Iñaki Soto

Agertokien araberako eztabaida publikoa, benetan

Mahai gainean bi aukera jartzea eta horietako bat txorakeria hutsa dela irudikatzea ez da agertokien arabera jokatzea, baizik eta tranpa egitea eta jendea tontotzat hartzea. Koronobirusaren harira, ugariak dira horrelako argudioak ematen dituzten agintariak. Konbatitu behar den joera iruditzen zait. Benetan, uneotan, agertoki posibleen araberako eztabaida publikoa behar dugula uste dudalako. Ziurgabetasunari aurre egiteko, ez dago hipotesiak tesi mugiezin gisa formulatzen dituztenez fidatzerik.

Horrek ez du esan nahi liderrak zuzenak eta sendoak izan behar ez direnik, ezta gutxiago ere. Gidatu nahi duenak aukerak hobetsi behar ditu, argudioak eta azalpenak eman behar ditu. Argi eta garbi, baina tentuz.

Aukera bakarren kontra

Nire ustez, normaltasunerako itzulera geldoan baina etengabean ari garela dioten horiez fidatzerik ez dago. Adi, ezta mundua halabeharrez pikutara doala diotenez ere. Zalantza daukat, ezkerrarentzat azken horiek ez ote diren arriskutsuagoak. Hain dira negatiboak, beti agertokirik okerrena hobesten dutela dirudiela. Jende askok behintzat horrela ikusten ditu, katastrofeari deika bezala. Oso jokabide nerabea da.

Polarizazioa

Askoren ustez, une historiko honen arazo nagusietako bat jendarteen polarizazioa da. Batez ere Mendebaldeko munduaren barne polarizazioaz ari dira, hain zuzen. Zenbaiten kasuan, bloke horren eta gainontzeko herrialdeen arteko polarizazioa indartzen zenean ez zeuden orain dauden bezain kezkatuta. Polarizazioa kontrainsurgentziaren ardatzetako bat izan dela oroitu behar da.

Batzuentzat polarizazioa bera negatiboa da. Beste zenbaitentzat, gaur egungo indar erlazioak kontuan hartuta, polarizazioaren emaitzak dira txarrak. Edozein kasutan, haserrea eztabaida publikoaren ezaugarrietako bat bihurtu dela ukaezina da, eta egitate kezkagarria da.

Horrekin batera, erreakzionarioak izateko aukerak indartzen ari dira. Esaten denari baino gehiago, nork esaten duenari begiratzen diogu sarri. Horren arabera, alde edo kontra egongo gara, zorrotz gainera. Jokabide hori jendarte batentzat mortala dela iruditzen zait.

Sinplifikazioa

Gauza konplexuak «oso errazak» direla esateko joera indartzen joan da. Igoal dio zertaz ari garen: gerraz, birusez, hezkuntzaz, kirolaz… Beti eta gauza guztien aurrean erantzun borobil bat izateko beharra ez da bideragarria. Jakina gauzak hobeto ulertzeko sinplifikatzea ona dela, baina gauzen konplexutasuna ulertzeko ditugun gaitasunak areagotzeko lan egitea ere beharrezkoa da.

Uneotan sinplifikazioaren kontrako joera ere borrokatu behar da. Alegia, «hain zaila da zuek ez duzuela ulertuko eta utzi guri erabakiak hartzen» dioen posizio politikoa. Teknokratak beti daude agintea hartzeko prest. Interes handiak babesten dituzte.

Alternatiba, benetako agertokiak azaltzea

Agertokien arabera gauzak planteatzea ez da erraza. Lan handia eskatzen du eta gainontzekoekin eztabaidatu aurretik norbere buruarekin negoziatzera behartzen zaitu. Ikuspuntu emankorragoa iruditzen zait, ordea. •