Koldo Sagasti

Betiereko konfinamendua hausten

Azken asteotan koronabirusak eragindako salbuespenezko egoerak hankaz gora jarri digu bizimodua. Komunitatearen ongizatearen izenean sekula ezagutu gabeko eskubide zibilen murrizketak ezarri dizkigute, ustez behin-behinean. Hilabete eta erdi luzez etxean geldiarazi gaituzte, kalean askatasunez mugitzea eragotzi digute eta maite dugun jendearengandik banandu gaituzte. Eta hala ere, gure bizimodu pribilegiatuak astindu ederra jaso badu ere, nekez imajina dezakegu zer litzatekeen horrelako konfinamendu egoera zenbait urtez, hamarkadaz agian, luzatzea.

Shatilan ondotxo dakite. Beiruteko (Libano) errefuxiatuen kanpamendu horren izena historiaren orrialde beltzetan odolez izkiriatuta dago, 1982an Falange Libanoar Kristauak eta Israelgo Armadak azken mendeko sarraski ankerrenetako bat burutu zutenetik. Bizitza ez da sekula erraza izan testuinguru horretan jaiotako gazteentzat. Iragan udan ezagutu nituen eta orrialde hauetan idatzi nuen Basket Beats Borders ekimenaz. Proiektuak Shatilan du sorburua eta jatorri ezberdinetako neskak biltzen ditu saskibaloiaren inguruan, elkarbizitza eta aisialdi alternatiba bat eskaintzeko. Orduan, Euskal Herrian egindako biran, euren kirol jardunaz gain, emakume errefuxiatu gazteen errealitatea ere ikusarazi ziguten.

Orain, haien berezko bizi baldintza gogorrek okerrera egin dute pandemiaren erruz. Libanok 2019tik dakarren krisiaren ondorioz oinarrizko lehengaien prezioa izugarri igo da, eta horri gehitu behar zaio berrogeialdiak behartutako itxialdia. Gauzak horrela, saskibaloi proiektua ekimen humanitarioa bilakatu eta crowfounding kanpaina jarri dute martxan. Aste gutxitan errefuxiatuen kanpamenduko 50 familia oinarrizko elikagai saskiekin hornitzeko adina diru biltzea lortu dute. Aurten, nekez errepikatuko dute munduan zeharreko bidaia, baina ederki erakutsi dute euren betiereko konfinamenduaren mugak hausten dakitela. •