbakir (turkieraz) edo Amed (kurdueraz) Ipar Kurdistango hiriburuko familia batean sortu zen Bolek, Istanbul hirian, 1992an. Bere heriotzaren berri izatean, milaka lagunek beren dolumina agertu zuten sare sozialetan zein kalean. Nazioartean ere izan zen erreakziorik. Paco Cela Seoane preso politiko ohi eta komunista espainiarrak nabarmendu zuenez, «Helinek bizitza betea izan du. Erabakigarriena ez baita zenbat urte bizi, nola bizitzen dituzun baizik. Victor Jarak esan bezala, bizitza betiko da bost minututan. Bost minutu horietan, Helinek bere herriaren maitasuna irabazi zuen». Pablo Hasel abeslariak egin duen abesti batek dioenez, «Helin bizirik dago arte konprometituan».